"Irene López de Vallejo gure lankideak "Quantum-ekin etorkizuna eraikitzen” mahai-inguruan parte hartu zuen"
Zenbait erakundetako adituek erronka komun batean jarri dute arreta: industrian konputazio kuantikoa ezartzeko aurrerapausoak ematea, benetako inpaktua izan dezan
Inspiring Women Leaders in the Digital Era ekimenaren hamargarren edizioan, Bilbon, gure lankide Irene López de Vallejok "Quantum-ekin etorkizuna eraikitzen" mahai-inguruan parte hartu zuen. Han, elkarrizketan aritu ziren Esther Gallego Estévez, Almudena Justo Martínez eta Nerea Martiartu; Pilar Troncosok moderatu zuen eta Aitor Bergarak aurkeztu zuen.
Irenek azaldu zuen 2025ean sendotu egin zela konputazio kuantikoaren posizio estrategikoa. Dena den, 2026ko erronka da soluzio operatibo eta errepikagarriak martxan jartzea.
- Hori posible izan dadin, funtsezko hiru baldintza azpimarratu zituen: negozio-kasu argi bat, adierazle ongi definituak dituena; lehenengo egunetik hasita integratua dagoen industrializazio bat; eta zeregin argiak dituen ekosistema koordinatu bat.
- Osagai horietakoren bat falta denean, turismo teknologikoko egoeran erortzeko arriskua dago; hau da, jarraitutasunik eta inpakturik gabeko ekimenetan murgiltzekoa.
Ekimenetik industrian ezartzera
Parte-hartzean nabarmendu zuen beharrezkoa dela pilotu baten eta hura industrian benetan txertatzearen arteko urrats kritikoan zentratzea. Irenek gogorarazi zuen ezarpena ez dela PoC bat, ingurune operatiboan bizirauteko baldintza baizik. Horrek eskatzen du zibersegurtasuna, araudia betetzea, trazabilitatea, mantentze-lanak eta kostu kontrolatuak integratzea. Proposatu zuen adierazle erraz honekin neurtzea sektorearen aurrerapena: zenbat soluziok jarraitzen duten funtzionatzen sei hilabete geroago eta zer hobekuntza sortzen dituzten.
Gaitasunen konbinazioa, garaitzeko estrategia gisa
Irenek adierazi zuen konputazio kuantikoaren arloa jorratzeko biderik sendoena algoritmo kuantikoak eta klasikoak konbinatzea dela. Ikuspegi hibrido horrek hobekuntza neurgarriak sortzen ditu prozesu errealetan eta murriztu egiten du sortzen ari diren teknologiei lotutako ziurgabetasuna. Azpimarratu zuen epikan arreta gutxiago jarri behar dela eta gehiago ingeniaritzan; izan ere, eskalagarria dena da egokia.
Aniztasuna eta lidergoa, inpaktua izango duen berrikuntza bat sortzeko
Aro digitalean emakumeek duten lidergoari eskainitako ekitaldi bat izanik, Irenek defendatu zuen erabakiak hartzeko garaian aniztasuna funtsezkoa dela ezarpen teknologiko arduratsu eta eraginkorra egiteko.
- Aldarrikatu zuen beharrezkoa dela emakume zientzialari gehiago izatea ekimen, aurrekontu eta hedapen teknologikoen buru.
- TECNALIAn, lidergo hori bultzatzeko eta ikerketa teknologikoa oparotasun bihurtzeko lanean ari gara, era horretan industria erresilienteagoa eta lehiakorragoa izan dadin.
Sar zaitez Inspiring Women Leaders in the Digital Eraren streaming osora.
