Berria

Itsas prestakuntzako eta salbamenduko zentroen teknologia

2023ko martxoaren 17a
tecnologías salvamento marítimo

"Teknologia berrien erabilerak eragin positiboa izan du itsasoko segurtasun-sistemen hobekuntzan"

Itsas segurtasunerako erronka teknologikoak

Martxoaren 3an, onlineko jardunaldi batean, Jovellanos Itsas Segurtasun Integraleko Zentroak (SASEMAR) proposatutako erronkei erantzuteko zenbait startupek garatu dituzten soluzio teknologikoak ezagutu genituen, AT VIRTUAL Europako proiektuaren esparruan garatuak.

Soluzio teknologiko horien helburua zen Asturiasko zentro horren eraginkortasuna eta errendimendua hobetzea, 4.0 industriarekin lotutako teknologiak kontuan hartuta: gauzen Internet (IoT), datuen analisia eta ikusmen-teknologiak.

Soluzioen garapena

Formazio Zerbitzuko buru Covadonga Suárezek adierazi zuenez, Jovellanos Zentroak aurre egin behar izan zion lehen erronka zera izan zen: startupen beharrak definitu eta testuinguruan jartzea. Egoeraren garrantzia ulertu behar zuten, eta haien premisa tekniko eta ekonomikoen araberako soluzio berritzaileak eskaini. Zehaztapen-lan hori egiteko, Jovellanos Zentroak TECNALIAren laguntza izan zuen.

Eneko Álvarez TECNALIAko ikertzaileak erakutsi zuen zentro teknologikoak proiektu horretan egiten duen lana, zeina itsas segurtasuneko zentroetarako autodiagnostiko teknologikorako tresna bat garatzera bideratua baitago.

Covadonga Suárezek, berriz, sentsorika eta monitorizazioa ardatz dituen soluzioa azaldu zuen: ikasleek prestakuntza-praktiketan erabiltzen dituzten gailu mugikorrei (smartphoneak edo wearableak) alarmak eta/edo laguntza-mezuak bidali eta haien segimendua egiteko sistema. Helikoptero baten kabinan larrialdiko prestakuntza bat egiteko errealitate birtuala erabiltzen duen sistema baten bidez planteatutako soluzioa ere deskribatu zuen. Asmo handiko erronka bat da, mundu birtuala eta erreala hibridatzen dituena ikasleak arriskurik gabe interakzioan aritu ahal izateko.

José Cristóbal Maraver, Tarifako Itsas Salbamendua Koordinatzeko Zentroko burua, arduratu zen datuen analisiari dagokionez planteatutako beharra eta soluzioa azaltzeaz. Helburua zen plataforma bat diseinatzea erabiltzaileei aukera emango ziena eskura zeuden datu guztiak (AIS, batimetria, kartografia, dentsitateak, etab.) eta itsas eremu jakin bateko ezkutuko arrisku guztiak mapa berean benetan ikusteko, eta orduko 400.000 datu baino gehiago kudeatzeko, kontrolatzaileei analisi- eta azterketa-lanean laguntzeko.

4.0 teknologiak itsas prestakuntzako zentroetan: AT-Virtual

Planteamendu horiek eta soluzio praktikoen garapena AT VIRTUAL Europako proiektuari esker egin ahal izan dira.

Eskualde Atlantikoko itsas segurtasuneko prestakuntza-zentroak (MSTC) digitalizatzeko prozesua bizkortzeko helburuari erantzuten dio ekimenak, horretarako teknologia gaitzaileak erabiliz: larrialdietako itsas eragiketetan trebetasuna, prestakuntza eta erantzuna hobetzen ditu.