Berria

INKOLANekin batera, Bilboko azpiegituren biki digital bat sortu dugu, non hiri-elementuei buruzko informazioa biltzen baita

2021ko azaroaren 29a
Gemelo digital ciudad

Hala, biki hibrido bat sortu da, hiriaren informazioa sistema digitalizatu bakar batean zentralizatzen duena.

Inkolan zerbitzu publiko handi gehienek osatutako elkartea da, eta, haiekin batera, Bilboko azpiegituren biki digital bat sortu dugu, Bilboko Udalaren eta EHUren laguntzarekin.

Biki digitalak azpiegitura teknikoei buruzko datuak biltzen ditu, hala nola ura, gasa, elektrizitatea, telekomunikazioak eta udal-sareak. Horrez gainera, azaleko hiri-elementuei buruzko informazioa ere jasotzen du.

Proiektua 2020 eta 2021 urteetan egin da, Uribarriko gune pilotu batean, udaletxearen beraren inguruan. 3Dn modelizatu dira eraikinak, espazio publikoak, zuhaiztiak eta azpiegitura teknikoa (Inkolanen zerbitzu-sareak eta udal-sareak).

Bisore bereiziak
Bisoreetako bat zerbitzu-sareetarako garatu da, eta trasformazio-zentro batera konektatutako eraikinei buruzko kontsulta espazialak egin daitezke han: kanpo-zerbitzuak atzitzen dira, eta denbora errealean bistaratzen da informazioa.

Bestea jasangarritasun-bisore bat da, zeinaren helburua baita hiritarrak kontzientziatzea eta garapen jasangarriko helburuen betetze-mailan aurrera egitea. Horretarako, elementuak elkarrekin konektatu dira. Adierazle hauei buruzko informazioa ematen du: energia-kontsumoa, eguzki-energiaren kaptazio-potentziala, ur-kontsumoa, etab.

Hiriaren biki digitala

Hiriaren biki digital bat hiriko elementu nagusien eta azpiegituren erreplika birtual bat da. Lehen fasean, aukera ematen du hiria nolakoa den ezagutzeko eta han denbora errealean zer gertatzen ari den jakiteko. Bigarren fasean, interakzioa dago bikiaren eta hiriaren artean, eredu birtualaren bidez; adibidez, hirigune historiko batean egon daitekeen ibilgailu-kopurua gainditzean, sarrera itxi daiteke, edo hain saturatuak ez dauden guneetara bideratu turismoa.

Datu-serie handiak jasotzen direnez, bikiak halako fenomenoak modelizatzeko ere balio lezake fase aurreratuago batean, fenomenoak erreplika birtualean simulatzeko eta iragartzeko zer jokabide izango duen hiriak egun edo gertaera jakinetan. Teknologia horri esker, informazio digitalizatua bistaratzen da, hileko kontsumoei buruzko datuak eta estatistikak eskuratzen dira (adibidez, sarearen eta eraikinen arteko konexioak), eta datu horiek denbora errealean irudikatzen dira; hala, hobeto hartzen dira erabakiak hiri-plangintza digitalizatuagoa eta eraginkorragoa izan dadin.

Operadoreen sareak eta hiria erlazionatzea du helburu teknologia horrek, zerbitzu berrien garapenek hiriak adimenduntzeko estrategiak sustatzen lagundu dezaten, hirien jasangarritasuna eta biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko.