"Madrilgo Udalarekin elkarlanean ari gara, datu-bolumen handiak integratzeko, modelizatzeko eta analizatzeko"
Analisiak Madrilgo eskari termikoaren ikuspegi xehatu bat ematen du, klimatizazio-soluzio jasangarriagoak planifikatzen laguntzeko
Madrilgo Udala etorkizuneko Tokiko Berokuntza eta Hozketa Planaren prestaketa-lanekin hasi da, eta, horretarako, hiriko instalazio termikoen parkearen diagnostiko integral bat egin du. Lan horrek, TECNALIAren laguntzarekin egina, Madrilgo egoera energetikoaren ikuspegi xehatua eskaintzen du, eta etorkizunean efizientzia- eta deskarbonizazio-neurriak planifikatzeko oinarriak ezarriko ditu.
- Ekimenak 2023/1791 Zuzentarauari, efizientzia energetikoari buruzkoari, erantzuten dio. Zuzentarau horrek 45.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan halako planak edukitzeko betebeharra ezartzen du.
- Nahiz eta araudia ez den oraindik Espainiako ordenamendu juridikoan transposizioz jaso, Madrilek aurrea hartzea erabaki du, bere errealitate energetikoaren erradiografia zehatz bat edukitzeko eta etorkizuneko deskarbonizazio- eta efizientzia-neurriak definitzeko prozesua bizkortzeko.
Datuetan oinarritutako erradiografia energetiko bat
Analisi hori egiteko, Madrilgo Udalaren, Madrilgo Erkidegoaren, gas- eta elektrizitate-banatzaileen eta iturburu irekietako datuak erabili dira. Ikerketak energia-kontsumoari buruzko informazioa, eraikinen eraikuntza-ezaugarriak, energia-ziurtagiriak, datu katastralak eta aldagai sozioekonomikoak (esaterako, etxeetako errenta) konbinatzen ditu.
Horrela, lurraldeari atxikitako bereizmen handiko diagnostiko bat egin da, zeinak aukera ematen baitu auzo bakoitzaren egoera energetikoa ezagutzeko, berokuntza- eta hozketa-teknologia nagusiak identifikatzeko eta hobekuntza-aukerak ebaluatzeko.
Besteak beste, ondorioztatu dute gas naturala eta elektrizitatea direla hiriko eraikinetako energia-bektore nagusiak, eta auzo batetik bestera desberdintasun handiak daudela energia-kontsumoari, galdara kutsagarriagoen (esaterako, gasoliozkoen) banaketari, eraikitako parkearen antzinatasunari eta berrikuntzarako aukerei dagokienez.
Klimatizazio jasangarriagoa planifikatzeko laguntza
Ekimen honetan, TECNALIA Madrilgo Udalarekin aritu da elkarlanean datu-bolumen handiak integratzen, modelizatzen eta analizatzen, haiek erabakiak hartzeko informazio erabilgarri bihurtzeko. Lan horretan, halaber, efizienteagoak diren eta ingurunearekiko inpaktu txikiagoa duten alternatiba teknologikoak identifikatuko dira, eraikin eta barruti mailako jarduera ebaluatuko da eta trantsizio energetikoko zenbait aukera aztertuko dira.
Diagnostiko horri esker, Madrilek oinarri teknikoa eta ezagutzazkoa dauzka jada, efizienteagoa eta erresilienteagoa den eta klima-neutraltasunaren Europako helburuekin lerrokatuta dagoen berokuntza- eta hozketa-eredu bat diseinatzeko.
Lortu informazio gehiago “Berokuntza- eta hozketa-planak inplementatzeko gakoak” web-mintegiaren grabaketa honetan
Duela gutxi, Berokuntza- eta hozketa-planei buruzko web-mintegi bat antolatu genuen, eta ikusgarri dago.
Saio horretan, egindako ikerketaren emaitzak aurkeztu zituen Madrilgo Udalak. Gainera, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak esparru erregulatzailea eta transposizio-egutegia azaldu zituen.
