"Fabrika-eredu honek hobetu egiten du manufaktura-sektorearen lehiakortasuna"
XWAVE ekimenak ikuspegi argia du: software bidez definitutako fabriketarantz egitea
TECNALIAk gidaturiko XWAVE egitasmoak fabrikazio industrialeko sistemak eraldatu nahi ditu, software bidez kudeatu eta egokitu ahal izateko. Helburua da gaur egun hardware fisikoaren mende dauden ekoizpen-bitartekoen funtsezko funtzionaltasunak birtualizatzea, eta, horri esker, lantegiak digitalki birkonfiguratzea bizi-zikloan zehar.
Horren bidez, erantzuna eman nahi zaio industria-sektoreak malgutasuna eta egokitzeko gaitasuna irabazteko duen premiari.
XWAVEk ikuspegi argia du: software bidez definitutako fabrikak lortzeko bidean aurrera egitea; hain zuzen ere, lantegi modularrak eta eskalagarriak lortu nahi dira, gai direnak produktu edo ekoizpen-bolumen berrietara egokitzeko, instalazioan aldaketa fisikorik egin gabe.
- TECNALIA kontrolatzaile industrialak birtualizatzeaz arduratzen da, bai eta fabrikazio-bitarteko eta -prozesuen biki digitalak garatzeaz ere. Hala, industria-sistema malguago eta birkonfiguragarriago baten oinarriak ezartzen ditu.
- Proiektuaren ikuspegia da 2027rako fabrikazio-sistema modular eta eskalagarri baten lehen erakusgarri kontzeptual bat aurkeztea euskal manufaktura-sektoreari, softwarean erabat oinarritua eta digitalki birkonfiguratzeko modukoa, fabrikan aldaketa fisikorik egin gabe.
Hiru ildo nagusi garatzen ditugu:
- Automatizazio industriala birtualizatzea, PLCen eta bestelako osagai fisikoen ordez software soluzioak erabilita.
- Software bidez definitutako komunikazioak eta konputazioa garatzea, sare industrial malguagoak eta efizienteagoak lortzeko.
- Makinen, roboten eta prozesuen biki digitalak sortzea, errazagoa izan dadin denbora errealean gainbegiratzea, analisi prediktiboa egitea eta ekoizpena etengabe optimizatzea.
Teknologia horiek hiru kontzeptu-probaren bidez baliozkotuko dira:
- PLANT BRAIN, ekoizpen-kontrolaren birkonfigurazio dinamikoan zentratua.
- LIVING NETWORK, sare industrial autooptimizatuetara bideratua.
- GHOST FACTORY, software bidez definitutako fabrikazio-sistemetara konektatutako biki digitaletan oinarritua.
Malgutasun, efizientzia eta erresilientzia handiagoko fabrika digitalak
XWAVE gauzatzeak aurrerapen nabarmena ekarriko du malgutasun, efizientzia eta erresilientzia handiagoko fabrika digitalak lortzeko bidean. Izan ere, erraztu egingo du manufaktura-sektorearen lehiakortasuna hobetzea, merkatuaren aldaketetara azkar egokitzea, produktuak pertsonalizatzea eta prozesuak etengabe hobetzea.
Era berean, proiektuak 5.0 industriarantz igarotzen lagunduko du, eta softwarean oinarritutako etorkizuneko garapen industrialen oinarriak ezarriko ditu.
** Ekimenean, TECNALIA ez ezik, zentro teknologiko hauek ere ari dira lanean: Ideko, Tekniker, Ikerlan eta Vicomtech, Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera (EHU).
