Berria

Pertsonen eta makinen arteko lankidetza: lantegi adimendunerantz

2023ko apirilaren 28a
colaboración persona-máquina

"Lankidetza-inguruneak sortzen ditugu, industria-instalazioetan pertsonak eta makinak elkarrekin lan egiteko gai izan daitezen"

Giza faktorea eta 4.0 langilearentzako laguntza lan-bizitza osoan

Ingeniaritzan eta teknologiaren arloko adituen talde bat ikerketa- eta garapen-proiektu bat egiten ari da teknologia erraztaileen arloan, langileen eta etorkizuneko fabriketako sistema adimendunen arteko lankidetza efizientea lortzeko.

Helburua elkarlaneko inguruneak sortzea da, pertsonak eta makinak industria-instalazioetan elkarrekin lan egiteko gai izan daitezen, beren gaitasun fisikoetara, beharrizan sentsomotorretara eta trebetasun kognitiboetara egokituz.

TECNALIA, TEKNIKER eta VICOMTECH teknologia-zentroek, ELHUYAR Fundazioak eta MONDRAGÓN ESKOLA POLITEKNIKOAK (MU-EPS) osatutako taldeak kontraste-batzorde batekin alderatu ahal izan ditu bere aurrerapenak eta aplikazioak. Industria-sektoreko, automatizazio-ingeniaritzako eta teknologia-sektoreko zenbait enpresak eta eta informazio-sistemen zenbait hornitzailek osatutako batzorde horrek bermatu du etorkizunean merkatura hurbiltzea. Halaber, enpresentzako tresna eraginkor eta praktiko bat gauzatu ahal izan da.

Ardatz teknologikoen bidez —errealitate birtualeko eta errealitate areagotuko simulazioa, langileak sisteman duen konfiantzaren monitorizazioa, interfaze moldagarriak eta elkarrizketa-agenteak— industria-sistema adimendunak langilearengana egokitu nahi izan dira, pertsona automatizazioaren erdigunean jarrita.

Erakusleak edo erabilera-kasuak

Azken emaitza bi erakusle edo erabilera-kasu dira. Lehenengo kasuan, mekanizazio-lanetan errealitate birtuala baliatzen duten prestakuntza-agertokiak aztertu dira. Zehazki, murgiltze-ereduaren bidez, mekanizazioaren eskuzko kontrola simulatzen da erremintaren mugimenduekin eta interakzioarekin, errealitate mistoa erabilita (pertsonak bere eskuak ikus ditzake, eta elementu birtual bat ukitzearen sentsazioa sentitu). Horrez gain, ahots bidezko laguntzaile birtual bat ere sartu da sisteman, operazioari buruzko zalantzaren bat dagoenean erantzunak ematen dituena.

Bigarren kasua elkarlaneko ikuskaritzara/muntaketara bideratua dago, eta errealitate mistoa eta ahots bidezko aginduak erabiltzen ditu. Kasu horretan, pertsona batek hegazkin-aleroi baten zati batean lan egiten du, eta, ingurune mistotik, robotaren ekintzak programatzen ditu; hala, ekintza horiek gauzatu baino lehen ikus ditzake, eta ahots bidez berrets ditzake. Hala, ikuskatze-lanak elkarlanean egiteko helburua lortzen da, interakzio multimodal baten bidez.

Langileen bizi-kalitatea hobetzea

COGILE ekimenak langileen bizi-kalitatea hobetzen du haien ongizatea eta produktibitatea handituz. Aurrerapen handia da industrian, eta, bereziki, pertsonen prestakuntzan eta lantokiko lanean: aukera emango du teknologia pertsonen beharrizanetara egokitzeko, langileak teknologiara egokitzera behartu beharrean.

COGILE bi aldiz balidatu da. Alde batetik, prestakuntza-munduan, MU-EPSko irakasle eta ikasleekin; bestetik, martxoaren 24an, RPK, Fagor Automation eta Iruña Technologies enpresekin egindako azken kontrastearen bidez.

Eusko Jaurlaritzaren Elkartek programak (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila) diruz laguntzen du proiektua.