"Industria trantsizio energetikoaren erronkei aurre egiteko hobeto prestatuta egon dadin eta berritzaile eta lehiakorragoa izan dadin laguntzen dugu"
ONTZHI-II ekimenak aurrerapauso bat gehiago eman du berrikuntza industriara ekartzeko
Batzorde Aholkulari Industrialaren bigarren bilera egin dute, eta bertan parte hartu dute, besteak beste, Tubos Reunidos-ek, ULMAk, TAMOINek eta MUGAPEk, proiektuko bazkideekin batera (TECNALIA barne dela); ONTZHI-II azken fasean sartu da eta enpresekiko lotura sendotu du.
Topaketa horrek etapa berri baten hasiera markatu du, non enpresek paper are aktiboagoa izango baitute proiektuaren emaitzak erabilera praktikoetara bideratzeko.
Industriaren errealitatetik gertuago
Azken fase honetan, helburu nagusia argia da: ikertutakoa laborategian ez geratzea, baizik eta industrian erabili eta aplikatzea.
- Horretarako, paper gakoa betetzen du Batzorde Aholkulari Industrialak. Bere funtzioaren oinarriak dira emaitzak egoera errealetan nola erabili identifikatzen laguntzea, haiek ezartzeak izan ditzakeen zailtasunak hautematea eta enpresei balioa emango dieten erabilera zehatzak proposatzea.
- Elkarlan horrekin, euskal ehun industrialaren behar errealei erantzuten diela bermatu nahi da proiektu honetan.
Aurrerapausoak hidrogenorako materialetan eta soluzioetan
Bileran, halaber, proiektuaren lan-lerroetan orain arte izandako aurrerapena aurkeztu dute. Aurrerapauso nagusietako bat material metalikoetarako babes-estalduren garapenean datza. Estaldura horiek hidrogenoak materialak kaltetzea saihesteko "babes-geruza" gisa jokatzen dute, zeina funtsezkoa baita haien segurtasuna eta iraunkortasuna bermatzeko. Lehen emaitzen arabera, soluziook ongi funtzionatzen dute eta erresistenteak dira baldintza gogorretan
- Materialon benetako laginak aurkeztu dira, laborategian haiekin saiakuntzak egin ondoren, eta hala, argi geratu da haien balioa eta aurrerapausoak ez direla teorikoak bakarrik.
- Aurrerapausoak eman dira hidrogeno konprimatua garraiatzeko tanga arin eta erresistenteagoen garapenean. Tanga horiek ibilgailuetan erabili ahal izango dira, baita hidrogenoa modu seguruan garraiatzen duten hodietarako soluzio berrietan ere.
- Proiektuak adimen artifiziala erabiltzen du hidrogenoak materialekin nola elkarreragiten duen hobeto ulertzeko. Horrek etorkizunean soluzio eraginkorragoak diseinatzea ahalbidetuko du.
Erabilera errealerako aurrerapauso erabakigarria
Aurrerapauso horiekin, ONTZHI-II giltzarri den une batean sartu da. Datozen hilabeteetan, ezagutza hori guztia praktikan erabili ahal izango diren soluzio bihurtzea izango da erronka.
Horretarako, funtsezkoa izango da ikertzaileen eta enpresen arteko elkarlana.
