Zuntzekin indartutako polimeroak: saiakuntzak eta araudia egitura-aplikazioetarako.

    5 de agosto de 2026

    Fiber Composite TECNALIA

    “Gure laborategia erreferente da Europan Fiber Reinforced Polymers motako konpositeak karakterizatzen eta baliozkotzen.”

    FRP konpositeak: fidagarritasuna bermatzeko erronka teknikoak eta saiakuntzak

    TECNALIAren materialen saiakuntza fisiko-mekanikoetarako laborategia erreferente da Europan FRP motako konpositeak karakterizatzen eta baliozkotzen, eta industriari osagai seguruagoak, eraginkorragoak eta iraunkorragoak diseinatzeko aukera ematen dioten soluzioak ematen ditu.

    FRP (Fiber Reinforced Polymers) motako konpositeak funtsezko material bihurtu dira sektore aeroespazialean, automobilgintzan, nautikan eta eraikuntzan, matrize polimerikoa beira-, karbono edo aramida-zuntzekin konbinatu daiteke eta. Konposite-mota horrek erresistentzia-pisu erlazio bikaina eskaintzen du.

    Hala ere, gero eta gehiago erabiltzen denez, ikerketa aurreratua eta saiakuntza oso espezializatuak eskatzen dituzten erronka tekniko batzuk ere agertu dira.

    FRP konpositeen erronka nagusiak

    • FRP konpositeek, moldakorrak baldin badira ere, fenomeno kritiko batzuk izaten dituzte, eragin handiagoa edo txikiagoa izan dezaketenak fabrikazio-metodoaren eta erabilitako zuntzaren eta erretxinaren konbinazioaren arabera: delaminazioa eta erresistentzia arriskuan jartzen duten beste fabrikazio-akats batzuk izan ditzakete, sentikorrak dira kanpo-faktoreekin (hezetasuna, eguzkia, muturreko tenperaturak), eta inpaktuek eta nekeak haien iraunkortasuna arriskuan jar dezakete.
    • Portaera horiek egituraren integritatea kolokan jar dezakete, eta materiala eta egoera errealetan ematen duen erantzuna sakon ulertzea eskatzen dute.

    Baliozkotzeak sektore kritikoetan duen garrantzia industrian

    Sektore aeroespazialean eta automobilgintzan, adibidez, segurtasuna negoziaezina da, eta akats horiei aurrea hartzea funtsezkoa da diseinuak baliozkotzeko eta osagaien fidagarritasuna bermatzeko. Halaber, konpositeak birziklatzeko zailak dira, eta erronka teknologiko horri erantzuna eman nahian ari da industria.

    FRP konpositeak karakterizatzeko saiakuntza normalizatuak

    TECNALIAren materialen saiakuntza fisiko-mekanikoetarako laborategiak nazioarteko arau nagusietan oinarritutako metodologiak aplikatzen ditu, funtsezkoak baitira materialak konparatzeko eta haien portaera ziurtatzeko:

    • ASTM D3039 / ISO 527: material plastiko eta konposite askoren trakzio-saiakuntzak normalizatzen ditu, eta aukera ematen du erresistentzia, modulua eta deformazioa doitasun handiz zehazteko.
    • ASTM D7264 / ISO 14125: hiru puntuko flexio-saiakuntzetarako prozedura ezartzen du. Ezinbestekoak dira zurruntasuna eta flexioarekiko erresistentzia ebaluatzeko.
    • ISO 14126 / ASTM D695 / ASTM D3410 / ASTM D6641 eta beste batzuk: konpositezko laminatuak karakterizatzen dituzte konpresio-esfortzuekiko, hainbat karga-hipotesirekin.
    • ISO 14130 / ASTM D2344: zenbait aldaera dituen saiakuntza-prozedura. Laminarteko ebaketarekiko erresistentzia zehazteko balio du zurruntasun handiko zenbait laminatuetan.

    Arau horiek, emaitzen konparagarritasuna bermatzeaz gain, aukera ematen diete fabrikatzaileei sektore bakoitzeko erregulazioa betetzeko.

    TECNALIAren saiakuntza- eta baliozkotze-gaitasunak

    TECNALIAk erronka horiei aurre egiten die saiakuntza hauen bidez: karakterizazio estatikoa eta dinamikoa, inpaktu-analisia, neke-azterketak, propietateak egiaztatzea hainbat tenperaturatan eta zahartze-moten ondoren.

    • Azken belaunaldiko azpiegiturak eta ekipo espezializatuak muturreko egoerak erreproduzitzen dituzte, eta datu fidagarriak itzultzen dituzte osagaiak diseinatzeko eta optimizatzeko.
    • Halaber, neurrira egindako saiakuntzak diseinatzen eta egiten dira, bezeroaren aplikazio-beharren arabera. Azken osagaia modu adierazgarrian erreproduzitzen duten prototipoen saiakuntzak ere egiten dira.

    Ezagutza aditua, erabaki fidagarriak hartzeko

    "FRP konpositeak material apartak dira, baina konplexuak ere bai. Hainbat faktoreren arabera jokatzen dute: zuntzen orientazioa, matrizearen kalitatea, fabrikazio-prozesuak eta zerbitzu-baldintzak. TECNALIAn, esperientzia, instrumentazio aurreratua eta arauen ezagutza konbinatzen ditugu, gure bezeroei erabakiak konfiantza osoz hartzeko aukera ematen dieten emaitzak eskaintzeko", azaldu du Jorge Gayosok, material konposatuen saiakuntzetan aditua bera.

    TECNALIA, aliatu estrategikoa material konposatuetarako

    FRP konpositeak aplikazio kritikoetan hedatuz doazen heinean, saiakuntza zorrotzen eta ezagutza adituaren beharra ezinbesteko bihurtzen da. TECNALIA, bere ikuspegi teknikoa eta material aurreratuetan duen ibilbidea aliatu estrategiko dira segurtasuna eta errendimendua arriskuan jarri gabe berrikuntzak egin nahi dituzten enpresentzat.