"Materialak elikagai-ontzi biodegradagarrietan eta automobilgintzarako estalduretan erabiliko dira"
Nekazaritzako elikagaien hondakinak eta nekazaritzako hondakinak material biodegradagarri eta balio erantsi handiko zelulosa-indargarri bihurtzeko helburua duen ekimen batean ari da parte hartzen TECNALIA
BIWIN2 ekimenaren oinarria da tokiko hondar-biomasaren balorizazioa; bereziki, mahastizaintzaren eta ardogintzaren industriatik datorren biomasaren balorizazioa, zeina aberatsa baita azukreetan eta konposatu lignozelulosikoetan. Bioprozesu eta teknologia aurreratuen bidez, biopoliesterrak eta zelulosa-indargarri mikro-nanoak garatuko dira, zeinak funtsezko sektoreetan izango baitute erabilera, hala nola elikagai-ontzi biodegradagarrietan eta automobilgintzarako estalduretan.
Berrikuntza material jasangarrietan: hiru lan-ildotan egingo dugu ekarpena
- Zuntz, mikrozuntz eta nanozuntz lignozelulosikoak: aurrerapausoak egingo ditugu zuntz, mikro zuntz eta nanozuntz funtzionalak lortzeko, ur-, erreaktibo- eta energia-kontsumo optimizatuko metodoak erabiliz. Mikrozuntz eta nanozuntz horien potentziala ebaluatuko da ontzietarako estalduretan, automobilgintzarako pinturetan eta ontzi adimendunetarako sentsoreetan.
- Zelulosaren hidrolisi entzimatikoa: mahatsondoen inausketatik datorren zelulosaren degradazio entzimatikoa ikertuko dugu, glukosaren ekoizpena maximizatzeko eta bioplastiko polihidroxialkanoatoen (PHA) fabrikazioa errazteko.
- PHAetarako prozesu jasangarriak: PHA bioplastikoak erauzteko, berreskuratzeko eta arazteko metodo berritzaileak garatuko ditugu. Disolbatzaile halogenatuak kenduko ditugu eta teknika mekanikoak eta entzimatikoak aplikatuko ditugu; ondorioz, inpaktu energetikoa, ekonomikoa eta ingurumenekoa murriztuko dugu.
Bioproduktuen merkatuari bultzada
Ezagutza sortzeaz gain, BIWIN2ren helburua bada ingurune industrialetan eskalagarria dela bermatzea ere. Ikuspegi horri esker, eskualdeko balio-kate berriak sortuko dira eta lehengai fosilekiko mendekotasuna murriztuko da; era horretan, bioproduktuen merkatua sustatuko da, alternatiba jasangarri gisa.
Ekimena Eusko Jaurlaritzaren Elkartek 2025 programak finantzatzen du. Gaikerek koordinatzen du, eta diziplina anitzeko partzuergo bat biltzen du, honako hauek osatua: TECNALIA, Neiker, CEIT, BCMaterials eta EHUko Biomat Taldea. Elkarrekin, Euskadin ugari diren baliabide berriztagarrietan oinarritutako bioekonomiarako trantsizioa bizkortzeko lanean arituko gara.
