Prentsa-oharra

Euskampusek lankidetzaren aldeko apustua egin du, Euskadi eta Akitania nazioarteko bikaintasunaren lurralde bihur daitezen

2021ko uztailaren 16a
Euskampus apuesta por la colaboración para convertir a Euskadi y Aquitania en territorio de excelencia internacional
  • Euskampus, UPV/EHUk, DIPCek, TECNALIAk eta Bordeleko Unibertsitateak osatutako erakundea, lanean ari da, Mugaz Gaindiko Nazioarteko Bikaintasun Campusa lankidetzarako espazio bateratu gisa finkatzeko.
  • urterako erronka nagusiak honako hauek dira: baterako ikerketarako 4 laborategi berri eta mugaz gaindiko lankidetzarako 5 laborategi berri sortzea, mugaz gaindiko prestakuntza eskaintza bikoiztea, europar proiektuen kopurua bostez biderkatzea, eta Europako erreferente bihurtzea unibertsitate eta ikerketa inpaktuaren ebaluazioan.

 Donostia, 2021eko uztailaren 16a. Euskampus Fundazioak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Donostia International Physics Center-ek (DIPC), TECNALIA Ikerketa Teknologikoko Zentroak eta Bordeleko Unibertsitateak osatutako erakundeak, 10 urte bete ditu, hurrengo hamarkadarako Plan Estrategiko handinahi bat lantzen ari den une berean. Plan horren bidez, lortutakoa sendotu, eta nazioarteko dimentsioa areagotu nahi du. Plan Estrategiko berriak Euskampus Fundazioa 2030erako Europan erakunde erreferente bat izatea nahi du, diziplinarteko lankidetza bultzatzeko goi mailako hezkuntzan, ikerketan eta berrikuntzan, nazioartean duen eraginaren perimetroa indartuta.

Helburua, azken batean, erakunde bakoitzaren interes partikularrez harago, guztion onurari ekarpen bat egitea da, UPV/EHUren, Bordeleko Unibertsitatearen, DIPCren eta TECNALIAren arteko lankidetzaren bidez, tokiko eta nazioarteko beste erakunde batzuekin batera. Plan Estrategikoaren bitartez, funtsean, Nazioarteko Bikaintasuneko Mugaz Gaindiko Campusa sendotu nahi da, lurraldeari balioa emateko baterako lankidetzarako espazio gisa, eta, era berean, tresnak eta egiturazko aldaketak sustatu nahi dira, Euskadi eta Akitania Berria nazioarteko bikaintasun lurralde bat osatzera irits daitezen.

2025erako Plan Estrategikoak finkatutako emaitza garrantzitsuenetako batzuk honako hauek dira:

  • Baterako Ikerketarako 5 Laborategi berri sortzea (Joint Research Laboratories: JRL).
  • Lankidetzarako Mugaz Gaindiko 5 Laborategi berri sortzea (LML).
  • Europar proiektuen kopurua bostez biderkatzea, TECNALIAren eta UPV/EHUren partaidetzarekin, hamar izatera iritsi arte.
  • Euskampusek sustatutako dinamiketan parte hartuko duten UPV/EHUko taldeen kopurua bikoiztea, talde guztien % 40ra iritsi arte, jakintza arlo guztietan.
  • UPV/EHUren eta Bordeleko Unibertsitatearen artean tutorekidetzan egindako tesien kopurua 100era iristea; hots, oraingo kopurua halako bi.
  • Bi unibertsitateen arteko baterako tituluen kopurua bikoiztea, gaur egungo 7etatik 14ra iristeko.
  • 6 jakintza komunitate sortzea eta kudeatzea, UPV/EHUko, Bordeleko Unibertsitateko, TECNALIAko eta DIPCeko 1000 ikertzaile baino gehiagoren partaidetzarekin.
  • 5 misio martxan jartzea, Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Planari bultzada erabakigarri bat emateko. Misio horietan UPV/EHUko, Bordeleko Unibertsitateko, TECNALIAko eta DIPCeko 500 ikertzailek baino gehiagok parte hartuko dute, eta beste erakunde batzuetako 200 pertsonatik gora inplikatuko dira.
  • UPV/EHUko eta Bordeleko Unibertsitateko 1000 ikasle baino gehiagoren parte hartzea bultzatzea, Euskampusen komunitate eta misioetan.
  • Mugaz gaindiko lankidetzarako 100 topaketa baino gehiago egitea, bi unibertsitateetako 2000 ikertzaile eta 1000 ikasle baino gehiagoren parte hartzea sustatuta.

10 bikaintasun urte, lankidetzan

Euskampus Fundazioa, hasiera batean, Nazioarteko Bikaintasun Campus - NBC Euskampus Bihurtzeko Proiektua bultzatzeko sortu zen, UPV/EHUren lidergoarekin eta TECNALIArekin eta DIPCrekin egindako aliantza estrategiko baten esparruan.

2015ean, NBC Euskampus Proiektuaren ebaluazioan nazioarteko aditu talde batek kalifikazio gorena eman ondoren, Euskampus Fundazioak proiektu horretan abian jarritako lankidetza jarduera nuklearrak garatzen jarraitu zuen: jakintza guneen komunitatea (gai jakin batzuetan lankidetza bultzatzeko ikertaldeak) eta Euskampus-Bordele Mugaz Gaindiko Campusa.

Hamar urte hauetan, diziplina askotako UPV/EHUko ikertaldeen % 20k inguruk eta tokiko nahiz nazioarteko 20 erakundek baino gehiagok (UPV/EHU, TECNALIA eta DIPC ez direnak) hartu dute parte jakintza guneen lankidetzaren dinamikan. Euskampus Fundazioak, 2012. urteaz geroztik, 4 milioi euro inguruko inbertsioa egin du orotara, eta 100 lankidetza jardueratik gora bultzatu ditu (tokiko eta nazioarteko ikerketa proiektuak, graduondoko eskaintza berria, jakintzaren transferentzia eta gizarteratzea), 4 udako ikastaro antolatu ditu, eta, TECNALIAren ekimenez, baterako ikerketarako 5 laborategi (JRL) jarri ditu martxan hainbat arlotan, hala nola adimen artifiziala, energia berriztagarriak itsas ingurunea, antibiotikoekiko erresistentzia, hormigoi jasangarriak edo garapen farmazeutiko aurreratuak.

Era berean, 2020an, lankidetza formula berri bat hasi zen esperimentatzen, Euskampusen misioei eta erronkei begira. Euskampus Erresilientzia COVID19 Misioa jarri zen martxan, 4 erronka lortzeari begira. Hala, programa horretan, diziplinarteko 9 lankidetza proiektu mobilizatu dira, UPV/EHUko, DIPCeko, TECNALIAko eta Bordeleko Unibertsitateko 60 ikertzailek baino gehiagok parte hartu dute, eta Euskampus Fundazioaren 234.000 euro inbertitu dira.

Mugaz Gaindiko Campusa eta beste proiektu batzuk

Euskampus-Bordele Mugaz Gaindiko Campusak unibertsitate eta ikerketa komunitate handi bat osatzen du gaur egun, zeinak 100.000 ikasle baino gehiago eta 9.000 irakasle-ikertzaile inguru biltzen baititu. Gaur egun, baterako 7 graduondoko titulu ditu; lankidetzarako mugaz gaindiko 4 laborategi (LTC) jarri ditu martxan nanozientzia, fabrikazio aurreratu, matematika aplikatu eta hormigoi jasangarrien arloetan; Hezkuntza Berrikuntzarako Proiektu aitzindari bat garatu du (Ocean i3); 50 tesi baino gehiagoren defentsa bultzatu du tutorekidetza erregimenean; 300 argitalpen zientifikotik gorako argitalpena sustatu du; 9 europar proiektu eta 6 euroeskualdeko proiektu garatu ditu; eta 3 sinposio, mugaz gaindiko 3 topaketa eta mugaz gaindiko 2 udako ikastaro antolatu ditu. Euskampus Fundazioak 2 milioi euro inbertitu ditu Mugaz Gaindiko Campusaren garapenean. Lankidetza lan trinko horrek aitortza bat jaso zuen 2018ko azaroan, UPV/EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak Dialogo saria jaso zutenean. Horrez gain, Euskampus Fundazioak ekarpen garrantzitsua egin du ENLIGHT Europako Unibertsitatearen sorreran. Bertan, bi unibertsitateek hartzen dute parte, eta Mugaz Gaindiko Campusean garatutako planteamendu bateratuarekin sartu dira.

Nabarmendu behar dugu ere, urte hauetan, Euskampusek UPV/EHUren eta TECNALIAren arteko lankidetza esparru berri bat sortu duela, baliagarria izaten ari dena bi erakundeen arteko elkar osagarritasunetik inpaktu zientifiko-teknologiko handia sortzeko I+G katean. Akordioari esker, azken urte hauetan lankidetzan egindako ekoizpen zientifikoa bikoiztu egin da; hala, 120 ikertzaile biltzen dituzten 4 JRL bultzatu dira, teknologia ikasgela berriak sortuz, 50 proiektu baino gehiagotan kolaboratuz eta 102 tesi bultzatuz ko-zuzendaritzan.

Azken finean, Euskampus diziplina eta eragile anitzeko lankidetza katalizatzen duen erakunde bat da gaur-gaurkoz, bere bazkide estrategikoen baterako lidergoa bultzatzen duena, lurraldearen garapenean eta nazioarteko hedakuntzan, eta erronka globalei aurre egiteko balio sozioekonomiko handiko erantzun lokalak bultzatzen dituena.

Informazio gehiago
  • Euskampusen hamar urte hauei buruzko informazio xehea.