TECNALIAk eta Sopra Steriak aplikazioen subiranotasuneranzko aurrerapauso handia eman dute

    2026ko ekainaren 18a

    Confidential Containers-en kontzeptu berriari esker, aplikazioen subiranotasuneranzko aurrerapauso handia eman dute TECNALIAk eta Sopra Steriak

    Confidential Containers-en kontzeptu berriari esker, aplikazioen subiranotasuneranzko aurrerapauso handia eman dute TECNALIAk eta Sopra Steriak

    • Aliantzak datuen arau-betetzea eta babesa indartuko ditu abiadura moteldu gabe, baita datuak prozesatu bitartean ere
    • TECNALIAk eta Sopra Steriak Red Hat Confidential Containers baliozkotu dute OpenShift-en, ingurune hibridoetan eta multicloud inguruneetan karga sentikorrak babesteko
    • Elkarlan horrek AAren erabilera-kasu berrien, ikerketaren eta edge computingaren oinarriak finkatu ditu

    Madril, 2026ko ekainaren 8a - TECNALIAk, ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko Espainiako zentro handienak, eta Sopra Steriak, Europako aholkularitzako, zerbitzu digitaletako eta software-garapeneko liderrak, aliantza bat sortu dute informazio kritikoarekin lan egiten duten erakundeen erronka larrienetako bati erantzuteko: nola exekutatu datu sentikorrak dituzten aplikazioak eta adimen artifizialeko ereduak, cloud-native garapenaren bizkortasunari eta eskakizun erregulatzaileak eta zibersegurtasunekoak betetzeari eragin gabe?

    Aliantza hau bi erakundeok Espainiako ehun enpresarial eta instituzionalean konputazio konfidentzialeko teknologiak inplementatzea sustatzeko egin duten elkarlan estrategikoan dago kokatuta, eta arreta berezia jartzen dio datuen babesari lotutako eskakizun zorrotzagoak dituzten sektoreei; hots, administrazio publikoari, finantza-zerbitzuei, osasun-zientziei eta defentsari.

    Testuinguru horretan, Red Hat Confidential Containers Red Hat OpenShift-en erabiltzean zetzan proiektua osatu dute. Horren bidez, aplikazioak eta datu sentikorrak haiek exekutatu bitartean ere babestu daitezkeela frogatu dute, eta atea ireki diete aplikazioen subiranotasun-eredu berriei.

    Probek baliozkotu dute Red Hat Confidential Containers Red Hat Openshift-en erabil daitekeela ingurune hibridoetan eta multicloud inguruneetan lan-karga sentikorren babesa areagotzeko. Teknologia horrek Intel TDXn oinarritutako hardware-isolamenduko geruza osagarri bat gehitzen du, zeinak ziurtatzen baitu hedatutako aplikazioak ezin ditzaketela baimenik gabe kopiatu, ikuskatu edo birbanatu, ezta azpiegituren hornitzaileek ere.

    • "Erakundeek berrikuntzak cloud-nativen egiteko beharra dute, arriskuaren eta arau-gordetzearen gaineko kontrol zorrotzari uko egin gabe. Ekimen honen bidez, frogatu dugu edukitzaile konfidentzialak OpenShift-en modu eraginkorrean integratu daitezkeela, segurtasun-eskakizun handiko proiektuetan erabiltzen diren datuen segurtasuna gauza ziurra izan dadin, ez garapenerako oztopo", adierazi du Espainiako Sopra Steriako Digital Platform Serviceseko CTO Alfio Matesanzek.
    • Segurtasuna eta konfiantza funtsezko faktoreak dira ingurune enpresarial eta industrialetan cloud teknologiak bizkorrago inplementatzeko. TECNALIAk soluzio aurreratuak garatzearen eta baliozkotzearen aldeko apustua egiten du, erakundeek zerbitzu digitalak konfidentzialtasun eta datuen babes handiagoarekin zabaldu ahal izan ditzaten. Sopra Steria eta Red Hat proiektu honetan elkarlanean aritzea aurrerapauso handia da subiranotasun digitalaren erronkekin lerrokatuta dauden cloud azpiegitura seguru eta erresilienteagoetarako bidean", gehitu du Tecnaliako CIO Aitzol Zubizarretak.

    Datuen subiranotasuna bakarrik ez, baita aplikazioena ere

    Orain arte, gordea dagoen informazioa zifratzea eta zirkulazioan dauden komunikazioak babestea zuten ardatz erakunde gehienen segurtasun-estrategiek. Hala ere, exekuzio-inguruneek (hau da, datuak prozesatzen diren momentuek) erasoak jasan zitzaketen arrisku-puntu izaten jarraitzen zuten. Hegal hori ixteko, konputazio konfidentzialak ziurtatzen du datuak zifratuta mantentzen direla, baita exekutatu bitartean ere.

    • Ikuspegi horrek, datuen babesa sendotzeaz gain, aplikazioetara eta AAko ereduetara hedatzen du subiranotasunaren kontzeptua, eta datuak baimendutako inguruneetatik atera edo kopiatu ahal izatea saihesten du. Hori bereziki garrantzitsua da araudi-eskakizun zorrotzak dituzten sektoreetan jarduten duten edo hirugarrenekin guztiz fidagarriak ez diren inguruneetan lankidetzan aritzen diren erakundeentzat.
    • Proiektuak OpenShift-eko edukiontzi konfidentzialen erabileran aurrerapausoak ematea ahalbidetu du maila tekniko zein operatiboan, eta uneko etengabeko integrazio- eta entrega-prozesuekiko (CI/CD) integrazioa balioztatu du. Emaitzek hainbat alorretan erabilera-kasu berriei heltzeko oinarriak finkatu dituzte: ikerketa- eta berrikuntza-proiektuetan, AAko eredu jabedunen babesean eta edge computingeko inguruneetako edo guztiz fidagarriak ez diren azpiegituretako hedapenean.

    TECNALIAri buruz

    TECNALIA Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da, Europako erreferentzia eta Basque Research and Technology Alliance-ko kide. Enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta hazkunde jasangarria lortzeko. Horretarako, 1.500 lagunetik gorako lantalde bat dauka, ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez mundu hobea eraikitzeko konpromisoa hartu duena. Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.

    TECNALIAren misioa da ikerketa teknologikoa oparotasun bihurtzea, eta ikuspegia, berriz, enpresen eta gizartearen eraldaketaren eragile lider gisa etorkizunari aurrea hartzea, gero eta azkarrago eboluzionatzen ari den munduaren erronketara egokitu daitezen. Horregatik, TECNALIAren ikerketak benetako eragina du gizartean, eta onurak sortzen ditu bizi-kalitatean eta aurrerabidean. European Research Survey ERSk ospeari eta posizionamenduari buruz egindako azken azterketan (2025ean egina da), TECNALIA lehen postuan ageri da I+G+Ban markak duen ospeari dagokionez.

    Sopra Steriari buruz

    Sopra Steria aholkularitzako, zerbitzu digitaletako eta software-garapeneko lider ezaguna da Europan, eta eraldaketa digitala sustatzen eta egiazko abantaila jasangarriak lortzen laguntzen die bezeroei. Soluzio integralak eskaintzen ditu, enpresa eta erakunde handiak lehiakorragoak izan daitezen. Horretarako, hainbat enpresa-sektoreren inguruko ezagutza sakona eta teknologia berritzaileak konbinatzen ditu erabat kolaboratiboa den ikuspegi bat oinarri hartuta. Sopra Steriak pertsona jartzen du bere jardunaren erdigunean, eta bezeroekin konpromisoa hartzen du euren gaitasun digitalei etorkizun positibo bat eraikitzeko ahalik eta etekin gehien ateratzeko. Taldeak 51.000 langile ditu ia 30 herrialdetan, eta 5.600 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen 2025ean.

    Espainian, 2000. urteaz geroztik dihardu Sopra Steriak eta 4.500 profesional dauzka 13 ordezkaritzatan. Soluzioen eta zerbitzuen eskaintza zabala dauka bankuen eta aseguruen, administrazio publikoen, garraioaren, txikizkako salmentaren, azpiegituren kudeaketa eta airelineen, telekomunikazioen eta energiaren sektoreetarako. Bere bezero dira Ibex 35eko enpresa gehienak, zeintzuk teknologia digitalaren erabilera eraldatzeko eta optimizatzeko hainbat programa jorratu baitituzten.

    The world is how we shape it