"Europan bakarra den azpiegitura bat daukagu, zeinak laborategiko eskalatik instalazio pilotuetara bitarteko prozesua barne hartzen baitu"
Teknologia aurreratuak sustatzen ditugu, birziklapenari, hondakinen kudeaketari eta prozesu industrial jasangarrietarako trantsizioari lotuta gaur egun dauzkagun erronkei aurre egiteko
TECNALIAk hondakinak baliarazteko teknologietan duen lidergoa indartzen du pirolisiaren, gasifikazioaren eta plasmaren arloetako gaitasun berriekin; gaitasun horiei esker, korronte konplexuak balio handiko baliabide bihur daitezke. Horretarako, Europan bakarra den azpiegitura bat daukagu, zeinak laborategiko eskalatik instalazio pilotuetara bitarteko prozesua barne hartzen baitu. Horrek sektoreko egungo erronkei erantzuteko soluzio berritzaileak garatzea ahalbidetzen du.
Hondakinen kudeaketak gero eta presio handiagoari egin behar dio aurre araudiei, ingurumenari eta ekonomiari dagokienez. Hondakin konplexuen bolumena handitu denez, material estrategikoak berreskuratzeko, erregai berriztagarriak sortzeko eta baliabide fosilekiko mendekotasuna murrizteko gai diren teknologiak behar ditugu.
Birziklapen mekanikoko eta baliarazte energetikoko sistema tradizionalek ez dute beti bermatzen korronte horiek berme guztiekin tratatuko direnik, eta horrek soluzio termiko aurreratuak (hala nola pirolisia, gasifikazioa eta plasma) garatzeko bidea irekitzen du.
Gaitasun teknologiko berriak
Proiektuak hasierako ikerketatik instalazio pilotuko baliozkotzera bitarte lantzea ahalbidetzen digun azpiegitura oso bat daukagu. Instalazio horietan, tarte termiko zabaletan eta hainbat hondakin motarekin egiten dugu lan, biomasatik eta plastikoetatik hasi eta erradioaktibitate txikiko hondakin simulatuetara bitarte.
Era berean, teknologia horien ahalmena erakusten duten proiektuak garatu ditugu:
- Garraio astunetarako erregai berriztagarriak sortzeko prozesu malgua.
- Ehungintzaren zirkulartasunean balio-kate jasangarri eta lehiakorra sortzeko teknologia disruptiboak.
- Pirolisi bidez TEEHetatik metalak berreskuratzea.
- Errefus-hondakinetatik erregai likidoak lortzea.
- Hondakin plastikoen bereizketa eta birziklatze kimikoko prozesuen bidez lehengai zirkular berriak lortzeko eta arazteko ikerketak egitea.
- Hondakin plastikoetarako birziklatze kimikoko estrategia berriak, eta haiek balio-katean lehengai gisa berriro txertatzea.
- Biohondakinetatik abiatuta kalitate handiko bioikatza sortzea; Euskadiko sektore estrategikoak garatzeko aukera bat da.
- Energiaren balorizazio-prozesuetatik metal estrategikoak berreskuratzea.
- Biomasako eta hondakin mistoetako HEEetatik sintesi-gasa ekoiztea.
Gainera, PLASIND teknologia garatu dugu. Horri esker, honako hauek egin ditzakegu:
- Sintesi-gasetik mundruna kendu.
- Plasma termikoaren bidez CO₂ eta H₂O konposatuak CO eta H₂ bihurtu.
- Sintesi-gasaren kalitatea hobetu, erabilera energetiko eta industrialetarako.
Gure helburua da hondakin konplexuak balio handiko baliabide bihurtzea, eta, horretarako, teknologia aurreratuak erabiltzea, hainbat sektoretan jada beren gaitasuna erakusten ari direnak, hala nola energiaren, birziklapenaren eta industria kimikoaren sektoreetan.
