Pedikulizidek zorrien aurrean duten efikaziaren ebaluazioa

    2026ko martxoaren 10a

    piojos ensayos TECNALIA

    "Intsektiziden, akariziden eta uxatzaileen (TP18–TP19) efikazia baldintza kontrolatuetan ebaluatzeko zerbitzuak eskaintzen ditugu"

    TECNALIAk sendotu egin du pedikuliziden efikazia-ebaluazioan duen erreferentzia-izaera

    Efikazia-saiakuntzako zerbitzuak ematen ditugu pedikuliziden sektorerako. Sektore horrek gero eta erronka handiagoei egin behar die aurre, hala nola konposatu neurotoxikoekiko erresistentziari, formulazio fisiko berrien ugaritzeari eta gero eta eskakizun zorrotzagoei. Produktu pedikulizidak bermeekin baliozkotzeko, optimizatzeko eta posizionatzeko aukera du TECNALIAk, honako faktore hauei esker: buru-zorriari (Pediculus humanus capitis) buruz egindako efikazia-azterlanak, azken belaunaldiko azpiegiturak eta nazioarteko estandarrekin lerrokatutako protokoloak.

    Pedikulizidek arrautzen, ninfen eta helduen gainean jardun behar dute

    Pedikulizidak zorrien eta bartzen infestazioak ezabatzeko edo kontrolatzeko diseinatutako produktuak dira, eta parasitoaren bizi-zikloaren fase guztietan jarduten dute.

    • Mekanismo neurotoxikoetan oinarritu daitezke, intsektuaren nerbio-sistemari eraginez, edo mekanismo fisikoetan, hala nola silikonetan edo asfixia eragiten duten esentzia-olioetan. Honako hauen araberakoa da pedikulizida baten benetako efikazia: arrautzen, ninfen eta helduen gainean jarduteko duen gaitasuna, eta erabilera-kondizio errealetan duen iraunkortasuna eta portaera. Hori dela eta, ezinbestekoa da saiakuntza espezializatuak eta metodologia estandarizatuak izatea.
    • Gaur egun, oso jarduera espezializatua eskatzen du pedikulizida bidezko kontrolak, kontuan hartu behar baitira bai ekintza-mekanismoak, bai arrautzen, ninfen eta helduen arteko sentiberatasun-aldakortasuna ere.

    Zorriaren bizi-zikloaren fase bakoitzerako saiakuntza espezifikoak egiten ditugu

    TECNALIAren pedikuliziden efikazia-saiakuntzen laborategiak saiakuntza espezifikoak garatzen ditu bizi-zikloaren fase bakoitzerako: helduak hiltzekoak, bartzak hiltzekoak, uxatzekoak eta hondar-efikaziakoak. Segmentazio teknikorako gaitasun horri esker, fabrikatzaileek zehaztasunez uler dezakete egin dituzten formulazioen portaera, eta, horrela, erabilera-kondizio errealetan izango duten errendimendua aurreikus dezakete.

    Arauek egiten duten presioa —bereziki 528/2012 Europako Erregelamenduak eta nazioarteko arauek eragiten dutena— dela eta, konpainiak behartuta daude beren produktuak datu sendo eta trazagarriekin eta kondizio kontrolatuetan lortutakoekin babestera.

    TECNALIAk lan-prozesu garden batekin erantzuten dio behar horri, zeinean sartzen baitira diseinu esperimentala eta azterlan pilotuak, batetik, eta analisi estatistiko aurreratua, bestetik, bai eta txosten osoak ere, datu gordinak eta interpretazio zientifikoa jasotzen dituztenak. Ikuspegi horrek emaitza fidagarriak bermatzen ditu erregistro arautzailerako, birformulaziorako eta lehiarako konparaziorako.

    Industria farmazeutikoaren, kosmetikoaren eta norberaren zaintzaren arloko industriaren bazkide gara

    Pedikuliziden ebaluazioko Europako zerbitzurik osoenetako bat du TECNALIAk. Horri esker, industria farmazeutikoaren, kosmetikoaren eta norberaren zaintzaren arloko industriaren bazkide gisa posizionatuta dago.

    • Zorroztasun zientifikoa, gaitasun teknikoa eta orientazio industriala konbinatzeari esker, produktu berrien garapena bizkortzen du, dauden formulazioak hobetzen ditu eta ziurtatzen du araudia betetzen dela merkatu globaletan.
    • Efikazia frogagarria funtsezkoa den egoera batean, TECNALIAren ekarpena elementu erabakigarria da sektorearen berrikuntza eta lehiakortasuna bultzatzeko.