Berria

TECNALIAk konputazio kuantikoko CUCO proiektuan parte hartuko du

2022ko uztailaren 21a
Proyecto CUCO

"CUCO konputazio kuantikoan punta-puntako gaitasunak dituen lankidetza-plataforma bat sortzen laguntzen ari da Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren (CDTI) Misiones Programaren barruan, Espainiako industria estrategikoetan inpaktu jasangarria duten aplikazioen hedapena bizkortzeko"

TECNALIAk CUCO konputazio kuantikoko Espainiako lehenbiziko enpresa-proiektu handian parte hartuko du

CUCO Konputazio Kuantikoa Industria Estrategikoetarako proiektuaren xedea da algoritmo kuantikoen egoeran aurrera egitea, eta, ildo horretan, jakintza hori kontzeptu-probetan aplikatzea Espainiako sektore estrategikoetan, hala nola energian, finantzetan, espazioan, defentsan eta logistikan. Testuinguru horretan, askotariko erabilera-kasuak ikertuko dira, eta nabarmentzekoak dira, konparazio baterako, Lurra behatzea, klima-aldaketaren kontrako eta ingurumenaren aldeko borroka, informazioaren trazagarritasuna hornidura-kate osoan, finantza-kalkulu konplexuak optimizatzea eta simulazioa eta seinaleen adimena.

GMV da CUCO proiektuaren lider, eta zazpi enpresako partzuergo batek osatzen du: Amatech, BBVA, DAS Photonics, Multiverse computing, Qilimanjaro Quantum Tech eta Repsol dira gainerakoak. Era berean, bost ikerketa-zentro ere biltzen ditu: BSC, CSIC,DIPC, ICFO eta TECNALIA, Valentziako Unibertsitate Politeknikoarekin batera.

TECNALIAn gaitasun bereziak eta kanpo-ekipamenduak ditugu zenbait diziplinatan, hala nola ingeniaritza kuantikoan, konputazioan, optimizazioan, simulazioan, garapen-inguruneetan eta azpiegitura kuantikoetan, negozio-prozesuen problema eta premietan arrakastaz aplikatzeko. Era berean, teknologia horren aukera guztiak aprobetxatu nahi ditugu adimen artifizialean, komunikazio ultraseguruetan eta prestazio handiko sentsorikan gailentzeko.

Adimen artifiziala eraldaketa digitalaren teknologia erabakigarria da

Bigarren iraultza kuantiko deitzen diogun fenomenoa bereziki bideraturik dago azken urteetan materia kuantikoki manipulatzeko gaitasunean lortu diren aurrerapen handiak ustiatzera. Aurrerapen horiek garapen azkarrak ari dira bultzatzen konputazio kuantikoaren esparruan, eta eragin handia izango dute adimen artifizialean; esparru generiko horren barruan ulertzen dira askotariko problemak ebazteko konputazio-teknologiak, hala nola hauekin lotutakoak: pertzepzioa, interakzioa, ulermena, simulazioa, iragarpena, gomendatzea, optimizazioa…

Adimen artifiziala eraldaketa digitalaren teknologia erabakigarria da. Adimen artifizialak modelatzeko, inferitzeko, erabakitzeko eta jarduteko dituen gaitasunari esker, modu efizientean antolatu ahalko da mugikortasun autonomoa, zehaztasun handiz doituko da energia-produkzioa berehalako kontsumora, kate logistikoak zehazki sinkronizatuko dira produkzio- eta hornidura-premiekin, elikagai-produkzioa eskarira egokituko da eta gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-inpaktua duten bestelako prozesuak optimizatuko dira.

Teknologia horiek guztiak erabat hedatzen direnerako prest egon gaitezen, beharrezkoa da gaitasunak orain sortzea. Erakundeek talentu-konbinazio konplexu eta berezi bat garatu beharko dute, eragina duten aplikazioak sortzeko. Arlo honetan behar den ezagutza- eta aplikazio-diziplinen konbinazioa oso zaila da sortzen eta kopiatzen, eta finkatze-denbora jarraitua eskatzen du.

Konputazio kuantikoko puntako gaitasunen lankidetza-plataforma

CUCO konputazio kuantikoan punta-puntako gaitasunak dituen lankidetza-plataforma bat sortzen laguntzen ari da Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren (CDTI) Misiones Programaren barruan, Espainiako industria estrategikoetan inpaktu jasangarria duten aplikazioen hedapena bizkortzeko.

Helburu orokor hori lortzeko, proiektuak lau gako hauek ditu:

  • Negozio-kasu osagarrien eta zentzudunen zorro bat sortzera bideratzea. Konputazio kuantikoko plataformen egungo mugek baldintzatu egiten dute merkataritza-soluzio praktikoak sortzea. Horregatik, negozio-kasu osagarri eta garrantzitsuak hautatu dira, konplexutasunean eskalatu dezaketen sektore askotako arazoetara bideraturik. Hori horrela, eta hardwareak eboluzionatu ahala, proiektuan garatutako teknologia kuantikoetako soluzio algoritmiko natiboek erraz eskalatu ahal izango dute, eta gai izango dira jorratutako arazoen konplexutasun osoari erantzuteko.
  • Teknologia natiboa garatzea konputazio kuantikoaren alorrean, negozio-kasuei egokituriko arazoetarako. Teknologia propioa sortzeari ekingo zaio negozio-kasuen arazoetarako datuak eta algoritmoak kodetzeko hurbilketetan: optimizazioa, ikasketa automatikoa eta simulazioa –bai natibo kuantikoa, bai hibridoa eta inspirazio kuantikokoa–.
  • Soluzio integralen kontzeptualizazioan, identifikazioan eta garapenean espezializatutako komunitate ireki bat indartzea. Parte hartzen duten enpresen eta ikerketa-erakunde publikoen arteko interakzio trinkoa modu bat da ikaskuntza bizkortzeko eta industria-sarean eragina duen aplikazio kuantikoetara bideratutako ekosistema indartzeko, eta xede horretan laguntzen du, orobat, beste erakunde batzuekin ere eskema irekian lankidetzan jarduteak.
  • Merkatu-arrakala ixten laguntzea. Konputazio kuantikoko teknologietatik eratorritako aplikazio, produktu eta zerbitzuek merkatuan arrakasta izan dezaten, beharrezkoa da ekosistema trinkoak sortzea, teknologia horiekin loturiko berariazko soluzioen eskaria eta eskaintza uztartzen laguntzeko. Hain zuzen ere, proiektu horren jomuga dira, bereziki, soluzio-mota horien eskari potentzialak indarguneak dituen eremuak: balio-kate trinkoagoak, aplikazio-balioen katean eragile kopuru handiagoa, lehiakortasun-posizio hobea, trakzio-eragile globaletarako sarbide zuzena, arau-alderdietan eta estandarizazioan eragiteko gaitasuna, lotutako politikak, eta abar. Hori horrela, espero izatekoa da lehen etapetatik merkatu-arrakala murrizten laguntzea.

Estrategikoki, proiektuaren amaierarako garaturik egongo dira konputazio kuantikoko soluzioak garatzeko masa kritikoa izango duten lehen gaitasunak, eta lagungarriak izango dira Espainian gai horretan ekosistema berezi bat sortzeko.

Artikulu hau erabilera-kasuak azaltzeko hiru artikuluko sortako parte da. Proiektuko bazkideek hautatu dituzte kasu horiek, eta hurrengo hiru urteetan ikertuko dira.

Artikuluen egileak:

  • Esther Villar Rodríguez, taldeburua: Quantum Technologies / DIGITAL, TECNALIA.
  • Guillermo Gil Aguirrebeitia, inpaktu-garapena: Quantum Technologies / DIGITAL, TECNALIA.
  • Antón Makarov Samusev, datu-zientzialaria, GMV.
  • Rosalia Esquivel Méndez, proiektuburua, GMV.
  • Jorge Luis Hita, Konputazio Kuantikoko ikertzailea, BBVA.
  • Carlos García Meca, ikerketa-zuzendaria, DAS Photonics.

**Proiektu hau CDTIren Misiones programaren barruan diruz lagundua da, eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren babesa du, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan.

CUCO, konputazio kuantikoa