"Viveros Villanuevarekin eta Leongo Unibertsitatearekin batera, mahatsondoaren mintegi-sektoreari aplikatutako ekonomia zirkularra lantzen dugu"
Bizitza berri bat ematen diegu mahatsondo-haztegietan sortzen diren hondakin lignozelulosikoei.
VIVERECO ekimenaren helburuak dira gaur egun gutxiegi erabiltzen diren landare-hondakinak balorizatzea eta oinarri biologikoko material berri bihurtzea, mintegi-sektorean bertan zuzenean erabiltzeko:
- Landare-azal bioaktiboa: mintegiko zenbait hondakinetatik eratorritako zelulosa-frakzioetan eta konposatu naturaletan oinarritutako formulazioak garatuko dira. Formulazio horiek ezaugarri antifungiko eta antioxidatzaileak izango dituzte. Landare-azal horiek babes-hesi gisa jardungo dute, eta konposatu aktiboak modu kontrolatuan askatzea ahalbidetuko dute.
- Paletak egiteko taula aglomeratuak: balio txikiko landare-frakzioetatik abiatuta, paleta jasangarriak diseinatu eta fabrikatuko ditugu eskala pilotuan. Paleta horiek zuzenean erabiliko dira tokian bertan, mintegiko eginkizunetarako.
Proiektuan zehar, hondakinen karakterizazioa eta egokitzapena landuko dira, oinarri biologikoko osagaiak lortuko dira babes-formulazio berrietarako, eta taula aglomeratuak fabrikatuko dira mintegian bertan erabiltzeko.
Ekimen honetan, Viveros Villanuevak, Leongo Unibertsitateak eta TECNALIAk parte hartzen dute, eta, bide horretan, mintegi-esperientzia, mikrobiologiaren eta onddoen aurkako konposatuen ikerketa materialen garapena eta biomasaren balorizazioa bateratzen dituzte.
Ingurumen-erronka eta bioekonomiarako aukera
Mintegi-sektorean sortutako landare-hondakinek frakzio lignozelulosikoak izaten dituzte. Frakzio horiek, egokitze- eta balorizatze-prozesu egokien bidez, oinarri biologikoko erabilera berrietarako osagai bihur daitezke.
- Hala ere, oraindik nahiko mugatua da haien ustiapen aurreratua; izan ere, material horiek oso heterogenoak dira, zailtasun logistikoak daude, eta hondakin mota horietara egokitutako biofintze-prozesuak ez daude behar beste garatuak.
- Balio erantsi txikiagoko erabilera konbentzionalen aurrean, VIVERECO25 ekimenak ekonomia zirkularrean oinarritutako alternatiba bat proposatzen du: hondakin horiek sektorerako baliagarri bihurtzea, eta, bide horretan, hondakinon ingurumen-inpaktua murriztea eta balio-aukera berriak sortzea.
- VIVERECO25 erabat bat dator 2024-2027 aldirako Ikerketa Zientifiko, Tekniko eta Berrikuntzako Estatuko Planean jasotako lehentasunekin, batez ere elikadurari, bioekonomiari, baliabide naturalei, nekazaritzari, klimari eta ingurumenari lotutakoekin.
Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak, Estatuko Ikerketa Agentziak eta EGEF funtsek finantzatu dute proiektua.
