Berria

Sistema aeronautikoak elektrifikatzeko kontrol elektronikoko unitateak garatzen dihardugu

2020ko martxoaren 27a

Ingurumen-inpaktua gutxitzen dugu, segurtasuna eta fidagarritasuna handitzen ditugu, eta eskualde-hegazkinetako hegaldi-sistemen eraginkortasun energetikoa hobetzen dugu

Kontrol elektronikoko unitate bat (ECU) garatzen ari gara, AIRBUSen benetako hegaldien simulaziorako plataforman erabiliko dena. Unitate elektronikoa hegazkinaren fuselajean jartzen da, eta aparatuaren aleroiari eta hegoetako spoilerei eragiten die; funtzionamendu hidrauliko edo pneumatikoko sistema tradizionalak jarduera elektrikoko sistema bihurtzen ditu. Horrela, sektore aeronautikoa elektrifikatzen laguntzen du: zehazki, airelinea batzuek distantzia laburreko hegaldietarako (1.000 kilometro baino gutxiago) erabiltzen dituzten hegazkin komertzialak.

CLEAN SKY II programaren barruan EMA4FLIGHT eta VALEMA proiektu europarren esparruan garatzen ari diren sistemek ingurumen-inpaktu positiboa ziurtatzen dute, ingurumenarentzat kaltegarriak diren fluidoak gutxitzen baitituzte; aireontziaren eraginkortasuna hobetzen dute; pisua murrizten dute; fabrikazio-kostuak eta mantentze-lanak murrizten dituzte; eta egoera kritikoetan segurtasunez jardutea bermatzen dute. Hori guztia, hegaldi-aginteen jarduera-sistemen kalitate eta fidagarritasun handiagoarekin.

Bi ekimen horien emaitza positiboek aeronautika-sektorean posizio hobea izatea eta gure teknologien heldutasun-mailan jauzi bat egitea bermatzen digute. Gainera, gure bazkideekiko transferentzian eta lankidetza teknologikoan laguntzen dugu.  

Bi proiektuek Clean Sky 2 Joint Undertaking-en finantzaketa lortu dute (Europako Batzordearen eta Europako industria aeronautikoaren arteko elkarte publiko-pribatu bat da, sektorerako ikerketa-jarduerak koordinatzen eta finantzatzen dituena), Europar Batasunaren Horizon 2020 programaren barruan. EMA4FLIGHT (grant agreement: 738042 zk.) eta VALEMA (grant agreement: 755615 zk.).

CS2
H2020