Berria

    NADCAP ziurtagiria berritu dugu: aeronautika-sektoreko enpresei laguntzeko saiakuntza-laborategi gisa dugun gaitasun teknikoa egiaztatzen du

    2020ko urriaren 29a

    NADCAP ziurtagiriak aukera ematen digu gainazalen tratamendurako bainuen kontrola egiteko eta material metalikoekin saiakuntzak egiteko, hartara OEMen (Original Equipment Manufacturer) zehaztapenak betetzeko

    NadCap (National Aerospace and Defense Contractors Accreditation Program) ziurtagiriak egiaztatzen du gaitasun teknikoa dugula sektore aeronautikoan saiakuntza-laborategi gisa gainazal-tratamendurako (CP) bainuen kontrola egiteko eta material metalikoekin (MTL) saiakuntzak egiteko —mekanikoak, metalografiakoak eta korrosioaren aurkakoak—. Lehenengo zerbitzuetarako bi urterako berritu dugu ziurtagiria, eta bigarrengo zerbitzuetarako, berriz, urte eta erdirako. Duela gutxi bi arloetako ikuskapenak (commoditiak) ongi gainditu ditugu.

    NadCap ziurtagirien bidez, nazioartean aintzatesten da sektore aeronautikoko zerbitzuak edo produktuak egiteko dugun gaitasun eta fidagarritasun teknikoa.

    Nazioarteko ziurtagiri entzutetsu hori Performance Review Institute (PRI) erakundeak ematen du; aeronautika-arloko mundu osoko eraikitzaile nagusiek (AIRBUS, THE BOEING COMPANY, BOMBARDIER eta GE AVIATION, beste batzuen artean) osatzen dute erakundea. Helburu nagusia da sektore aeronautikoko produktuen fabrikazio- eta kalitate-prozesuak hobetzeko programak eta zerbitzuak garatzea.

    PRIk bermatzen du produktu eta zerbitzu horien ebaluazio independentea egin dela, eta ziurtatzen du industria aeronautikoaren hornitzaileek bezeroen eskakizun konplexuak bete ditzaketela.

    Horrekin, sendotu egin dugu nazioarteko sektore aeronautikoan erreferentziako laborategi gisa dugun posizionamendua, gure materialen karakterizazio-zerbitzuen kalitate handiari zor dioguna. Kontuan izan behar da sektore aeronautikoa etengabe ari dela hazten eta teknologiak hedatzen. Ziurtagiri honek kalitatearekin eta segurtasunarekin etengabeko konpromisoa izatea eskatzen du; horretarako, beharrezkoa da bezeroaren eskakizunak eta industria aeronautikoaren zehaztapenak betetzea.

    Sektore aeroespazialeko saiakuntza-zerbitzuak

    TECNALIAk 20 urte baino gehiago daramatza sektore aeroespazialean lanean, eta saiakuntza-zerbitzu hauek eskaintzen ditu alor horretan: materialen karakterizazioa, hutsegiteen analisia, zerbitzuko portaera, saiakuntza bereziak, materialen ebaluazioa eta diagnostikoa eta ekipoen kalibraketaren kudeaketa integrala.

    Halaber, belaunaldi berriko aeronautikan oinarritzen diren teknologia berritzaileak garatzen ditugu, materialen fabrikazioaren bidez. Egitura arinagoak, errentagarriagoak eta prestazio handiagokoak lortzen ditugu: mugitzeko eta garraiatzeko modu berriei erantzuten diegu horien bidez, aireontzien arkitektura elektriko eta adimendunak garatuz.

    Ikerketa-ildoek hauek dituzte ardatz: material konposatuko egiturak fabrikatzeko prozesuak, funtzio anitzeko materialen aplikazioa eta muturreko portaera-baldintzetarako material eta prozesuak.

    Chemical Processing Nadcap Certificate

    Nadcap ChemicalProcessing_TECNALIA

    Materials Testing Laboratories Certificate

    Nadcap Materials_Testing_Laboratory_TECNALIA