Berria

SIFSrekin batera, Ekialde Hurbileko klimetako fatxaden eta estalkien monitorizazio termikorako azpiegitura bat eraiki dugu

2020ko azaroaren 4a

Building Envelope Analyzer azpiegitura baliatuz, eraikuntza-elementuen jokaera termikoa azter daiteke kondizio errealetan, klima beroen eraginpean daudenean, Persiar golkoan bezala

Erreferentziako azpiegitura berri bat diseinatzen eta eraikitzen lagundu dugu, Arabiar Emirerri Batuetan. Eskala handiko klima-ganbera bat da, fatxada, estalki eta leihoen jokaera termikoa monitorizatzeko, Persiar golkoko herrialdeetan dituzten muturreko klima-baldintzetan.

Azken urteotan, inguratzaileen jokaera termikoak (bereziki, oso isolatuta dauden fatxada eta estalkienak) ez die jarraitzen kalkuluetan, simulazioetan eta laborategiko saiakuntzetan erabiltzen diren erreferentziako baldintzei. Bezeroek eta erakunde publikoek, gero eta gehiago, energia-prestazioak erabilera-kondizio errealetan erakutsi eta ulertu nahi dituzte.

TECNALIAren Kubik eraikin esperimentalak xede hori du, eta erreferentziako azpiegitura da Europan. Izan ere, 2010ean inauguratu zenetik aurrera, dozenaka fatxada, estalki, leiho eta eguzki-panelerakusteko eta esperimentatzeko erabili da.

SIFSk TECNALIArekin bat egin du, Building Envelope Analyzer (BEA) tresna diseinatu eta eraikitzeko: instalazio berri eta iraunkor bat, Arabiar Emirerrietako haren egoitza nagusian. Instalazioa berezia da, horrelako ezaugarriak dituen lehenbizikoa baita, Ekialde Hurbileko klima beroa oinarri. Ganbera bero handi-handi baten bitartez, golkoko ingurunearen kondizio dinamikoak simula daitezke, eta eguzki-erradiazioaren efektu termikoa lortzen da gasolioa darabilen erregailu handi bat erabiliz. Ganberaren barnean, berdin-berdinak diren hiru gelaxka esperimental daude, eta konfort-egoeratik beherako kondizioetan mantentzen dira. Gelaxka horietako bakoitzak ganbera beroaren eraginpean dauden bi gainazal ditu (fatxada eta estalkia), eta tenperatura zein bero-fluxua elementu horien bidez monitorizatzen dira, baita barne-kondizioak eta hozteko aire girotuaren kontsumoa ere. Azpiegiturak sentsore-sare bat eta datuak monitorizatzeko sistema bat ditu. Era horretan, parametro horiek guztiak monitorizatu eta biltegiratu egiten dira. Halaber, tresna teknologiko sorta bat ere badago, denbora errealean bildutako datuak modu automatikoan tratatu eta ikusteko.

Azpiegitura martxan dago guztiz, eta lehen testak abian izango dira 2020ko udatik aurrera. SIFSren gaitasunak eta produktuak garatu ez ezik, isolatzaile eta produktu berrien jokaera ikertu ahalko da, kondizio errealetan. Gainera, energia-kontsumoa denbora errealean monitoriza daiteke, eta inbertsio-itzulkinak azter daitezke oraingoak baino kopuru errealagoak erabilita. Bistaratze-gaitasunak aurreratuak direnez gero, energia zer neurritan aurrezten den erakuts dakieke bezeroei, arkitektoei, erakunde publikoei eta zientzialariei.

Azken batean, SIFSren eta TECNALIAren helburua zera da, eraikuntza-inguratzaileak zeinen garrantzitsuak diren kontzientziatzea, eta energia-kontsumoan eta erabiltzaileen erosotasunean inpaktu erreala dutela erakustea.

Energia-efizientziaren gaineko kezka gorantz doa mundu osoan. Hori dela eta, Ekialde Hurbileko zenbait herrialde eskakizunak finkatzen ari dira eraikuntzari buruzko araudietan, kontsumoa mugatzeko. Alabaina, gaur egun erabiltzen diren ebaluazio-metodoek klima hotzak dituzte oinarritzat, zientziaren eta arauen arloetako ia garapen guztia Europaren erdialdeko eta iparreko herrialdeetan eta Ipar Amerikan egin delako orain arte.

Metodo eta estandarretan (hain modan dagoen Passivhaus, adibidez), premia nagusia berokuntza dela ulertzen da. Bero-fluxuak barnealdetik kanpoalderantz doaz, eta helburua galera horiek minimizatu eta beroa barnealdean geratzea da. Aitzitik, Persiar golkoko basamortuko kliman, eguzki-erradiazioa oso bizia da urte osoan, eta tenperaturak aldakorrak dira oso. Udan, 40-50 ºC-ra ere heltzen dira. Hortaz, klima beroetarako metodo eta aztertzeko gaitasun espezifikoak garatu behar dira, baita hango klimarekin eta eraikuntza-ohiturekin bat datozen eraikuntza-soluzioak ere.

Informazio gehiago

Smart Insulation Finishing Systemsek goi-mailako energia-ezaugarriak dituzten produktuak egiten ditu. Arabiar Emirerrietan ezarrita dago, eta Ekialde Hurbileko herrialde guztietan dihardu. Negozio-garapenaren barnean, aholkularitza-lanak egiten ditu, eta eraikuntza-inguratzaileen jokaera termikoa neurtzen du tokian-tokian.

SIFS aitzindari da goi-mailako energia-ezaugarriak dituzten produktuak egiten klima beroetarako. Bizkor ari da hazten, eta ikerketa eta teknologia darabiltza garatzeko lanabes moduan.