TECNALIAk I+G+Bko 4.700 proiektu baino gehiago garatu ditu 2.000 bat enpresarentzat 2025ean.
- Ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroak sendotu egin du euskal industriarekin duen lankidetza; I+G+Bko ia 5.000 soluzio teknologiko transferitu ditu enpresetara, ziurgabetasun eta konplexutasun geopolitikoa nagusi diren egoera konplexu betean
- Estrategia horrek bi alderditan izan nahi du eragina, alderdi ekonomikoan eta alderdi sozialean, eta, haren emaitza gisa, 156 milioi euroko fakturazioarekin itxi du ekitaldia TECNALIAk; hau da, % 5,4ko hazkundea izan du, azken urteetako joerari jarraituz
- Hala, TECNALIAren jarduerak Euskadin 914 milioi euroko BPGa sortzen lagundu du 2025ean. Euskadiko erakundeek TECNALIAn inbertitzen duten euro bakoitzeko, BPGko 34,10 euro sortzen dira.
- Ekitaldi honetarako, 20 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du zentroak (2024an baino % 20 gehiago), eta fabrikazio adimendunean, mugikortasunean eta digitalizazioan erabiltzen diren azpiegiturak eguneratzera eta zabaltzera bideratuko du, etorkizuneko erronketara egokitu daitezen
Donostia, 2026ko maiatzaren 13a. TECNALIA ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroak jarduera % 3,1 handitu du 2025ean (2024arekin alderatuta). 4.759 soluzio teknologiko garatu ditu 1.962 enpresarentzat. TECNALIAk badaki enpresek beren eguneroko jardunean eragiten duen ziurgabetasun geopolitikoko eta aldakortasuneko garai batean egin dutela apustu hori eta, beraz, zaila dela I+G+Bn inbertitzea.
Zenbateko horiek 2025eko jarduera-balantzearen parte dira eta Alex Belaustegui TECNALIAko presidenteak eta Jesús Valero zuzendari nagusiak aurkeztu dituzte gaur goizean. Valerok azaldu duenez, “2025a nazioarteko ingurune geopolitiko ezegonkorrak markatu du, eta horrek enpresei eragin die; hala ere, emaitzek markak hautsi dituzte, eta berrindustrializatzen, talentua bultzatzen, erronkei aurrea hartzen eta euskal industriaren eragina maximizatzen laguntzeko balio dute.
TECNALIAren estrategia I+G+Ba enpresetara transferitzean oinarritzen da, eta bi alderditan izan nahi du eragina, alderdi ekonomikoan eta alderdi sozialean. Ikuspegi horrekin, 156 milioi euroko fakturazioarekin itxi du ekitaldia TECNALIAk; hau da, % 5,4ko hazkundea izan du azken urtean. Ingurunean duen eraginari dagokionez, zentroaren jarduerak 914 milioi euroko BPGa sortu du Euskadin 2025ean. Euskadiko erakundeek TECNALIAn inbertitzen duten euro bakoitzeko, BPGko 34,10 euro sortzen dira.
Egun, 1.512 adituk osatzen dute TECNALIAko lantaldea, eta haietatik % 43 emakumeak dira. Gainera, emakumeek betetzen dituzte ardura-karguen % 45. Kalitatezko enplegua sortzen jarraitzen dugu, eta berdintasuna lortzen laguntzen. Actualidad Económicak egiten duen rankingaren arabera, Espainian lan egiteko 100 erakunde onenetako bat da TECNALIA. Nabarmentzekoa da, halaber, zentroko lanpostu bakoitzeko beste 9,16 lanpostu mantentzen direla Euskadin, hau da, 13.258 lanpostu mantendu dira batez beste 2025ean.
Jabetza intelektuala eta patenteak
Jabetza Intelektualaren Salmentaren atalean, Europako erakunde nagusien artean dago TECNALIA itzulkinei dagokienez 2025ean. 7,2 milioi euro baino gehiagoko diru-sarrera izan zuen atal horretan. 3 deeptech startup edo oinarri teknologikoko enpresa berri sortu ditu, eta 21etan hartzen du parte. 8,75 milioi euroko fakturazioa izan dute startup horiek. Bestalde, TECNALIAk 645 patente eta 388 software-erregistro ditu zorroan. Europako 24 patente egin ditu 2025ean, eta Europan eskatutako patenteen % 91 lortu ditu 2012tik.
Europako esparruan, Espainiako erakunde pribatu nagusi gisa duen lidergoa finkatu du TECNALIAk, Europako Batzordearen Horizon Europe programako proiektuen kontratazioan, parte-hartzean eta lidergoan, eta 21. postuan dago Europako 3.179 ikerketa-erakunderen artean. TECNALIA marka, bestalde, sendotzen ari da. European Research Survey ERSk ospeari eta posizionamenduari buruz egindako azken azterketan (2025ean egina da), TECNALIA lehen postuan ageri da berriz I+G+Ban markak duen ospeari dagokionez.
2025eko mugarriak
TECNALIAk Eusko Jaurlaritzarekin bat egiten du estrategikoki, eta haren hainbat plan sustatzen ditu ekimenekin: industria, elikadura eta gastronomia, trantsizio energetikoa, digitalizazioa, osasuna eta abar. Gainera, parte-hartze handia du exekutiboaren trakzio-proiektuetan, eta horrek nabarmentzen du berrikuntzarekin eta herrialdean inpaktua izatearekin duen konpromisoa.
Jesús Valerok azaldu duenez, “2025ean, erronka industrial handiak erdigunean jarri ditugu, eta lantzen ditugun arlo guztiak azpimarratu ditugu: mugikortasuna, osasuna, fabrikazio aurreratua, trantsizio energetikoa eta eraldaketa digitala. Funtsezkoak izango dira guztiak ere datozen urteetan. Hori guztia 2025-2027 Plan Estrategikoan txertatu dugu, non erronka nagusia baita aldaketei aurrea hartzen jarraitzea eta proiektu eta erronka teknologikoak bultzatzea, eraldaketa-agente gisa jardun ahal izateko”.
Zentro teknologikoak 14 gune estrategikotan jarri du arreta, Eusko Jaurlaritzak industriarentzat dituen erronka nagusietan oinarrituta: trantsizio energetikoa eta eraldaketa digitala, mugikortasun jasangarriagoa, hiri-ekosistema atseginagoak eta biztanleria hobeto zahartzea .
Hauek dira TECNALIAren 2025eko mugarri nagusiak:
- Mugikortasun jasangarri eta adimendunaren arloan, nabarmentzekoa da instalazio bat eraikitzen hasi direla Donostian, Mubil poloan. Hiru laborategi izango ditu, aireko mugikortasuna eta propultsio-teknologia garbiak (hidrogeno berriztagarria, adibidez) aztertzeari dedikatuak. Horrez gain, laborategi aitzindari bat jarri dute abian, hidrogenoa sortzeko, metatzeko, garraiatzeko, banatzeko eta erabiltzeko teknologiak eta haren segurtasuna bermatzekoak garatzeko esklusiboki.
- Halaber, nazioarteko merkatuetan suteen eskala handiko saiakuntzak egiteko ahalmena handitu da, Kanadako araudiaren akreditazioa lortu baita. Gaitasun hori duen Europako laborategi bakarra da.
- Uda ostean Quantum Lab jarri zen martxan, diamante sintetikoetan oinarritutako teknologia erabiliz sentsore kuantikoak diseinatu eta fabrikatzen dituen lehen laborategia.
- Beste mugarri bat Proactive Factory Lab inauguratzea izan da. Fabrikazio aurreratuko laborategi bat da, arazoei aurrea hartzeko diseinatua, eta ekoizpen-eredu berriak integratzen ditu, produktibitatea, malgutasuna eta energia-efizientzia hobetzeko. Eta, aurten, The Proactive Factory finkatuko da, etorkizuneko fabrika adimenduna. Fabrika-eredu berri horrek ekoizpen-ekosistema berri bat irudikatzen du, aurrea hartzen eta jarduten ikasteko gai dena. Kontzientzia, malgutasuna eta lankidetza uztartuz, enpresen produktibitatea % 18 eta % 25 bitartean hobetzen du, betiere modu jasangarrian, eta eragiketetan % 15 inguru aurreztea ekar dezake.
2026rako Plan Estrategikoa eta erronkak
2026rako, TECNALIAk aurreikusten du 24 milioi euroko inbertsio-plana bideratuko dela (aurreko ekitaldian baino % 20 gehiago) ekipamendu estrategiko eta azpiegitura berrietara, lehendik dauden azpiegiturak eguneratzera (bikaintasun-foku estrategikoek behar dituzten erronketara egokitzeko) eta fabrikazio adimendunean, mugikortasunean eta haien guztien digitalizazioan erabiltzen diren instalazioak zabaltzera.
Halaber, 2025-2027 Plan Estrategikoarekin jarraitzen du, eta haren helburua da TECNALIAk enpresen eraldaketa-eragile gisa duen zeregina indartzea eta haiei etorkizuneko erronketara egokitzen laguntzea, berrindustrializazioa bultzatuz, talentu bikaina sustatuz, industria-sarearen arazoei aurrea hartuz eta eragin ekonomiko eta soziala maximizatuz, ikerketa teknologikoa oparotasun bihurtzeko.
Lehendakariak laburbildu duenez, “aurtengo helburuak argi ditugu: aurrea hartu eta enpresen teknologia-transferentzia bizkortu, talentu bikaina erakarri eta garatu, eta abangoardiako esparruetan aurrea hartzeko gure ahalmena indartu, abangoardiako alor horiek izanik, besteak beste, energia, mugikortasuna, zirkulartasuna, digitalizazioa, osasuna eta fabrikazio aurreratua”.
Hori posible egiteko, bi zutaberen gainean eraiki du TECNALIAk bere estrategia: alde batetik, bikaintasunaren gune estrategikoak bultzatzea, hala nola automatizazio malgua, zibersegurtasuna, sare elektrikoen digitalizazioa, hidrogenoaren sorkuntza eta banaketa, eraikuntzaren smartizazioa edo sendagaiak fabrikatzeko teknologiak; eta, bestetik, teknologia kritikoak garatzea, hala nola adimen artifiziala, kuantika, robotika adimenduna eta material aurreratuak.
Alex Belausteguik, TECNALIAko lehendakariak, azaldu duenez, “gure lehentasuna da BPGn, industria-sarean, haren fakturazioan eta sortutako enpleguan dugun eragina areagotzea. Eta, aldi berean, enpresekiko jardueran hazi nahi dugu, erakundeen eta gizartearen zerbitzura dagoen tresna bat garelako, eta inpaktu ekonomikoa eta soziala ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez indartu behar dugulako, enpresen eta gizartearen eraldaketa-eragile izateko etorkizuneko erronketara egokitu daitezen".
TECNALIAri buruz
TECNALIA Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da, Europako erreferentzia eta Basque Research and Technology Alliance-ko kide. Enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta hazkunde jasangarria lortzeko. Horretarako, 1.500 lagunetik gorako lantalde bat dauka, ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez mundu hobea eraikitzeko konpromisoa hartu duena. Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.
TECNALIAren misioa da ikerketa teknologikoa oparotasun bihurtzea, eta ikuspegia, berriz, enpresen eta gizartearen eraldaketaren eragile lider gisa etorkizunari aurrea hartzea, gero eta azkarrago eboluzionatzen ari den munduaren erronketara egokitu daitezen. Horregatik, TECNALIAren ikerketak benetako eragina du gizartean, eta onurak sortzen ditu bizi-kalitatean eta aurrerabidean.
European Research Survey ERSk ospeari eta posizionamenduari buruz egindako azken azterketan (2025ean egina da), TECNALIA lehen postuan ageri da I+G+Ban markak duen ospeari dagokionez.
