
Berria
Berria
2018ko irailaren 19a
Itsas zabalean parke eolikoak prezio lehiakorrean jartzeko, energia-kantitate handiak garraiatu behar dira kostara
Eta energia-garraioaren arazo ugarien artean, erronka larri hau dakar berekin hornitzaile ugariren teknologien elkarreragingarritasunak: Nola eutsi itsas zabaleko sistema osoaren egonkortasunari (eta hain garestiak diren etenak saihestu) hornitzaileen HVDC kontrolagailuak ezin badira aztertu, konfidentzialtasun-konpromisoak direla-eta?
IDeCONeko ikertzaileek kontrolaren inguruan egindako ahalegin gehienek oztopo hori gainditzea izan dute helburu: frogatzea diseina daitekeela plug-and-play filosofiarekin bat datorren sare bat. Hartara, bermatuta egongo litzateke sistema osoaren egonkortasuna, baita hornitzaileek kontrol-informazioa elkarrekin partekatzen ez badute ere. Ikuspegi berri horrek paradigma-aldaketa dakar kontrolagailu konbentzionalen orain arteko diseinuarekin alderatuta. Beste ondorio hau ere badakar: berriro aztertu beharko direla kontrolagailu industrial gehienak plug-and-play ezaugarri horiek txertatzeko.
Bide luzea egin beharko da oraindik sare elektrikoko kodeek ezaugarri horiek berengana ditzaten, baina lehen emaitzak nahiko onak ari dira izaten. IDeCONeko ikertzailek diotenez, bide onetik goaz, hau da, laster aurkituko da itsas zabaletik lehorreko sareetara energia garbia etenik gabe garraiatzeko moduren bat.
NTNUko Elisabetta Tedeschi katedraduna du buru IDeCON partzuergoak, eta hau du xede: ezagutza teknikoa sortzea, itsas zabaletik kostara energia-kantitate handiak garraiatzeko dauden oztopoak gainditzen lagundu dezan.
Norvegiako Zientzia eta Teknologia Unibertsitateak (NTNU), TECNALIA Research and Innovation, Nottinghameko Unibertsitatea eta DNV GL dira IDecon partzuergoko kideak. Bigarren urtea du partzuergoak korronte zuzeneko eta goi-tentsioko sareak (High Voltage Direct Current - HVDC) diseinatzeko eta kontrolatzeko ikerketan.