"SQuA elkarte espainiar berria, teknologia kuantikoen ekosistema nazionala bultzatzeko sortua"
Teknologia kuantikoen ekosistema nazionala egituratzeko eta bultzatzeko sortutako Spanish Quantum Alliance (SQuA) espainiar elkarte berria eratu duten 53 erakunde fundatzaileen artean dago TECNALIA
Aliantza Bilbon aurkeztu zen ofizialki, Q-Expo 2026 jardunaldian, Europan egiten diren teknologia kuantikoei buruzko nazioarteko topaketa nagusietako batean. Bazkide fundatzaile gisa, TECNALIAk modu aktiboan lagunduko du ikerketa aplikatua, transferentzia teknologikoa eta industria-garapena bultzatzen, kuantikaren hiru zutabe nagusien inguruan: konputazioa, komunikazioak eta sentsorika kuantikoa.
- SQuA sortzea urrats estrategikoa izan da Espainiaren posizioa indartzeko zenbait sektore giltzarri eraldatzera deituta dagoen esparru batean, hala nola industria, zibersegurtasuna, komunikazioak, osasuna, energia eta finantzak.
- Elkartea sorreratik lerrokaturik dago teknologia kuantikoen estrategia europarra izango denarekin eta Teknologia Kuantikoen 2025-2030 Espainiako Estrategiarekin.
Rol aktiboa SQuA aliantza abiatzean
Q-Expo 2026 jardunaldian, aliantzaren aurkezpen ofizialean, SQuA elkartean TECNALIA ordezkatzen duen gure lankide Irene López de Vallejok moderatu zuen aliantza abiatzeko saio nagusietako bat, “Quantum Sensing: The First Multi-Billion-Dollar Quantum Industry”, non Espainiako ekosistema kuantikoko 80 ordezkari baino gehiago bildu baitziren, enpresak, teknologia-zentroak, unibertsitateak, administrazio publikoak eta inbertsoreak barne.
- Q-Expo jardunaldian sektoreko pertsona nabarmenek hartu zuten parte, baita Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioko zein Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioko ordezkariek ere.
- Saio horretan, Espainian teknologia kuantikoen garapena eta bereganatzea azkartzera bideratutako estrategia komun bat finkatzeko hurrengo urratsak eztabaidatu ziren.
Aukera estrategiko bat Europarentzat eta Espainiarentzat
Bere gaitasun zientifiko, teknologiko eta industrialagatik dagoeneko nabarmentzen den ekosistema bat koordinatu eta indartzeko misioarekin sortu da SQuA. Elkarteak honako esparru hauetan egingo du lan, besteak beste: ikerketa eta transferentzia teknologikoa, talentuaren garapena, startup eta ETEen finantzaketa, industriako bide-orrien definizioa, koordinazio europarra eta merkatuan benetako inpaktua duten erabilera-kasuen sustapena.
Korporazio handiak, startup espezializatuak, unibertsitateak, teknologia-zentroak, ikerketa-zentroak, sektore-elkarteak eta erakunde publikoak bildu, eta ikuspegi partekatu bat finkatu du aliantzak: Espainia Europako erreferenteetako bat bihurtzea teknologia kuantikoetan.
TECNALIAk erakunde fundatzaile gisa duen parte-hartzeak gure konpromisoa indartzen du industria-lehiakortasunerako, subiranotasun teknologikorako eta Europako eraldaketa digitalerako estrategikoak diren teknologien garapenarekin.
