"TECNALIA da UNE EN ISO 11998rako ENACek egiaztatutako laborategi bakarra"
Estalduren igurzte hezearekiko erresistentzia bermatzen dugu
Behin eta berriz garbitzeak eta eguneroko higadurak estalduren bizitza baliagarria arriskuan jartzen dutenean, TECNALIAk soluzioa eskaintzen du: saiakuntza egiaztatuak, fidagarritasunik handienarekin bermatzen dutenak igurzte hezearekiko erresistentzia. UNE EN ISO 11998 araua da nazioarteko erreferentziazko estandarra dekorazio-pinturen eta -bernizen igurzte hezearekiko erresistentzia ebaluatzeko.
Prozedura tekniko horrek zehazten du zer ahalmen duten estaldurek, garbiketa-eragiketa errepikatuen ondoriozko higadurari aurre egiteko. Propietate hori ez dago soilik estalduraren kalitatearen mende: erabilitako substratuaren araberakoa ere bada. Horregatik, arauan bertan definitzen dira substratua, estaldura aplikatzeko metodoa, ontze-baldintzak eta saiakuntza-metodoa.
ENACek UNE EN ISO 11998rako egiaztatutako laborategi bakarra gara
Esparru tekniko hori kontuan hartuta, ENACek egiaztatutako laborategi bakarra dago UNE EN ISO 11998 arauaren araberako saiakuntzak egin ditzakeena: TECNALIAren pinturetarako, estalduretarako eta iragazgaiztekoetarako saiakuntzen laborategia. Beraz, erreferentzia da estatuan, estalduren ebaluazio aurreratuan.
- Egiaztapen horrek ziurtatzen du lortutako emaitzek fidagarritasun, trazabilitate eta nazioarteko aintzatespen gorena dutela. Produktuak merkaturatu edo haien errendimendua ziurtatu aurretik datu sendoak behar dituzten fabrikatzaileentzat, erabakigarria da alderdi hori.
- Gainera, Ecolabelari buruzko Europako Erabakian jasotako propietateetako bat betetzen ote den zehazten laguntzen du egiaztapenak. Izan ere, saiakuntzak egiaztatuak izatea ezinbestekoa da Ecolabelerako.
Estaldura fidagarriagoak eta iraunkorragoak garatzen laguntzen dugu
Erabilera-egoera errealak zehaztasunez erreproduzitzeko aukera ematen du metodologiak; bereziki, garbiketa intentsiboa ohikoa den sektoreetan, hala nola eraikuntzan. Arauaren egitura argiak fabrikatzaileei aukera ematen die formulazioak modu objektiboan alderatzeko, beren estalduren portaera ulertzeko eta ingurune zorrotzetan haien iraunkortasuna bermatzeko.
ENAC egiaztapenak bermatzen du kalitate-estandar gorenekin egiten dela UNE EN ISO 11998 saiakuntza: erabiltzen den ekipamendua kalibratua dago eta saiakuntzarako berariaz diseinatua; errepikagarritasuna eta trazabilitate osoa ziurtatzen da prozesuaren urrats bakoitzean; eta kualifikazio handiko teknikariek egiten dute lana, auditoria tekniko zorrotzak pasatzen dituzten prozeduren bidez.
Horren ondorioa da erabat fidagarriak direla emaitzak eta fabrikatzaile, formulazio eta ekoizpen-lote desberdinetakoak konpara daitezkeela.
Estalduren iraunkortasuna bermatzeko bazkide estrategikoa gara
Funtsezkoa da estaldurak zorrozki baliozkotzea, baldin eta etengabe garbitzen badira, mantentze-lan intentsiboak jasaten badituzte eta erabilera-baldintza gero eta zorrotzagoetan badaude. UNE EN ISO 11998 funtsezko tresna gisa finkatu da estaldura baten benetako iraunkortasuna neurtzeko eta frogatzeko, eta TECNALIA da, bere egiaztapen esklusiboari eta gaitasun teknikoari esker, berme hori zehaztasun osoz eskaintzeko gai den bazkide estrategikoa.
Horrela, TECNALIAk estaldura iraunkorragoak, seguruagoak eta jasangarriak lortzen laguntzen du, eta enpresei laguntza ematen die eguneroko erabileraren higadura eta egungo merkatuaren eskakizunak jasateko gai diren produktuak garatzeko eta baliozkotzeko.
