Berria

Jonathan Chanca arkitektoarekin batera, diseinu konputazionala aplikatu dugu Grünwalder estadioaren estalki-egituraren zati batean.

2021ko azaroaren 8a
Diseño Computacional

Eraikuntza digitaleko gure zerbitzu aurreratuek arazo konplexuak konpontzen dituzte, bai diseinu fasean, bai eraikuntza eta facility management faseetan

TECNALIAK diseinu konputazionala aplikatu du Grünwalder estadioaren estalki-egituraren zati bat birmoldatzeko proiektu pilotu batean, Jonathan Chanca arkitektoarekin batera ([SS]BIMeko BIM aholkularia eta Donostiako Elizalde Akademiako irakaslea).

Estalki horretako egitura-atal bat, zurezko korapilo eta barrez eratutako egitura espazial bat, erreplikatu beharrekoa, script baten bidez parametrizatu da Autodesk Dynamon; sarrera-parametroak zehaztu dira (barne-estalkiaren luzera, estalkiaren guztizko altuera…), eta hiru dimentsioko geometria eta BIM eredua sortu dira Autodesk Reviten. Egituraren aldaerak lortzeko, sarrera-parametroak aldatu baino ez da egin behar.

Konputagailuen bidezko hurbilketa matematikoa

Frank Gheryren edo Zaha Hadiden diseinuak erakargarriak dira, baina, hein berean, zailak dira diseinatzen eta eraikitzen. Arkitektura mota horren konplexutasun espazial eta geometrikoa erronka izan da, beti, proiektuetan parte hartzen duten arkitekto, ingeniari eta eraikitzaileentzat.

Teknologia hau konputagailuen bidezko hurbilketa matematiko batean datza: algoritmoak aplikatzen zaizkie eraikinen diseinua definitzen duten parametroei, geometriak sortzeko. Hartara, diseinatzeko modu tradizionalekin alderatuta, diseinu konplexuagoak egin daitezke, eta/edo diseinu-aldaketa ugari ebaluatu daitezke askoz ere denbora laburragoan.

Diseinu konputazionala eta aplikazioak garatzea

TECNALIAk eraikuntza digitaleko zerbitzu aurreratuak eskaintzen ditu, hala nola arazo konplexuak konpontzeko diseinu konputazionala aplikatzea, bai diseinu fasean, bai eraikuntza eta facility management faseetan.

Era berean, aplikazioak garatzen ditu, bai zereginak edo informazioaren kudeaketa automatizatzeko edo optimizatzeko, bai era askotako BIM interfazeak sortzeko: aginte-panelak, produktuen web-konfiguratzaileak, ekoizpen-sistemen arteko integratzaileak (SCADAk, ERPak, GMAOak…), eta abar.

BIM zerbitzu aurreratuen eskaintzak aukera ematen die eraikuntza-prozesuko eragileei BIM proiektuen diseinu, eraikuntza, eragiketa eta mantentze faseetan beren parte-hartzea hobetzeko.