Berria

Javier Del Ser adimen artifizialean aditua munduan erreferentzia gehien duten autoreen zerrendan sartu du Elsevier argitaletxeak.

2021ko abenduaren 1a
Javier Del Ser

Ranking hori nazioarteko erreferentzia zientifikotzat hartzen da, zientzialariek egindako lanaren eragina ezagutzeko.

Urriaren 19an, munduan erreferentzia gehien duten autoreen zerrenda argitaratu du Elsevierrek: " Updated science-wide author databases of standardized citation indicators ". Zerrenda horretan, Javier Del Ser lankidea sartu du, single-year impact 2020 kategorian.

Elsevier munduko argitaletxe ezagunenetako bat da. Zientziaren eta ezagutzaren diziplinarteko hainbat aldizkari ditu, eta adimen artifizialaren alorrean kokapen nabarmena du: information fusion, applied soft computing, neural networks, etab. Aldizkari horietako batzuek rankingetako lehen postuak betetzen dituzte eraginari eta aipatze-tasari dagokienez; adibidez, Journal Citation Reports, JCR rankingean.

Munduko ikertzailerik aipatuenak daude zerrenda horretan, eta hori aintzatespen handia da zerrendan daudenentzat. Ranking hori nazioarteko erreferentzia zientifikotzat hartzen da, zientzialariek egindako lanaren eragina ezagutzeko.

Aintzatespen horrek agerian uzten du TECNALIAk adimen artifizialaren esparruan duen bikaintasun zientifikoa, zeina ikerketa teknologikoa oparotasun ekonomiko eta sozial bihurtzera bideratua baitago: enpresen eta gizartearen eraldatze-eragile gisa dihardu, etengabe aldatzen ari den etorkizuneko erronketara egokitu daitezen.

Javier Del Serren ibilbide profesionala

Gaur egun, Javier Del Ser ikertzaile nagusi da Tecnaliako OPTIMA arloan (Optimizazioa, Modelizazioa y Datu-analisia). Halaber, irakasle da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Komunikazioen Ingeniaritza Sailean, eta External Scientific Member Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) zentroan.

Haren ikerketa-jarduera adimen artifizialeko ikaskuntza-eredu eta -tekniken diseinuan eta aplikazio praktikoan zentratzen da (ikaskuntza automatikoa, konputazio neuronal sakona, optimizazio metaheuristikoa eta datu-fusioa barne), hainbat eremutan agertzen ari diren arazoak konpontzeko, eta arreta berezia jartzen du industrian (prognosia, produkzioaren plangintza), osasunean (irudi-tratamenduan eta datuen fusioan oinarritutako diagnosia, berreraikuntza), mugikortasun eta garraio adimendunean (trafiko-iragarpena, objektuak ezagutzea eta ibilbideak aurrekalkulatzea), telekomunikazioetan (ibilgailu-sareak) eta energian eta ingurumenean (muturreko gertaera atmosferikoak iragartzea, energia berriztagarria sortzea), besteak beste.

Arlo horietan, 390 argitalpen zientzifiko-teknikotik gora argitaratu ditu orain arte (haietako 150 JCR indizeko lehen eta bigarren kuartilean indexatuak), eta bost liburu argitaratu ditu, 15 master-tesi eta gradu-amaierako 34 lan zuzendu eta 11 doktore-tesi gainbegiratu (eta beste zortzi bidean daude), eta oinarrizko ikerketako eta ikerketa aplikatuko zenbait proiektutan parte hartu du edo zuzendu ditu.

Bi aldiz izan da Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko Torres Quevedo programaren hartzaile (2007an eta 2009an). IEEEko Garraio Sistema Adimendunak eta Adimen Konputazionala elkarteen senior kidea da, unibertsitate-katedratiko gisa akreditatu du Kalitatea Ebaluatzeko eta Akreditatzeko Agentzia Nazionalak (ANECA), eta “Bizkaiko Talentua” saria jaso du, duen esperientziaren eta zientzia-curriculumaren aintzatespen gisa.