“Egiaztatzen da Bizkaiko tunelen erabiltzaileen ongizatea eta segurtasuna bermatzeko behar diren segurtasun-estandarrak betetzen direla”
Eskala errealeko simulakroa Metropoliaren Hegoaldeko saihesbidean eraikitzen ari diren tunel berrietan
TECNALIAk, tuneletako segurtasunari buruzko foru-araudia betez, Metropoliaren Hegoaldeko saihesbidea handitzeko eraikitzen ari diren tuneletan egin den eskala errealeko simulakro bat gainbegiratu du, laster martxan jarri aurretik.
Zentroak bere gain hartu du koordinazioa, eta hauekin lankidetzan ari da Bizkaiko Foru Aldundiko Bizkaiko Tunelak Ikuskatzeko Erakundean (OITB): Sener, Lisitt eta Tekia.
Jarduera praktiko honen bidez, Arnotegi eta Seberetxe tunel berrien segurtasuna egiaztatu ahal izan da martxan jarri aurretik. Era berean, Bizkaiko tunelen segurtasunari buruzko egungo araudian ezarritako helburuak bete dira. Helburu horiek errepideetako tunelen segurtasunari buruzko abuztuaren 23ko 135/2006 Foru Dekretuan eta segurtasun eta ustiapenerako jarraibide teknikoei buruzko apirilaren 24ko 91/2012 Foru Dekretuan ezarri ziren.
TECNALIAk behatzaile gisa parte hartu du, eta bere balorazioa egin du
Istripu- eta sute-simulakroan benetako larrialdietan parte hartuko luketen agentzia guztiek hartu dute parte: Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza, Bilboko eta Foru Aldundiko suhiltzaileak, Osakidetza, Ertzaintza eta tunelaren ustiapeneko langileak.
Tunel bat ireki aurretik egin behar da prozedura hau, eta, aldizka, baita tunela martxan dagoen bitartean ere, azpiegituren, segurtasun-sistemen eta prozeduren eraginkortasuna, ustiapeneko langileen trebakuntza eta inplikatutako agente guztien koordinazioa bermatzeko.
Hala, modu jarraituan egiaztatzen da edozein gorabeheraren aurrean Bizkaiko tunelen erabiltzaileen ongizatea eta segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren segurtasun-estandarrak betetzen direla.