Berria

Raquel Rodriguezek irabazi du ponentzia hoberenaren saria itsaspen eta itsasgarrien XVIII. kongresuan

2017ko urriaren 20a

Saritutako lanaren gaia da “Mikrokapsula adimendunak erabiltzen dituzten itsasgarri konpontzaileak”

GEAA-Grupo Español de Adhesión y Adhesivos elkargoak, oraingo honetan, ASEFCA-Asociación Española de Fabricantes de Colas y Adhesivos elkartearen esku utzi zuen irailaren 21ean eta 22an egin zen Kongresuaren antolakuntza.

Testuinguru horretan, Raquel Rodriguez, Industria eta Garraio Dibisioaren baitako material funtzioaniztunen lantaldeko kideak, Beatriz Pérez eta Sonia Flórezekin batera egindako lana aurkeztu zuen; material polimeriko autokonpontzaileek azken urte hauetan sorrarazi duten interes bizia nabarmendu zuen, in situ eta era autonomoan konponduz zerbitzu-aldia luzatzeko duten ahalmena dela eta.

Material polimerikoek duten desabantaila handienetako bat da faktore mekanikoek, termikoek, kimikoek eta erradiazioek eragindako kalteak pairatzeko joera izaten dutela, eta ondorioz haien balio-bizia mugatua izan ohi dela. Hori dela eta, lanaren helburua izan da polimero-sistema itsasgarrien konponketa-estrategia horren eraginkortasuna hobetzea, taldeak patentatu duen "all in one" mikrokapsula adimendunen teknologia garatuz. Teknologia horren berezitasuna da mikrokapsulen gainazalean kokatuta dagoela katalizatzailea eta, ondorioz, era kontrolatuan banatzen dela.

Abiadura bizian garatu da itsasgarrien teknologia azken bi hamarkada hauetan, eta prozesu hori bizkortzen ari da material ezberdinak itsasteko premia dela eta, material anitzeko egiturak osatu ahal izateko, askotan itsasgarrien bidez soilik elkartu baitaitezke horrelakoak gero eta egitura konplexuagoak eta erantzukizun handiagokoak sortzeko.

Lan bikain bat aitortzen du sari horrek Itsaspen eta Itsasgarrien Kongresuaren mailako testuinguru batean.

Zorionak Raquel!