Berria

Modulu fotovoltaikoak birziklatzen lan egiten dugu, trantsizio energetikoa eta ekonomia zirkularra sustatzeko

2021ko uztailaren 15a
Paneles fotovoltaicos

Prozesu berritzaile eta oso efiziente batek moduluen osagaiak bereizten ditu, eta balio handiko korronteak —silizio purua, zilarra eta beira, besteak beste— manufaktura-industrian berrerabil daitezke

Veolia Alemaniak koordinatzen duen ReProSolar ekimenean parte hartzen du TECNALIAk, modulu fotovoltaikoak birziklatzeko prozesu berritzaile eta oso efiziente bat garatuta. Prozesu horretan, moduluen osagai guztiak bereizten dira, eta, hala, balio handiko korronteak –silizio purua, zilarra eta beira, besteak beste– manufaktura-industrian erabil daitezke berriz.

Gure adituek prozesu berritzaileen ingurumen-ebaluazioa egiten dute, baita balorizatzeko dauden bideena ere, industrializazioa efizientea izan dadin.

Aurten, industria mailan bideragarria den aztertuko da FLAXRES GmbH (Dresde) eta ROSI Solar-en (Grenoble) instalazioetan. Hemendik aurrera, aurreikusten da erabiltzen ez diren 5.000 tona modulu fotovoltaiko prozesatuko direla urtean, 2023ra bitartean, erakusketa-instalazio batean.

Soluzio teknologikoa

Prozesua delaminazio-teknologia berri batean datza, zeina gai baita zelula fotovoltaikoak beirazko xaflatik efizientziaz bereizteko. Prozesu fisiko-kimiko berritzaileen bidez, material guztiak berreskuratzen dira, modulu fotovoltaikoak xehatu beharrik gabe", azaldu du proiektuaren zuzendari den Veolia Umweltservice GmbH-ko Antoine Driancourtek.

"Gaur egun, ez dago zilarra eta silizioa behar besteko purutasunarekin berreskuratzeko gai den industria-prozesurik. Ekimen hau aurrerapen handia da eguzki-industriarentzat, gaur eguneko birziklatze-estandarrei dagokienez", gaineratu du Driancourtek.

ReProSolar partzuergoak balio-kate osoa hartzen du kontuan: lehengaien prozesatze eta arazketatik hasi, eta hondakin-fluxuaren hornidura-kateraino eta haiek berriz zenbait industriatan erabiltzeraino.

Trantsizio energetiko eta ekonomiko zirkularra

Premiazko neurriak behar dira CO2-emisioak murrizteko, hondakin gutxiago sortzeko eta baliabideen balioa handitzeko. Energia berriztagarriak erabiltzeak eta energia-efizientziako neurriak hartzeak aukera emango digu Europar Batasunak aldarrikatutako deskarbonizazio-helburuen % 90 lortzeko. Datozen urteetan, lehenengo sistema fotovoltaikoak beren balio-bizitzaren amaierara iritsiko dira, eta prest egon beharko dugu sistema horiek ekonomia zirkularraren esparruan sartzeko.

Informazio gehiago

Garapen horiek ReProSolar proiektuaren esparruan egiten ari dira; EIT RawMaterials, Innovation Community-ren babesa du, zeina Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuko (European Institute of Innovation and Technology – EIT) parte baita. 20028 finantziazio-hitzarmenaren bidez finantzatuta dago. 2021eko otsailetik 2025eko urtarrilaren amaierara bitartean egingo da.