Prentsa-oharra

Primafriok eta Tecnaliak bat egin dute nodo logistikoen automatizazioan eta optimizazio energetikoan soluzio teknologikoak garatzeko

2018ko martxoaren 7a

Emisioak murriztea, ibilgailuei aplikatutako informazio-sistemak eta segurtasuna dira aliantza horren arlo estrategikoetako batzuk.

Hala, garraioaren sektorean berrikuntzaren aitzindari izateko helbururantz urratsa egin du Primafriok.

2018ko martxoaren 7a Lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Espainian barazki eta fruten garraioan aitzindari den Primafrio enpresak eta TECNALIAk, Europan erreferentziakoa den ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak; ikerketa-lerroak garatzea eta garraio logistikoan I+G-ko proiektuak abian jartzea izango da xedea.

Hitzarmen horren bidez, sektorerako estrategikoak diren ardatz nagusi batzuen inguruan egin ahal izango dute lan bi aldeek: optimizazio energetikoa eta CO2‑emisioen murrizketa; ataza-automatizazioa, gidarien lana errazteko eta haien errepideko segurtasuna hobetzeko; edo ibilgailu eta instalazioetan informazio-sistemak ezartzea, segurtasuna eta prozedurak hobetzeko.

Bestalde, lortutako hitzarmena dela bide, merkantzia maneiatzen den kokaleku fisikoetako (hots, nodo logistikoetako) sofistikazioari loturiko ekimenak jarriko dira martxan. Ekimen horietako batzuek nodo horiek automatizatzea izango dute helburu, haiek monitorizatzea, edo ingurune horretan energia optimizatzea.

Lankidetza-hitzarmen honen bidez, Primafriok argi utzi du aitzindari izatea duela xede; horretarako, berrikuntza eta lehiakortasun globaleko ingurune batean kokatuko duten proiektuak eta soluzioak baliatuko ditu. Horrez gain, logistikaren eta nazioarteko garraioaren sektorean teknologia erabiltzen ere aitzindari izan nahi du.

Bestalde, aliantza honek erraztu egingo dio TECNALIAri abangoardiako zenbait teknologia garraio logistikoaren sektoreari aplikatzea; hots, soluzio teknologikoak aplikatu ahal izango ditu hibridazio elektrikoan, emisioen murrizketan, adimen artifizialean eta zibersegurtasunean.

“TECNALIA bezalako bazkide batekin bat egitea erabaki dugu, Primafrioko I+G+B saila egiten ari den lan eskergari modu egituratu eta eraginkorrean erantzun ahal izateko. Bazkide teknologiko berri honekin lankidetzan jardunez, berrikuntzaren alorrean ditugun erronkei zaluago erantzun ahal izango diegu, eta sektoreko azken berrikuntzak aplikatu”, adierazi du Juan Conesak, Primafrioko zuzendari nagusiak.

Iñaki San Sebastián TECNALIAko zuzendari nagusiak, berriz, hau adierazi du: “harro gaude logistikaren eta garraioaren sektorean aitzindari den Primafríori bere teknologia- eta negozio-eraldaketako proiektu handian laguntzeaz. Hala, industriaren lehiakortasuna handitzeko dugun xedea bultzatzen dugu, eta, aldi berean, inbertsioa ekartzen dugu Euskal Herrira”.

Ibilgailu, instalazio eta nodo logistikoetan esku hartzea

Primafriok eta TECNALIAk hiru jarduera-esparru nagusi izango dituzte. Alde batetik, ibilgailuen flotan esku-hartze zuzena egingo da, bi helburu zehatzekin: atmosferara isurtzen diren karbono-emisioak murriztea eta bide-segurtasuna hobetzea, gidarien eginkizun batzuk soildu eta automatizatzeko aukera ematen duten soluzio teknologikoak garatuz.

Bi erakundeen bigarren jarduera-esparrua nodo logistikoen sofistikazioa izango da. Eta, azkenik, bai instalazioetan eta bai ibilgailuetan informazio-sistemak martxan jartzea ekarriko du hitzarmenak.

Hala, egungo sistema operatiboak konpontzen eta hobetzen lagunduko duten soluzio tekniko berritzaileak jorratuko ditu aliantzak. TECNALIAk bere esperientzia teknologikoa eskainiko die Primafriori eta haren bazkide teknologikoei, sorkuntza eta prototipo berriak garatzen eta martxan jartzen laguntzeko.

Primafriori buruz

Primafrio barazki- eta fruta-produktuen garraioko Europako enpresa garrantzitsuenetako bat da, eta hotzeko garraioko Espainiako enpresa nagusia. 50 urtetik gorako esperientzia du estatuko nahiz nazioarteko hotzeko garraioaren sektorean; Alemania, Erresuma Batua eta Frantzia ditu helburuko herrialde nagusi. Haren zerbitzu-sortaren barruan, hotzeko garraioari dagokio negozio-bolumen handiena, eta, jarraian, zerbitzu logistikoei.

www.primafrio.com/

TECNALIAri buruz

Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 aditu ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtzen saiatzen direnak gizakion bizi-kalitatea hobetzearren, enpresentzat negozio-aukerak sortuz.

 www.TECNALIA.com