
Berria
Berria
2019ko irailaren 23a
Gela Donostiako Ekonomia eta Enpresa Fakultatean dago eta Gipuzkoako Campuseko 11 ikastegietako proiektuak hartuko ditu
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta TECNALIAk ‑ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak‑ lankidetza estrategikorako lehen urratsa eman dute Gipuzkoako Campusean irekitako Gela Teknologiko honekin. Bi erakundeek sinatutako esparru hitzarmena oinarri hartuta garatutako lankidetza zientifiko, teknologiko eta akademikorako hitzarmen hau gaur sinatu dute Iñaki San Sebastiánek, TECNALIAko CEOak, eta Agustín Erkiziak, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak.
Gela berri hau kontzeptu eta teknologia aurreratuen prestakuntza eta ikerketarako lankidetza bultzatzeko bide izango da Gipuzkoako Campusa osatzen duten hamaika ikastegiekin batera eta, beraz, profesional bikainen prestakuntza sustatzeko oinarri izango da.
TECNALIA Gela Teknologikoan Gipuzkoako Campuseko ikastegi guztiek hartu ahal izango dute parte. Hasiera batean, honakoak izango dira gelako jardueretan lehentasuna izango duten ikastegiak: Informatika Fakultatea (Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala; Sistemen Ingeniaritza); Ingeniaritza Eskola (Elektrizitatea eta Elektronika; Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza); Kimika Fakultatea; Ekonomia eta Enpresa Fakultatea (fakultate honetan egongo da gela).