"Identifikazioa Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legeak bultzatutako jardueren barruan kokatzen da"
TECNALIAren Genetika Laborategiak, hezurren analisi genetikoak egiteko akreditatua, funtsezko zeregina izan du Manuel Girón Bazánen gorpuzkiak identifikatzeko, zeina gerrilla antifrankistak Leonen eta Galizian izan duen izenik enblematikoenetako bat baita.
Haren figura, hamarkada askoan mitoaren eta historiaren artean kokatu izan dena, zientifikoki dokumentatuta geratu da orain, diziplina anitzeko lan bati esker, non ikerketa genetikoa erabakigarria izan baita.
Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legeak bultzatutako jardueren barruan kokatzen da identifikazioa. Lege horrek Gerra Zibilean eta diktaduran desagertutako pertsonen gorpuzkiak berreskuratzea eta familiei itzultzea sustatzen du.
Identifikazio genetiko eztabaidaezina
TECNALIAko gure Genetika Laborategian aztertu dira Ponferradako Carmengo garai bateko hilerrian lurpetik ateratako hondakinak, eta honako jarduketa hauek egin dira:
- DNA atera eta aztertu da; hezurrak oso degradatuta zeudenez, biologia molekularreko teknika aurreratuak aplikatu dira.
- Konparaketa genetikoa egin da zuzeneko senide batekin, eta, horri esker, % 99,9ko bat-etortzea ezarri da; beraz, modu eztabaidaezinean berretsi da Girónen nortasuna.
Lan hori oso lagungarria izan da zazpi hamarkada baino gehiagoz irekita jarraitzen zuen historiaren atal bat ixteko.
Memoria berreskuratzeko lankidetza-proiektua
Alejandro Rodríguez Gutiérrez historialariak koordinatutako proiektu bat izan da identifikazioa egiteko oinarria. Proiektu hori Ponferradako Udalak sustatu du, Sputnik Labrego Elkarte Zientifikoak kudeatu du, eta honako hauek hartu dute parte hartan: Tempos Arqueólogos, Laura González-Garrido antropologo fisikoa eta Javier Margareto buru duen TECNALIAko Genetika Laborategia.
Gerrilla antifrankistaren enigmarik iraunkorrenetako bat konpontzeko gaitasun teknikoa eta zientifikoa eskaintzea izan da Laborategiaren ekarpena ; horri esker, Manuel Girón Bazánen gorpuzkiekin zer gertatu zen argitzen lagundu dugu. 1951n hil zen, Guardia Zibilaren infiltratu batek tirokatu ondoren.
Lehengoratze historikoa eta familientzako erreparazioa
Ponferradako Udalak azpimarratu du aurkikuntza garrantzitsua dela egia historikoan eta biktimen erreparazio moralean aurrera egiteko. Girónen identifikazioak, frankismoaren aurkako erresistentziaren gertaera garrantzitsu bati argitasuna emateaz gain, familiari ehorzte duin bat eskaintzea ahalbidetu du, Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legeak aurreikusten duen moduan.
