Prentsa-oharra

PETRONORek eta TECNALIAk bat egin dute findegiaren eraldaketa digitala lideratzeko

2018ko ekainaren 20a

Hitzarmena elkarren artean gauzatutako zenbait proiekturen eta Antonio Brufau REPSOLen presidenteak ostegunean ikerketa eta garapen teknologikorako zentrora egindako bisitaldiaren ondoren sinatu dute

Bilbon, 2018ko ekainaren 20an. PETRONORek eta TECNALIAk findegiaren eraldaketa digitalaren aldeko apustua indartu dute, energia-zerbitzu aurreratuak integratu eta PETRONOR operadore energetiko globaltzat bultzatuko duen lankidetza-hitzarmenaren bitartez. Hitzarmen honi esker, PETRONORek sektoreko berrikuntza lideratuko du eta TECNALIAk aurrerapausoak ematen jarraituko du enpresetan negozio-aukerak sortu eta teknologia BPGd bihurtzeko helburuan.

Hasieran hiru urteko iraupena izango duen hitzarmen honen sinaketa estu-estu lotuta dago, Antonio Brufau REPSOLen presidenteak joan den astean TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikorako zentroak Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean dituen instalazioetara egindako bisitaldiarekin. Zentroak hainbat enpresarekin batera energia sektoreraren digitalizazioaren arloan garatzen eta merkaturatzen diharduen soluzio teknologikoen xehetasunak ezagutzea izan zen bisitaldiaren helburua.

Hitzarmen hau elkarren artean gauzatutako zenbait proiekturen ondoren sinatu dute, eta eraldaketa bizkortzeko, orain arteko lankidetza indartu dute berrikuntza-eredu ireki baten mesedetan. Baterako ikerketaren garapenari begira, bi erakundeek energia sektorea eraldatzeko teknologia digitalen arloan dituzten gaitasunak partekatu eta bultzatuko dituzte, datuen analisiarekin, adimen artifizialaren erabilerarekin nahiz prozesuen errendimendua hobetzea xede duten errealitate birtualaren, errealitate areagotuaren eta biki digitalaren aplikazioarekin lotutako teknologien laguntzaz. Energia sektoreko ekoizpena eraldatzen ari diren soluzio digitalak ere aplikatu ahal izango dituzte, robotikoak barne.

Era berean, teknologiarik aurreratuenekin lan egingo dute material aurreratuak, eraginkortasun energetikoa eta bioerregaiak bezalako esparruetan, findegiko prozesuetan ahalik eta eraginkortasunik handiena lortzeko asmoz.

Azkenik, beharrezko erronkei ekingo diete PETRONOR eragile energetiko globala bihurtzeko, banatutako sorkuntzari, garraioaren elektrifikazioari, banatutako energia-biltegiratzearen integrazioari eta energia-eskariaren kudeaketari dagozkien teknologien garapenaren bitartez.

Hitzarmena baterako garapen teknologikorako Plan Estrategikoaren bitartez abiaraziko da, Fidagarritasuna eta Mantentze-lanak, Ingeniaritza eta Garapena, Ekoizpena, Segurtasuna, Ingurumena eta Kalitatea, eta oinarri teknologikoa duten Negozio Berriak bezalako alderdiei buruzko ikerketa-ildoak zehaztuz. 

PETRONORi buruz

PETRONOR petroliogintza sektorearen abangoardia industriala irudikatzen duen enpresa da, tradizioaren eta kokatuta dagoen inguruarekiko hurbiltasunaren espiritua ikur duena, hortik sortua baita bere indar produktiboa. Urteko 11 milioi tonako ekoizpen-gaitasuna duela, Espainiako findegirik handiena bihurtu da eta ekoizpenaren herena baino zertxobait gehiago esportatzen du. Berrikuntzaren aldeko apustua da erreferentziazko enpresa energetikoa bihurtuko duten gakoetako bat. www.petronor.eus 

TECNALIAri buruz

TECNALIA Europan erreferente bihurtu den Ikerketa eta Garapen Teknologikorako Zentroa da, 30 nazionalitatetako 1.400 aditu biltzen dituena, teknologia BPGd bihurtuz eta enpresetan negozio-aukerak sortuz, pertsonen bizi-kalitatea hobetzea helburu duena. www.tecnalia.com