Prentsa-oharra

    Artechek TECNALIA aukeratu du etorkizuneko sareen garapena sustatzeko

    2025ko ekainaren 4a

    Arteche elige a TECNALIA para potenciar el desarrollo de las redes del futuro

    Artechek TECNALIA aukeratu du etorkizuneko sareen garapena sustatzeko aliatu gisa

    • Esparru-akordio bat sinatu dute interes komuneko I+G+B ildo estrategikoen inguruan lankidetza garatzeko
    • Gainera, TECNALIAk sustatutako oinarri teknologikoko negozio berrietan parte hartu ahal izango du Artechek, eta, horri esker, sektore elektrikoan merkatu-aukera berriak aztertu ahal izango ditu enpresak.
    • Aliantza hori apustu bat da, talentua eta jasangarritasuna garatzearen eta Artecheren deskarbonizazio-estrategia bultzatzearen aldekoa.

    Mungia (Bizkaia), 2025eko maiatzaren 21a. Artechek, mundu-mailako lider denak energiaren sektorerako ekipamenduetan, osagaietan eta soluzioetan, eta TECNALIAk, Europa-mailako erreferentziazko ikerketa eta garapen teknologikoko zentroa bera, lankidetzarako esparru-akordio bat sinatu dute, bazkide teknologiko gisa egindako ibilbide sendoan beste urrats bat emateko. Akordio estrategiko horren helburua da Artecheren eta TECNALIAren berrikuntza-gaitasuna indartzea, eta, horri esker, sektore elektrikoari aplikatutako teknologia aurreratuen eta jasangarrien garapena bizkortzea, balio erantsi handiko lankidetzaren bidez.

    Hitzarmena honako alderdi hauen inguruan egituratzen da: aktiboak monitorizatzeko eta kudeatzeko algoritmiako lankidetza-ildo estrategikoak, azpiestazioak babesteko eta kontrolatzeko sistemetarako software-aplikazioak, zibersegurtasuna, eta ekonomia zirkularra eta produktuaren jasangarritasuna.

    Horretarako, TECNALIAk Artecherekin lankidetzan jardungo du produktu berriak sortzeko, teknologia transferitzeko eta talentua prestatzeko. Garapen teknologikoen bideragarritasun-analisia egiten eta aliantza estrategikoak identifikatzen ere lagunduko du; horri esker, I+G proiektuak elkarrekin sustatzeko aukera emango du eta berrikuntzak merkatura ateratzea lasterragotzen lagunduko du.

    Halaber, TECNALIA eta ARTECHE elkarrekin ariko dira lanean araudi- eta erregulazio-premiei erantzuteko, eta, horrela, laborategiko azpiegitura aitzindariak sortuko dituzte, egungo beharrei nahiz etorkizuneko produktuen behar berriei erantzuteko; horrek merkaturako sarbidea nabarmen bizkortuko du eta estandar gorenak betetzen direla ziurtatuko du.

    Artecheko Chief Tecnology Officer den Óscar Fernández de Retanaren hitzetan: "TECNALIArekin egindako akordioak indartu egiten du sektore elektrikoaren arloan berrikuntzan eta jasangarritasunean dugun erreferente-posizioa. Lankidetza horri esker, ezagutza eta baliabide aurreratuak eskuratu ahal izango ditugu, eta abangoardiako soluzio teknologikoak garatzeko dugun gaitasuna indartuko dugu. Ilusioa pizten digu garapen teknologikoaren arloan, gure taldeen prestakuntzaren eta trebakuntzaren esparruan eta trantsizio energetikoaren eremuan TECNALIArekiko lan estuak eskainiko dizkigun aukeretan pentsatzeak".

     Bestalde, hala dio Jose Luis Elejalde TECNALIAko Trantsizio Energetiko, Klimatiko eta Urbanoko zuzendariak: “Lankidetzaren alde egiten dugu, hazteko eta mundu hobe eta jasangarriago bat sortzeko palanka gisa, eta Arteche bezalako enpresa liderrei laguntzea aukera bat da industriarako eta gizarterako funtsezkoak diren sektoreetan kokatzeko. I+Ga inoiz baino estrategikoagoa eta globalagoa da, eta TECNALIAren eginkizuna da enpresei etorkizuneko erronketara egokitzen laguntzea. Haien arazoei aurrea hartzen diegu, eta etengabe aldatzen ari den mundu honetan lehiakortasuna indartzeko aukera bihurtzen ditugu".

    Talentua garatzearen eta jasangarritasunaren aldeko apustua

    Artecheko talde teknikoen exekuzio-gaitasuna handitzeko, TECNALIAko ikertzaile egoiliarrak integratzea aurreikusten du akordioak. Ikuspegi horri esker, Artechek gaitasun operatiboa handitzeko aukera izango du. Gainera, talentua erakartzeko eta gaitzeko zerbitzu bat eskainiko du TECNALIAk, eta ziurtatuko du lantaldeek trebetasun aurreratuak eskuratzen dituztela ikerketa-zentro horretan prestakuntza-egonaldi bat egin ondoren.

    Jasangarritasunaren arloan, Arteche TECNALIArekin ariko da lanean, deskarbonizazio-estrategia bultzatzeko eta bizkortzeko. Ahalegin hori Artechek ESG arloan (Environmental, Social and Governance) duen konpromiso zabalago baten parte da. Konpromiso horren helburua da 2030era begira elektrizitate berriztagarriaren % 100eko kontsumoa lortzea eta konpainiaren karbono-aztarna % 50era murriztea 2021arekin alderatuta, eta, horrela, energia-eredu jasangarri baterako trantsizioan aurrera egitea.

    Informazio gehiago

    Komunikabideak ATREVIA

    Arteche Taldeari buruz

    1946an sortu zen Arteche Taldea. Sektore elektrikoaren barruan kokatzen du jarduera, sorkuntzatik hasi eta banaketaraino, eta ekipamendu, osagai eta soluzio elektrikoen industrian espezializatu da. Esparru horren barruan, Arteche Taldea munduko liderren TOP 3an dago neurketa-transformadoreen merkatuan, eta lehena da errele lagungarrien merkatuan. Gainera, eskualdeko lidergo-posizioari eusten dio eskakizun handiko eta balio erantsiko merkatuetara —hala nola sorkuntza berriztagarria eta trenbide-sektorea— bereziki bideratutako gainerako produktuetan.

    Arteche Taldearen negozioaren funtsa da energia elektrikoa edozein sorkuntza-instalaziotatik azken erabiltzailera eraginkortasunez, kalitatez eta fidagarritasunez garraiatzeko eta banatzeko bitartekoak jartzea. Horregatik, konpainiak behin eta berriz inbertitzen du I+G+Ban, bere produktuen kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko, produktu berrien garapenean berritzeko eta bezeroari balio erantsi bereizgarria eskaintzeko. Gaur egun, banaketa komertzialerako gaitasuna duten 175 herrialdetan baino gehiagotan dago Arteche; 10 produkzio-zentro ditu Europan, Amerikan, Asian eta Ozeanian, ikerkuntzan aritzen diren 7 zentro barne; eta 2.800 langile baino gehiago ditu mundu osoan.

    TECNALIAri buruz

    TECNALIA Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da, Europako erreferentzia eta Basque Research and Technology Alliance-ko kide. Enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta hazkunde jasangarria lortzeko. Horretarako, 1.500 lagunetik gorako lantalde bat dauka, ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez mundu hobea eraikitzeko konpromisoa hartu duena.

    Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.

    TECNALIAren misioa da ikerketa teknologikoa oparotasun bihurtzea, eta ikuspegia, berriz, enpresen eta gizartearen eraldaketaren eragile lider gisa etorkizunari aurrea hartzea, gero eta azkarrago eboluzionatzen ari den munduaren erronketara egokitu daitezen.

    European Research Survey ERSk ospeari eta posizionamenduari buruz egindako azken azterketan (2022an egina da), TECNALIA lehen postuan ageri da I+G+Ban markak duen ospeari dagokionez.