TECNALIAk, industriaren eskaerei aurrea hartzeko, Fabrikazio Aurreratuko Laborategi berria inauguratu du
- “Proactive Factory Lab” izeneko laborategi berri horri esker, TECNALIAk % 62 handitu du bere gaitasuna aurreko laborategiarekiko
- Gune berri horri funts propioko 5,5 milioi euroko inbertsioa eskaini zaio; 476 m²-ko azalera berriari esker, egungo instalazioak handiagoak dira, eta TECNALIA fabrikazio aurreratuko erreferente gisa sendotu da
- Haren helburua da enpresei zuzendutako ezagutza-transferentzia bizkortzea eta, horrela, heldutasun handiagoa ematea fabrikazio aurreratu berri horri lotutako teknologiei, halako moldez non industriarako soluzioetan txertatzeko modukoak izango baitira
Donostia, 2025eko urtarrilaren 15a. TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak Fabrikazio Aurreratuko Laborategi berria inauguratu du gaur. Gune berri horren helburua da erantzuna ematea industriak gaur aurre egin beharreko berrikuntza aplikatuko eta eskalagarriko eskakizun gero eta handiagoei.
Instalazioak handituta, TECNALIAren gaitasuna % 62 handituko da aurreko gunearekin alderatuta: 765 m² izatetik 1.241 m² izatera igaroko da. Horri esker, enpresek fabrikazio aurreratuan behar duten eskariaren hazkundeari erantzuteko aukera izango du erakundeak. Kalkulatzen da eskaera hori urtean % 8 eta % 10 artean handituko dela. Horrek teknologia adimendun berriak erabiltzea bultzatuko du eta TECNALIAk enpresen bazkide estrategiko gisa duen posizioa indartuko, industria-sarearen produktibitatea, jasangarritasuna eta lehiakortasuna hobetzen duten funtsezko teknologien garapenean. Era berean, % 30eko igoera aurreikusten da urtero egin daitezkeen industria-probetan. Horri esker, nabarmen hobetuko da transferitzeko eta merkatuan eskalatzeko egindako garapen teknologikoen heldutasuna.
Laborategi berri horri funts propioko 5,5 milioi euroko inbertsioa eskaini zaio eta 476 m²-ko azalera berria du orain. TECNALIAren Mikeletegi pasealekuko 7. zenbakiko eraikinean dago, Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan, eta enpresen beharrei modu proaktiboan aurrea hartzeko asmoz sortu da, helburu honekin: fabrikazio adimenduneko teknologia berriei denboran iraunkorrak diren lehia-abantaila bihurtzen laguntzeko. Zehazki, espero da teknologia berriak garatzeko edo baliozkotzeko denbora murriztea eta haien heldutasuna areagotzea, funtsezko sektoreetan industrializatzeko, hala nola makina-erremintan, automobilgintzan, aeronautikan, energian...
“Proactive Factory Lab” izeneko espazio berri horren ezaugarria da lehiatu aurreko soluzio teknologikoak probatzen eta heltzen dituela ingurune erabat funtzional eta eskalagarrietan. Helburua da probak egitea norberaren eta beste enpresa batzuen makinetan eta ekoizpen-baliabideetan, ahal bezain baldintza errealetan, eta fabrika bat ingurune erreal batean erreproduzitzea, dagoeneko lehiakorra den eta hedatzeko prest dagoen soluzioa baliozkotu ahal izateko, eta, horrela, hura ezartzearen arriskua murriztea eta arintzea. Hain zuzen, espero da 4 urtean % 30eko hazkundea egotea, artatutako enpresetan, fabrikazio aurreratuko proiektuekin lotutako garapenetan.
- “Proactive Factory Lab” horren funtsezko ezaugarria da errendimendua optimizatzen duela, adimen artifiziala erabiltzeari eta hura ezin hobeki txertatzeari esker, betiere enpresen produktibitatea maximizatzeko.
- Gune berria diseinatzean, ezagutza merkatura transferitzea sustatu nahi da, eta gaur arteko baliabideekin posible ez ziren soluzio teknologikoen heldutasun-maila altuagoak lortzea. Horrela, uztartzen dira, batetik, prozesu eta baliabideen bikaintasuna, eta, bestetik, digitalizazioak eta adimenak ematen dituzten aukerak. Horri guztiari esker, aukera sortzen da lehen baino askoz gehiago murrizteko ikerketaren eta hura industrian inplementatzearen artean dagoen “death valley” delakoa, zubia sortzen baita berrikuntzaren eta merkatuaren artean.
- TECNALIAren helburua da fase kritikoan —zeinean ideia eta teknologia asko gelditu egiten baitira— denborak laburtzea eta arriskuak murriztea eta, fabrikazio aurreratuko laborategi berriari esker, fase teorikotik ekoizpen-ingurunearen errealitate frogagarrira igarotzeko aukera ematea, bai eta erraztea ere enpresek era arinagoan, ekonomikoagoan eta seguruagoan baliozkotzea eta eskalatzea teknologia lehiakor berriak.
Jarduera-eremuak
“Proactive Factory Lab” hiru eremu handitan egituratzen da enpresen eskura: Robotika Aurreratu eta Adimenduna, Makina Adimendunen Diseinua eta Optimizazioa, eta Ekoizpen Prozesu Adimendunak. Hiru horien bidez, ahalbidetzen da ikuspegi integral batetik heltzea industriaren erronka teknologiko nagusiei. Ingurune bizia eta moldakorra da, enpresen proiektuen beharren arabera haien eskakizunetara egokitzen dena.
- Robotika Aurreratu eta Adimendunak robotika industrialean eta kolaboratiboan oinarritutako soluzioak garatzea errazten du. Horrek ikuspegi malgu eta moldagarria ahalbidetzen du, ingurunearekin eta langileekin interakzio aurreratuan. Gainera, enpresei robotika adimendunera —zeinak ekoizpen-beharretara eta ingurune aldakorretara egokitzeko gaitasun handia baitu— jauzi egiteko aukera ematen die, prozesu konplexuei erantzuten dieten eta ikasteko gaitasuna duten robotak erabiltzeari esker.
- Bestalde, Makina Adimendunen Diseinuaren eta Optimizazioaren arloa diseinuko, garapeneko eta esperimentazioko soluzio aurreratuak ematen dituen gune bat da. Etorkizuneko makina-belaunaldi produktiboagoak eta zehatzagoak garatzera bideratua dago, zeinak, aldi berean, funtzionalitate berriak integratzen baitituzte —eta, horri esker, malguagoak eta ekoizpen-premia ezberdinetarako egokigarriagoak dira—. Diseinu- eta kalkulu-gaitasun indartsuaz gain, AAn oinarritutako digitalizazio-maila handiz hornitua dago, lehen aldiz, horrela fabrikazio-mota bakoitzaren eskakizunetara egokitzeko gai izan dadin makina, bai eta langileekin interakzio lagunkoi eta intuitiboa ahalbidetzeko ere.
- Azkenik, Ekoizpen Prozesu Adimendunen arloan, prozesu helduak zein berriak garatzeko eta optimizatzeko egiten da lan, hala nola mekanizazioa, soldadura, fabrikazio gehigarria edo ur-zurrusta bidezko ebaketa. Hori guztia integratzeko, digitalizazio aurreratuko beste maila bat txertatzen da, zeinak aukera ematen baitu prozesua denbora errealean etengabe kontrolatzeko eta optimizatzeko, horrela azken emaitzaren kalitatea eta osotasuna bermatzeko. Prozesu adimendunerako jauzi horrek aukera ematen du eskakizun handiko osagaiak fabrikatzeko lanean autonomia areagotzeko eta langileari kalitatea eta produktibitatea hobetzen laguntzeko.
Jardunaldia enpresekin
“Proactive Factory Lab” espazio ireki eta kolaboratiboa da, non enpresak baitira benetako protagonistak. Goizean, TECNALIAk antolatutako lehenengo jardunaldi tematikoa egin da, eta 60 enpresak baino gehiagok bertatik bertara ezagutu dute laborategi berria. Gainera, zenbait soluzioren erakustaldietan hartu dute parte: soldadura egokigarria, makinaren digitalizazioa, robotika malgua, kableen robotika, erabiltzaile aurreratuentzako interfazeak, etab. Haietako batzuk industria-inguruneetan inplementatuta daude, hala nola Ibarmia, Jaso, MTorres, Irizar Forge, Inmapa, Zeatz, Murueta ontziolak, TrebezIA eta Airbus.
Ekitaldian, fabrika proaktiboaren kontzeptua ilustratzen duten zenbait erakustaldi egin ziren: iWeld bidezko soldadura egokigarriko soluzio bat; robotika kolaboratibo mugikorreko soluzio bat, piezaren eta egin beharreko eragiketaren araberako programazio automatikoa duena; ahots bidezko interfaze batek kontrolatutako kable-roboteko soluzio bat, manipulazio eta muntaketa automatizatuetarako; eta makina eta haren osagaiak digitalizatzeko soluzio bat, diagnostikoko, monitorizazioko, kalitate-kontroleko edo mantentzeko funtzionalitate aurreratuetarako.
TECNALIAri buruz
TECNALIA Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da, Europako erreferentzia eta Basque Research and Technology Alliance-ko kide. Enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta hazkunde jasangarria lortzeko. Horretarako, 1.500 lagunetik gorako lantalde bat dauka, ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez mundu hobea eraikitzeko konpromisoa hartu duena. Horregatik, TECNALIAren ikerketak benetako eragina du gizartean, eta onurak sortzen ditu bizi-kalitatean eta aurrerabidean. Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.
European Research Survey ERSk ospeari eta posizionamenduari buruz egindako azken azterketan (2022an egina da), TECNALIA lehen postuan ageri da I+G+Ban markak duen ospeari dagokionez.
