Berria

Saiakuntza-plataforma hibrido batek murriztu egingo ditu ozeanoetako energietarako produktuen kostuak

2021ko martxoaren 5a
Prototipo de baja potencia de captador de energía de las olas (WEC)

Automobilgintzaren industriako saiakuntza-metodologia hibrido eta berritzaileak egokituz, ozeanoko eta laborategiko baldintzen arteko korrelazio zehatza ezarriko du VALIDek.

VALID ekimenak saiakuntza-plataforma hibrido bat garatuko du saiakuntza azeleratuak egiteko, non ingurune fisikoak eta ingurune birtualak konbinatuko baitira. Plataforma horren helburua da itsas energiak ustiatzeko produktuak garatzeko prozesuen kostuak murriztea; energia horiek eskalatzeak dituen zailtasunei aurre egiten die, eta ziurgabetasunak minimizatzen ditu.

VALIDek automobilgintzan gaur egun sarri erabiltzen diren saiakuntza-metodologia hibrido eta berritzaileak erabili eta egokituko ditu, eta itsas energiaren sektorerako berariazkoak diren hiru azterketa-kasutan aplikatuko ditu. Ikusmolde berri horrek saiakuntza azeleratuen ikuspegia aldatzen du. Ozeanoko baldintzen eta laborategiko baldintzen arteko korrelazio zehatza ezarrita, saiakuntza-prozedura komunak garatu ahal izango dira, eta Europa mailan konbergentzia teknologikoa bultzatu.

Olatuen energiaren sektoreko egungo saiakuntza-prozedurak ez daude behar bezala orekatuta. Laborategiko saiakuntza gehienek funtzionaltasuna bakarrik izan dute ardatz (kontzeptu-probak eta errendimenduaren ebaluazioa), eta ez dituzte kontuan hartu funtsezko beste parametro batzuk, hala nola fidagarritasuna eta biziraupena. VALIDek bateratu egiten ditu fidagarritasunaren eta biziraupenaren saiakuntza-metodoak eta osagaiek huts egiteari buruzko datu esanguratsuak (egiten ari diren eta berriki osatu diren proiektuetakoak) diseinu- eta saiakuntza-prozesuen hasierako etapetan.

Sorgailu elektrikoetako hutsegiteen saiakuntza

Gure adituak aitzindari dira metodologia hau sorgailu elektrikoen hutsegiteen saiakuntzetan ezartzen. Horretarako, saiakuntza-azpiegitura propioak ditugu, bai laborategian bai itsasoan. Bi euskal erakunderen ezagutza praktikoa dugu: IDOMek olatuen energiaren bihurgailua (MARMOK) garatzen duen esperientzia eta BiMEPek martxan jarritako Mutrikuko olatuen energia-instalazioa, 2011ko uztailetik etengabe martxan dagoena.

TECNALIAn, halaber, adierazleen definizioa ere koordinatzen dugu, garatzen ari diren teknologiek kostu, errendimendu eta fidagarritasunerako ezarritako azken helburuak bete ditzaten.

VALID ekimenak hauen guztien ezagutza eta esperientzia biltzen ditu: industriako adituak (Corpower Ocean AB; Rina Consulting Spa; Idom Consulting, Engineering, Architecture SAU; AVL LIST GMBH; Yavin Four Consultants; Wavepiston AS; Aquatera Sustainability Ireland Ltd; eta Julia F. Chozas ingeniari aholkularia); ikerketa-enpresa nagusietako batzuk (Tecnalia Research & Innovation Fundazioa, RISE Research Institutes of Sweden AB, Biscay Marine Energy Platform SA); eta erakunde akademikoak (Aalborg University eta Technical University of Delft).

Informazio gehiago