"Gakoa ez dago datuetan, baizik eta haiek ezagutza aplikatu bihurtzeko duten gaitasunean"
Seinaletik ezagutzara: nola egin aurrera industriako erabaki adimendunen bidean
TECNALIA eta Zaragozako Unibertsitatea, TECNALIA-UNIZAR Katedraren markoan, seinaleak ezagutza bihurtzeko lankidetzan ari dira, industria-inpaktuko erabaki-hartzea helburu. Bi erakundeek jardunaldi bat egin zuten Areto Nagusian, industriaren egungo erronketako bat hizpide: nola datuak ezagutza baliagarri eta benetan balioa eransten duten erabaki bihurtu.
Zaragozako Unibertsitateko Areto Nagusian egin zen topaketa, Albert Einsteinek 1923an erlatibitatearen teoriari buruzko bi hitzaldi eman zituen lekuan. Mende bat baino gehiago igarota, erronka handi bati buruz hausnartzeko balio izan du espazioak: nola bihurtu datuak ezagutza, gure industrian eta haren emaitza-kontuan inpaktu zuzena izateko moduan.
Seinaletik erabakira: Antonio Ortega irakaslearen ikuspegia
Antonio Ortega irakasleak emandako hitzaldi nagusiak argi ezagutarazi zigun zer gertatzen den eta zer hartu behar den oso kontuan seinaleak jasotzetik industriako erabaki-hartzean aplikatzen diren arte, enpresarentzat balio kuantifikagarri bihur daitezen.
- Abiapuntua seinalea da. Sentsoreen bidez, mundu fisikoko aldagaiak jasotzen dira, hala nola bibrazioa edo tenperatura, eta datu bihurtzen dira. Datu horiek prozesatu eta informazio bihurtzen dira, eredu eta portaera esanguratsuak identifikatzeko.
- Hortik aurrera, ikaskuntza automatikoko ereduek urrats bat harago joateko aukera ematen dute: anomaliak detektatzea, hutsegiteak aurreikustea eta gomendioak sortzea.
- Ezagutza hori guztia jardueran integratzen denean gertatzen da jauzia. Sistemek denbora errealean erabakiak sostengatzeko edo automatizatzeko gai diren soluzioetarantz eboluzionatzen dute, eta horrekin batera eraginkortasuna eta fidagarritasuna hobetzen dira.
Ikuspegi horren oinarrian dauden arkitekturek bi maila konbinatzen dituzte: tokiko prozesamendua (edge), berehalako erantzuna emateko, eta hodeiko plataformak (cloud), eskala handiagoko analisia eta ikasketa ahalbidetzen dutenak. Horri gehitzen zaizkion tresnen artean, biki digitalak daude, zeinek aukera ematen baitute ekintzaren aurretik eszenatokiak simulatzeko, eta Adimen Artifizialak garapen horietan guztietan eragin duen jauzia.
Antonio Ortega irakasleak etorkizunari begira jarri gintuen, teknologien etorkizunaz eta 30 urte barru izango dugun egoeraz pentsatzeko.
Aplikazio-kasuak industrian, mugikortasunean eta logistikan
Jardunaldiak, nola ez, arrakasta-kasu desberdinak bistaratu zituen enpresa gonbidatuen eskutik; hor ikus daiteke nola erabiltzen ari diren ikuspegi horiek benetako testuinguruetan eta emaitza neurgarriekin.
- Mugikortasunaren arloan, Jorge Piquerasek (CAF) gai honi heldu zion: nola atera daitekeen ezagutza garraio-sistemek sortutako datuetatik, eta nola lagundu dezakeen teknologiak gidatze-arriskuak prebenitzen.
- Industriaren ikuspegitik, Sergio Santo Domingok (FERSA) azaldu zuen datua nola erabili helburua plantako funtzionamendua hobetzea eta mantentze-eredu eraginkorragoetarantz aurrera egitea denean.
- ALIA Klusterreko Alejandro Herráezek, berriz, hiri-logistikan zentratu zuen hitzaldia, eta azaldu zuen nola zenbait ekimen, hala nola URBANDUM —banaketa-ibilgailuak eta gidaria ardatz dituena— edo SMART BAYS —hiriko zamalanetako guneetan zentratua— garraio-prozesuak hobetzen laguntzen ari diren esparru operatibo, ekonomiko eta jasangarri batzuetan, eta datuetatik abiatuta hiriaren kudeaketa optimizatzen.
Talentuaren eta arrastoa utzi duen ibilbide baten aitorpena
Jardunaldiaren barruan, halaber, Gradu Amaierako Lanik onenaren saria eman zitzaion Blanca Pérez Coderqueri, "Teknologia Birtualak ebaluatzeko metriken definizioa eta analisia" lanagatik, ingeniaritzaren arloko talentu gaztea aitortzeko, eta berrikuntzari eta teknologiari egin dien ekarpena ere bai.
Unerik hunkigarrienetako bat Antonio Ortega irakaslearen ibilbidea eta irakasle-lana aintzatesteko omenaldia izan zen, Antonio jaunari esker profesional bikainak baititugu bai Unibertsitatean, bai TECNALIAn, bai Aragoiko zenbait enpresa garrantzitsutan.
Gure lankide Fernando Querok ekitaldian eskaini zituen hitzek ederki islatzen dute irakasleak bost hamarkadatan izan duen eragina: ekarpen teknikoagatik ez ezik, jendea trebatzeko eta inspiratzeko gaitasunagatik ere bai.
Aditu eta espezialista ugari zeuden testuinguru batean, hain ohikoa ez den zerbait balioetsi zen: maisuaren figura. Fernandok azpimarratu zuenez, "bokazioak pizten dituena da maisua, laguntzen duena, inspiratzen duena, eta besteei irudikatzen zuten baino urrunago irits daitezkeela sinetsarazten diena".
Haren arrastoak TECNALIAn ere izan du inpaktu zuzena. Antonio Ortega irakasleak zenbait profesionali –tartean, Fernando Quero eta Juan Carlos Sánchez– eragindako inspirazioak zenbait ekimen ekarri zituen, eta hazi horrek sorrarazi du denborarekin gaurko TECNALIA Aragón, seinaletik abiatuz balioa sortzen jarraitzen duen talde handi bat duena.
Aldaketei aurrea hartzea
50 urte baino gehiagoan, Antonio Ortega irakasleak aldaketei aurrea hartzeko eta teknologia berrien garapenean bidea urratzeko ohiz kanpoko gaitasun bat ere erakutsi du, eta hori ere ikusi zen jardunaldian.
Baina, alderdi teknikotik harago, haren giza dimentsioan jarri zuen arreta aitorpenak. Harekin lan egin eta ikasi duten pertsonek beraren irakasteko modua eta besteak inspiratzeko modua nabarmentzen dute, eta zer-nolako eragina izan duen haien ibilbideetan.
Izan ere, badira oroitzapena uzten duten pertsonak, eta bidea markatzen duten beste batzuk. Zaragozako Unibertsitatearen eta TECNALIAren arteko lankidetza, beste behin ere, hura posible egin zuten guztiei esker, pertsonengan eta negozioetan eragindako inpaktuaren adibide izan da.
