Berria

TECNALIA Venturesek kimikako talentu gazteak aintzatetsi ditu

2022ko uztailaren 29a
TECNALIA Ventures reconoce a jóvenes talentos de la química

"Epaimahaiak hamalaugarren edizio honetan aurkeztutako hautagaien maila altua nabarmendu du; horrek etorkizun oparoa iragartzen du gure herrialdeko kimikarentzat".

SusChem Españak eta TECNALIA Venturesek kimikaren arloan talentu gazteek egindako lan zientifikoa eta dedikazioa aintzatetsi dute Kimikako Ikertzaile Gazteen SusChem Sarietan.

Kimika Jasangarriaren Teknologiako eta Berrikuntzako Plataformak (SusChem-España) ebatzi du Kimikako Ikertzaile Gazteen SusChem Sarien hamalaugarren edizioa. Sarion helburua da Espainiako kimikaren arloko talentu gazteen jarduera zientifiko-dibulgatiboa aintzatestea, laguntzea eta sustatzea.

SusChem Sariak 40 urtetik beherako gazteei zuzenduta daude, eta hiru kategoriatan banatzen dira. Kategoria horiek ikertzaile gazteen kimikaren arloko jarduera-esparru hauei dagozkie: etorkizuna, ikerketa eta berrikuntza (Futura, Investiga eta Innova, hurrenez hurren). Sarien bidez, publikoki aintzatesten dira ibilbide akademiko onena (Futura), argitalpen zientifiko onena (Investiga) eta lankidetza publiko-pribatuaren bidezko berrikuntzaren esparruko lanik onena (Innova).

SusChem Sarien XIV. edizioko Futura kategorian saritutako kimikari gazteak

Kimikako graduko edo zientziarekin eta teknologia kimikoekin erlazionatutako beste graduren bateko espediente akademiko onenaren saria (tituluak 2021ean lortua izan behar du).

Saria 2.000 € dira, eta urtebeteko harpidetza SusChem-Españara eta ANQUEra. Epaimahaiak, Carmen Cartagena (ANQUE) buru dela, aho batez erabaki du sari hori Alejandra Pita Milleirori ematea (Kimikan graduatua Sevillako Unibertsitatean), bere ibilbide akademiko bikainagatik eta curriculumez kanpoko merituengatik.

SusChem Saria Investiga kategorian

2021eko argitalpen zientifiko onenaren egilearen saria; argitalpenak kimikari buruzkoa izan behar du, arloa edozein dela ere, eta egileak 2021eko abenduaren 31rako jasoa izan behar zuen doktore-titulua.

Saria 3.000 € dira, eta urtebeteko harpidetza SusChem-Españara eta ANQUEra. Epaimahaiak, Francisco García Labiano (Ikerketa Zientifikoen Goi Batzordea) buru dela, aho batez erabaki du sari hori Ignacio Funes Ardoiz Kimikan doktoreari ematea, RWTH Aachen Unibertsitatean egindako Accelerated dinuclear palladium catalyst identification through unsupervised machine learning lanagatik.

SusChem Saria Innova kategorian

Lankidetza publiko eta pribatuan oinarrituta egindako lan onenaren saria. Aurkeztutako lanak azken hiru urteetan eman behar izan ditu emaitzak kimika jasangarriarekin erlazionatutako edozein arlotan, ekonomia zirkularrerako trantsizioarekin eta deskarbonizazioarekin erlazionatutako lanak barne.

Saria 5.000 € dira, urtebeteko harpidetza SusChem-Españara eta ANQUEra, eta egonaldia egiteko aukera TECNALIAren kimika aplikatuko laborategietan, edo TECNALIA Ventureseko taldeen mentorizazioa jasotzeko aukera, ekintzailetza teknologikoko gaitasunak hobetzera bideratua. Epaimahaiak, Juana Frontela (Feique eta SusChem-España) buru duela, aho batez erabaki du sari hau Natalia Muñoz Padial kimikako doktoreari ematea, Scripps Research Institutuan, Bristol Myers Squibbekin lankidetzan egindako lan honek dituen etorkizun handiko emaitzengatik: Desarrollo de una nueva clase de reactivos de P(V) sostenibles que conduzcan a una mayor eficiencia y a procesos más ecológicos.

Sustatzaileak eta adituen epaimahaia

Hauek sustatzen dituzte sariak: Espainiako Industria Kimikoaren Enpresa Federazioa (FEIQUE), Espainiako Kimikarien eta Ingeniari Kimikoen Elkarte Nazionala (ANQUE), Kimika Fakultateetako Dekanoen Espainiako Konferentzia (CEDQ), Expoquimia, Química y Sociedad Foroa eta TECNALIA Ventures, TECNALIAren Deep Tech Venture Buildera.

Hauek dira adituen epaimahaiko kideak: Juana Frontela (Feique eta SusChem España), Francisco García Labiano (Ikerketa Zientifikoen Goi Batzordea - CSIC), Mª Aránzazu Heras (Kimika Fakultateetako Dekanoen Espainiako Konferentzia - CEDQ), Gabriel González (Espainiako Patente eta Marken Bulegoa - OEPM), Carmen Cartagena (Espainiako Kimikarien eta Ingeniari Kimikoen Elkarte Nazionala – ANQUE), Pilar Navarro (Kimikako Nazioarteko Topaketa - Expoquimia) eta Jesús Torrecilla (TECNALIA Ventures).