KEYTER eta TECNALIA klimatizazio eta hozte jasangarriko berrikuntza bultzatzeko aliatu dira
- Bi erakundeek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, klimatizazio- eta hozte-soluzioetako (HVAC+R) teknologia aurreratuen garapena bizkortzeko
- Aliantzari esker, tenperatura altuko bero-ponpen, Datuak Prozesatzeko Zentroetarako (CPD) soluzioen eta digitalizazio aurreratuko teknologien garapena bultzatuko da
- Hitzarmenak indartu egiten du KEYTERek deskarbonizazioaren, energia-eraginkortasunaren eta nazioarteko lehiakortasunaren alde egindako apustua
2026ko urriaren 30a. KEYTERek —klimatizazio- eta hozte-soluzioetan (HVAC+R) espezializatutako enpresa industriala— eta TECNALIAk —Espainiako eta Europa hegoaldeko ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena— lankidetza estrategikoko esparru-hitzarmen bat sinatu dute, klimatizazioaren eta hoztearen sektorean etorkizunerako giltzarri diren zenbait alorretako garapen teknologikoa bultzatzeko.
- Hitzarmenean, lankidetza-esparru egonkor bat ezartzen da: klimatizazio-soluzio eraginkorrago, fidagarriago eta lehiakorragoak merkatura bizkorrago iristea du helburu, eta Europako arau-eskakizunekin lerrokatuta dago deskarbonizazio-helburuei eta isuriak murrizteari dagokienez.
- Lankidetzaren ardatz nagusiak honako hauek izango dira: tenperatura altuko bero-ponpak garatzea, Datuak Prozesatzeko Zentroetarako (CPD) soluzioak —hala nola hozteko makinak eta unitate terminalak—, eta prozesuetan eta ekipoetan aplikatutako digitalizazio aurreratua. Helburua da energia-errendimendu handiagoko eta funtzionamendu-kostu txikiagoko ekipoak diseinatzea eta baliozkotzea, industria-inguruneetan nahiz etxebizitza-eraikuntzan dagoen soluzio jasangarrien eskaera gero eta handiagoari erantzuteko.
Jarduera-ildo estrategikoak
Hitzarmenean artikulatzen diren lankidetza-ildo ugarien artean, honako hauek dira aipagarrienak: HVAC-alorreko joera teknologikoak eta negozio-aukerak identifikatzea; I+G+Bko proiektu estrategikoak batera definitzea eta garatzea; jabetza intelektuala sortzea eta ustiatzea; berrikuntzako aholkularitza estrategikoko zerbitzuak; ekipoak baliozkotzeko eta egiaztatzeko laborategi-jarduerak; osagaien diseinu eta hautaketarako aholkularitza teknikoa; eta prestakuntza espezializatua eta talentuaren gaikuntza.
Orobat, bi erakundeek honako teknologia hauetan egingo dute lan: fabrikazio aurreratua; tenperatura altuko trukagailuetarako eta ingurune korrosiboetarako material berriak; hidrogenoarekin lotutako hotz/bero-soluzioak; district heating eta cooling teknologiak; biltegiratze termikoa; eta eskala handiko nekazaritza-prozesuetarako aplikazioak.
Berrikuntza deskarbonizazioaren zerbitzura
Hitzarmenak garrantzi berezia hartzen du gaurko testuinguruan, indartsu hazten ari baita bero-ponpen eta HVAC+R-teknologien merkatu europarra, Europako energia-politikek, eskari termikoaren elektrifikazioak eta eraikinetan eta industrian isuriak murrizteko beharrak bultzaturik.
- TECNALIAk KEYTERekin batera lan egingo du aukera teknologiko berriak identifikatzen, I+G+Bko proiektu estrategikoak diseinatzen, soluzioak esperimentalki baliozkotzen eta talentu espezializatua garatzen, enpresaren berrikuntza-gaitasuna eta industria mailako exekuzio-gaitasuna indartzeko.
- Aliantza horri esker, KEYTERen nazioarteko lehiakortasuna indartuko da, oinarri teknologikoko negozio-ildo berriak bultzatuko dira, eta erreferentziazko posizio bat hartuko dute bi erakundeek balio erantsi handiko HVAC+R-soluzio jasangarrien garapenean.
KEYTERi buruz
KEYTER 2013an Lucenan sortutako enpresa industrial bat da, klimatizazio- eta hozte-soluzioak (HVAC+R) diseinatzen, fabrikatzen eta merkaturatzen espezializatua, jasangarritasuna, energia-eraginkortasuna eta berrikuntza teknologikoa ardatz. “Born Global” konpainia gisa definituta, 60 herrialdetan baino gehiagotan dago presente filialen eta tokiko kolaboratzaileen bidez, honako misio honekin: bizi-kalitatea hobetzea, ingurumena errespetatzen duten teknologien bitartez.
TECNALIAri buruz
TECNALIA Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da, Europako erreferentzia eta Basque Research and Technology Alliance-ko kide. Enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta hazkunde jasangarria lortzeko. Horretarako, 1.500 lagunetik gorako lantalde bat dauka, ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez mundu hobea eraikitzeko konpromisoa hartu duena. Horregatik, TECNALIAren ikerketak benetako eragina du gizartean, eta onurak sortzen ditu bizi-kalitatean eta aurrerabidean. Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.
European Research Survey ERSk ospeari eta posizionamenduari buruz egindako azken azterketan (2022an egina da), TECNALIA lehen postuan ageri da I+G+Ban markak duen ospeari dagokionez.
