Teknologia kuantikoek industriarako aukera berriak zabaltzen dituzte

    2026ko urriaren 15a

    Eneko Osaba GAIA

    «Konputazio kuantikoko zenbait aplikazio aurkeztu ditugu, kalitatearen ikuskapen robotikoko sistemetan ibilbideak automatikoki planifikatzera zuzenduak»

    Kuantika aurrera doa, ikerketatik enpresara

    Teknologia kuantikoak bilakaera-fase giltzarri batean sartuta daude. Duela urte gutxi batzuk ikerketa zientifikoarekin baino lotzen ez zena industriarako aplikazio zehatzak dituen tresna bihurtzen hasi da. Aukera horiek euskal enpresa-sarera hurbiltzeko helburuarekin, Euskadiko Parke Teknologikoak eta GAIA elkarteak «Zein dira teknologia kuantikoen abantailak zure enpresarentzat?» jardunaldia antolatu eta enpresak, zentro teknologikoak, unibertsitatea eta ekosistema kuantikoko ordezkariak bildu zituzten Zamudio/Derioko Campusean.

    Zenbait arlo estrategikotan —hala nola energian, logistikan, zibersegurtasunean, komunikazioan eta fabrikazio aurreratuan— enpresa-lehiakortasuna hobetzeko, berrikuntza bultzatzeko eta erronka konplexuei erantzuteko konputazio kuantikoak eskaintzen dituen aukerak jorratu ziren topaketan.

    Erabilera-kasuak, benetako industria-erronkei aurre egiteko

    Ekosistemako hainbat erakundek garatutako esperientzia eta aplikazio errealak erakusteari eskaini zion jardunaldiak programaren zati nagusietako bat.

    Konputazio kuantikoaren aplikazioak industria-robotikan

    • Eneko Osaba gure kideak konputazio kuantikoko zenbait aplikazio aurkeztu zituen, kalitatearen ikuskapen robotikoko sistemetan ibilbideak automatikoki planifikatzera zuzenduak. Haren mintzaldiak erakutsi zuen nola lagundu dezaketen algoritmo kuantikoek industria-inguruneetan dauden optimizazio-arazo konplexuak ebazten, automatizaziorako eta eraginkortasun operatiboa hobetzeko gaitasun berriak emanez.
    • Ayesa Digitalek energia-instalazioetako OT-komunikazioetarako soluzio kuantiko-seguru bat aurkeztu zuen.
    • LKS Nextek konputazio kuantikoaren bidez gaitutako biki digitalen posibilitateak azaldu zituen.
    • Quantum Madsek hornidura-katearen optimizazio-kasu bat partekatu zuen.
    • EHUk SmartQuanT4E azpiegitura erakutsi zuen, komunikazioetan eta industria-inguruneetan esperimentatzera zuzendua.

    Teknologia-ezarpena bizkortzeko lankidetza

    Jardunaldian, gainera, erakundeek Teknologia Kuantikoak txertatzean dituzten erronka nagusiei buruzko mahai-inguru bat ere egin zen. Erronka horien artean, ezagutza-transferentzia, erabilera-kasuak sortzea, talentu espezializatua eskura izatea, eta enpresa, eragile teknologiko eta administrazioen arteko lankidetza indartu beharra nabarmendu ziren.

    Topaketaren amaieran, B2B-bileretarako gune bat egon zen, gaitasunak konektatzeko eta lankidetzarako aukera berriak sortzeko diseinatua. Dinamika horri esker, ezagutza espezializatua hurbildu ahal izan zitzaien beren prozesuetan eta negozio-ereduetan kuantikaren potentziala esploratu nahi duten enpresei.

    Ondorio nagusia argia izan zen: kuantika jada ez da etorkizuneko teknologia bat soilik. Gaur egun duen garapenak aukera errealak zabaltzen ditu lehiakortasuna hobetzeko, jasangarritasuna bultzatzeko eta industriarako abantaila bereizgarri berriak sortzeko.

    TECNALIAn, trantsizio hori bizkortzen laguntzen duten soluzio teknologiko bihurtzen jarraitzen dugu ezagutza zientifikoa.