"TECNALIAren aitorpenak kalitatearen arloko estandar europar zorrotzenak betetzen direla egiaztatzen du"
Aitorpenak egiaztatzen duenez, BOIX CLT izeneko zurezko egitura-produktuak Europako estandar zorrotzenak betetzen ditu kalitatearen, egitura-segurtasunaren eta ekoizpen-kontrolaren arloetan
Grup Boixek BOIX CLT eraikuntza-sisteman CE marka jartzea lortu du. Mugarri horrek indartu egiten du konpainiak zurezko eraikuntza industrializatuaren esparruan duen posizionamendua, eta Europako merkatura bideratzen duen eraikuntza-soluzioaren kalitatea, segurtasuna eta prestazioak bermatzen ditu.
TECNALIAk bermatutako ziurtagiria
TECNALIAk, eraikuntzako produktuak ebaluatzeko eta ziurtatzeko erreferentziazko erakunde izanik, ziurtagiria jaulki du, analisi tekniko sakona eta prestazioen egiaztapena egin ondoren. Ziurtagiriak egiaztatzen du BOIX CLT sistemak Eraikuntzako Produktuen Europako Erregelamenduak (CPR) eta dagokion Europako Ebaluazio Teknikoak (ETA) ezarritako baldintzak betetzen dituela; hala, haren prestazioen iraunkortasuna bermatzen du eta Europar Batasun osoko egitura-aplikazioetan erabilia izateko bidea ematen dio.
Kalitatearen, segurtasunaren eta egitura-prestazioen bermea
CE marka lortzea araudi-betekizun bat baino askoz gehiago da. Ofizialki aitortzen du produktuak ebaluazio-prozesu zorrotz bat arrakastaz gainditu duela, funtsezko zenbait alderdi baliozkotuta, hala nola egitura-segurtasuna, erresistentzia mekanikoa eta industria-fabrikazioko prozesuen fidagarritasuna. Horri esker, sistema Europar Batasuneko edozein herrialdetako eraikuntza-proiektuetan erabil daiteke, Europako araudiak eskatzen dituen berme guztiekin.
Berrikuntza eta eraikuntza-sektorearen eraldaketa jasangarria
TECNALIArentzat, eraikuntza-sektorearen berrikuntzarekin eta eraldaketa jasangarriarekin konprometituta dauden enpresekiko lankidetzaren adibide bat da proiektua. Estandar zorrotzenak betez Europako merkatuan sartzen laguntzen diegu erakundeei, ebaluazio teknikoaren eta produktuen baliozkotzearen arloko gure gaitasunen bitartez.
Ekoizpen-planta berria, hazkundea bultzatzeko
Aurrerapenak, gainera, Grup Boixen hazkunde estrategikoko etapa batekin kointziditzen du; izan ere, duela gutxi, CLT-panelak ekoizteko instalazio berri bat jarri du abian Puig-reigen. Instalazio horri esker, ekoizpen-ahalmena handitu ahal izango du, eta zura egitura-material gisa erabiltzen duten soluzio industrializatuen alde egin duen apustua sendotu.
Eraikuntza jasangarriago baten aldeko konpromisoa
Konpainiaren estrategiaren oinarria eraikuntza jasangarriago bat sustatzea da; horretarako, hurbileko zuraren erabilera, eraikuntza-prozesuen industrializazioa eta tokiko baso-baliabideen balorizazioa bultzatzen ditu.
Testuinguru horretan, CE marka lortzea funtsezko laguntza da sektorearen egungo beharrizanekin bat datozen soluzio berritzaileak garatzen jarraitzeko.
Europan hedatzeko beste bultzada bat
Aitorpen honekin, Grup Boixek beste urrats bat egin du aurrera eraikuntza industrializatuaren merkatu europarrean hazten jarraitzeko, eta TECNALIAk bere rola berretsi du produktu berritzaileak ziurtatzearen eta baliozkotzearen arloko erreferentziazko bazkide teknologiko gisa, zeinaren laguntzari esker produktuok azkarrago irits baitaitezke merkatura, kalitatearen, segurtasunaren eta araudi-betetzearen inguruko berme maximoak emanez.
