Building Envelope Alliance abian jarri da: berrikuntza eraikinetan

    2026ko uztailaren 16a

    Building Envelope Alliance abian jarri da: berrikuntza eraikinetan

    Building Envelope Alliance abian jarri da: erantzun europar bat eraikin-inguratzailearen arloko berrikuntzaren zatiketarentzat 

    Sare europar berri honek, zeinaren parte baita TECNALIA –ikerketa aplikatuko eta teknologia-garapeneko zentroa–, ikerketa-erakundeak, unibertsitateak eta berrikuntza-azeleragailuak biltzen ditu

    2026ko ekainaren 30a. Ikerketa, esperimentazioa, prestakuntza eta merkaturako sarbidea maizegi deskonektaturik egoten dira oraindik eraikin-inguratzailearen sektorean, eta horrek soluzio berritzaile, jasangarri eta zirkularren garapena eta ezarpena moteltzen du.

    Enpresentzat, diseinatzaileentzat eta sektoreko profesionalentzat, konplexua, zatikakoa eta eskuratzeko zaila izaten da askotan berrikuntza-prozesu osoan zehar ezagutza espezializatuak, azpiegitura eta zerbitzu egokiak identifikatzea.

    Behar horri erantzuteko sortu da Building Envelope Alliance (BEA)

    • Sare europar berri horrek ezagutza eta azpiegitura osagarriak dituzten ikerketa-erakundeak, unibertsitateak eta berrikuntza-azeleragailuak biltzen ditu.
    • Aliantzaren helburua hainbat zerbitzutarako sarbide-puntu integratua eskaintzea da –aholkularitza, saiakuntzak, errendimendu-baliozkotzea, prestakuntza espezializatua eta teknologia-transferentzia–, bai eta eraikin-inguratzaileen soluzioen garapena babestea ere, ikerketako eta kontzeptua baieztatzeko hasierako etapetatik hasi eta hura merkaturatu arte.
    • Sareak erreferentzia-puntu gisa funtzionatu nahi du, gaur egun berrikuntza-tresna sinpleagoak eta eraginkorragoak behar dituzten diseinatzaile, eraikuntza-enpresa, eraikinen kudeatzaile eta sektoreko beste profesional batzuei begira.
    • Europako hainbat eskualdetan aktibo diren erakundeen arteko lankidetzaren bidez, BEAk garapen teknologikoaren eta aplikazio praktikoaren arteko arrakalari aurre egin nahi dio, ezagutza espezializatuen, laborategien eta prestakuntza-programen arteko koordinazioa baliatuz.

    BEAko kide fundatzaileak

    BEAko kide fundatzaileen artean Europako zenbait herrialdetako ikerketa-instituzioak eta erakundeak daude; haien artean, Espainiaren aldetik, TECNALIA, ikerketa aplikatuko eta teknologia-garapeneko zentroa.

    Fatxaden alorreko prestakuntzan aitzindaria den European Façade Network (EFN) sarearen parte da Building Envelope Alliance, eta ekosistema europar berrian bere ezagutzak eta esperientzia txertatzean, haren jarduerak hartzen ditu oinarri.

    TECNALIA, kide fundatzailea

    TECNALIA elkarte berriaren kide fundatzaileetako bat da, eta halako gisa, Zuzendaritza Kontseiluaren parte izango da.

    Horrekin batera, barne Batzorde Teknikoetako bat gidatuko du, zeinaren ardatza arau eta erregelamenduen jarraipena egitea izango baita, diseinu-fase goiztiarretatik azken eskakizunak kontuan hartu eta erabaki-hartzean laguntzeko, Inguratzailearen Sektorean soluzio eta teknologia berritzaile eta disruptiboak ezartzea sustatze aldera.

    Sarean parte hartzea enpresei, profesionalei eta erakundeei irekita dago: sareko kideek eskainitako zerbitzuak jaso ditzakete, eta Europa mailako kontaktu-gune bakar batean bilduta aurkitu lankidetza-, prestakuntza- eta garapen profesionaleko aukerak.

    Errendimendu energetiko handiko eraikinen garapenari eskainitako MEZeroE Europako proiektuan metatutako esperientzian oinarritzen da Building Envelope Alliance.