Prentsa-oharra

    Mugikortasun jasangarrirako soluzioak bultzatzen floten egiturak eta osagaiak arintzeko

    2025ko abenduaren 17a

    Soluciones de movilidad sostenible para aligerar estructuras y componentes de las flotas

    IRIZAR eta TECNALIA, mugikortasun jasangarrirako soluzioak bultzatzen floten egiturak eta osagaiak arintzeko

    IRIZAR autobus- eta autokar-marka liderra eta TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroa elkarrekin arituko dira lanean zenbait arlotan, hala nola propultsio-sistema multiteknologikoetan, arinduran, mugikortasun adimendunean edo teknologia digitalak ezartzen

    2025eko abenduaren 17a. IRIZAR autobus eta autokar multiteknologikoen marka liderrak eta TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak aliantza indartu dute, eta beste esparru-akordio bat sinatu dute automobilgintza-sektorean mugikortasun jasangarrirako soluzioak bultzatzeko. Bi erakundeek urteak daramatzate lankidetzan; besteak beste, mugikortasun jasangarrirako teknologia berritzaileak ikertzen eta garatzen. Aurrerantzean, sakondu egingo dute lankidetza hori, beste zenbait alor ere landuko baitituzte, hala nola egiturak eta osagaiak arintzea, propultsio elektriko eta hibridorako kontrol-sistemak, konektibitate eta mugikortasun adimenduna, eta digitalizazioa. David Sánchez TECNALIAko Industria eta Mugikortasuneko zuzendariak eta Imanol Rego Irizar Taldeko zuzendari nagusiak sinatu dituzte lankidetza-alor berriok.

    • Egiturak eta osagaiak arintzeari dagokionez, IRIZAR eta TECNALIA soluzio berritzaileen bila ari dira, dela etorkizuneko ibilgailu-lineek efizientzia energetiko handiagoa izateko, dela kostuak murrizteko. Bi erakundeek alternatibak garatzen dihardute material konposatuen bitartez, etorkizuneko autobus-gaman txertatzeko. Bien bitartean, egiturak arintzeko aukerak identifikatzen jarraitzen dute.
    • Propultsio elektriko eta hibridoetarako kontrol-sistemen alorreko ikerketari eta garapenari dagokienez, IRIZAR eta TECNALIA orpoz orpo ari dira kontrol-algoritmo aurreratuak eta energia-kudeaketaren diseinua eta garapena lantzen, bai autobusetarako, bai IRIZARREN ieTruck kamioi % 100 elektrikorako. Kontrol-sistema horien bidez, energia-kontsumoa optimizatzea eta ibilgailuen efizientzia hobetzea lortzen da, eta, horren ondorioz, murriztu egiten dira emisioak, eta ibilgailuen autonomia, berriz, areagotu.
    • Gainera, lankidetza horrek kudeaketa termikoa behar duten sistema ontziratuen energia optimizatzeari ere heltzen dio. Horretarako, ereduak eta algoritmoak garatzen dituzte, soluzio efizienteagoak eta jasangarriagoak bilatzen jarraitzeko.

    IRIZAR eta TECNALIA lankidetzan ikusteak frogatzen du industriak eta ikerketak jardun dezaketela elkarlanean, automobilgintzaren sektorean berrikuntza eta garapen jasangarria bultzatzeko. Bi erakundeek konpromisoa hartzen dute elkarrekin lanean jarraitzeko, eta, hala, merkatuaren eta bezeroaren beharrei erantzuten dieten soluzio berritzaileak diseinatzeko eta garatzeko.

     TECNALIAri buruz

    TECNALIA Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da, Europako erreferentzia eta Basque Research and Technology Alliance-ko kide. Enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta hazkunde jasangarria lortzeko. Horretarako, 1.500 lagunetik gorako lantalde bat dauka, ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez mundu hobea eraikitzeko konpromisoa hartu duena.

    Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.

    TECNALIAren misioa da ikerketa teknologikoa oparotasun bihurtzea, eta ikuspegia, berriz, enpresen eta gizartearen eraldaketaren eragile lider gisa etorkizunari aurrea hartzea, gero eta azkarrago eboluzionatzen ari den munduaren erronketara egokitu daitezen.

    European Research Survey ERSk ospeari eta posizionamenduari buruz egindako azken azterketan (2022an egina da), TECNALIA lehen postuan ageri da I+G+Ban markak duen ospeari dagokionez.

    Irizarri buruz

    Irizar nazioartean presente dagoen enpresa-talde bat da, eta zenbait sektoretan jarduten du (mugikortasuna, pertsonen garraioa, elektromugikortasuna, elektronika, konektibitatea eta energia).

    Zazpi markak osatzen dute taldea, eta Espainian, Marokon, Brasilen, Mexikon eta Hegoafrikan banaturiko 13 lantegitan garatzen dute ekoizpen-jarduera. Horretaz gainera, badu I+Gko zentro propio bat ere, Creatio, zeinak Ormaiztegin baitu egoitza. Ibilgailu efizientez eta jasangarriz osaturiko gama oso bat eskaintzen du: elektrikoak, hibridoak, gas naturala edo hidrogenoa baliatzen dutenak eta dieselak. Hala, egungo eta etorkizuneko mugikortasun-premiak estaltzen ditu.

    Irizar 1889an sortu zen, eta gaur egun talde sendoa da: 90 herrialdetan baino gehiagotan du presentzia komertziala, eta dibertsifikaturik dago, bai geografikoki, bai alderdi industrialari erreparaturik. Etengabe ari da hazten, eta marka, teknologia eta jasangarritasuna dira haren apustu nagusia.