"Aktibo horren oinarria hardwarearen eta berariazko softwarearen arteko konbinazio bat da, soldadura-prozesuak modu erraz eta intuitiboan egiteko aukera ematen duena"
TECNALIAk iWeld aktiboa garatu du, soldadura eta fabrikazio aditibo autonomoko prozesuetako soluzioei erantzuna emateko
Industria-fabrikazioa, estatuan zein Europan, bidegurutze batean dago, langile kualifikatuak edo behar diren trebetasunak dituztenak ez baitira nahikoak ekoizpen egonkorra ziurtatzeko. Faktore sozialek, zahartzeak, jaiotza-tasa txikiak eta lanbide erakargarriagoak egoteak kezka eragin dute: ikusteko dago datozen urteetan behar den produkzioari erantzun ahalko ote zaion. Langile kualifikatuen premia handiena duen lanbideetako bat soldatzailearena da, trebetasun teknikoak eskatzen baititu soldadura-aplikazioen ezagutza sakonarekin batera. Arazo horri erantzuteko, TECNALIA iWeld aktiboa garatzen ari da. Aktibo horrek soldadura autonomoko soluzioei erantzuna ematea lortzen du zenbait soldadura-prozesutarako, hala nola arku elektrikorako (GMAW, Plasma, TIG…).
Aktibo horren oinarria hardwarearen (soluzio robotikoa eta prozesuen monitorizazio aurreratua) eta berariazko softwarearen arteko konbinazio bat da, soldadura-prozesuak modu erraz eta intuitiboan egiteko aukera ematen duena. Softwareak soldadura-prozesuaren adimena eta aplikazio bakoitzerako neurrira garatutako interfaze grafiko bat batzen ditu. Interfaze horrek exekutatzen ari den aplikaziorako pertsonalizatutako pantailak ditu. Fabrikazio aditiboaren zatia garatzeko, TECNALIA SAMYLABS enpresarekin ari da elkarlanean, eta Samystudio xerratzeko softwarea txertatzen ari da fabrikazio gehigarriaren prozesuan.
iWelden helburuak
Bi helburu argi ditu: lehenik, langile kualifikatuen gabezia hori estaltzea, eta, bigarrenik, serie laburreko industria bati erantzutea, zeinean produktuak pertsonalizatzea garrantzitsuagoa baita ekoizpen-bolumena baino. TECNALIAren helburua da soluzioa baliozkotzea zenbait azterketa-kasutan, askotariko sektoreetako enpresekin batera gaur egun dituen ekimenen barruan. Honako sektore hauek izango lirateke garapen horren onuradunak: petrolioa eta gasa, automobilgintza, trengintza, ontzigintza, eta aeronautika. Sektore horiek soldadura-bolumen handiak behar dituzte, eta langile kualifikatuen mendekotasun handia dute.
iWeld aktiboa laser teknologiaren bidezko soldadura- eta fabrikazio-prozesuetara egokitzeko fasean dago.