TECNALIAk mugikortasun aurreratuko azken lorpenak aurkeztu ditu MUBIL Mobility Expo 2026 azokan
- Zentro teknologikoak stand bat izango du Ficoban martxoaren 25ean eta 26an egingo den azokan, eta etorkizuneko mugikortasunerako aireko robotikan, propultsio elektrikoan, pertzepzioan eta zibersegurtasunean landu dituen soluzioak erakutsiko ditu
- Ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak, beste ildo teknologiko batzuen artean, Skybot aurkeztuko du: industriako ikuskapen- eta mantentze-lanetarako baliatuko den norabide orotako drone bat, gai dena azpiegiturekin fisikoki interakzioan jarduteko eta iristeko zailak diren ingurune konplexuetan saiakuntza ez-suntsitzaileak egiteko
- Eneko Otaola, propultsio elektrikoko sistemetan espezializatutako ikertzaile seniorra, “Mugikortasun elektrikoaren industrializazioa: balio-katearen eraldaketa” mahai-inguruan izango da, martxoaren 25ean, 10:00etan
Donostia, 2026ko maiatzaren 23a. TECNALIAk MUBIL Mobility Expo 2026 azokan parte hartuko du. Topaketa hori erreferentzia da mugikortasun jasangarriaren eta adimendunaren alorrean Europa hegoaldean; martxoaren 25ean eta 26an egingo da, Irungo Ficoba barrutian. Zentro teknologikoak stand bat izango du, eta han erakutsiko du industrializaziora eta mugikortasun aurreratura bideratutako benetako soluzioak bultzatzeko duen gaitasun teknologikoa.
TECNALIAren helburua da soluzio errealak, helduak eta eskalagarriak erakustea, gai direnak fabrikatzaile, hornitzaile, operadore eta enpresa teknologikoen lehiakortasuna bultzatzeko. Nabarmentzekoa da, gainera, bere teknologiak sektore ugaritarako balio duela, bere ikuspegiak ibilgailuak, azpiegitura adimenduna, konektibitatea, segurtasuna eta efizientzia energetikoa integratzen baititu.
- TECNALIAk teknologia-multzo bat eramango du MUBILera, hala nola potentzia- eta kontrol-elektronika txertatuta daukaten eragite elektrikoko sistemak, automatizazio aurreratuetarako eta kooperatiboetarako sistemak, ikuskapen- eta mantentze-lanetarako aireko robotika, zibersegurtasuna eta hardware-in-the-loop (HIL) baliozkotze-sistemak ere. Azken horiek, gainera, denbora errealean erakutsiko ditu.
- Horrekin batera, plataforma bat ere izango da ikusgai, doitasunez eta segurtasunez baliozkotzen eta egiaztatzen dituena aireontzietara bideratuta dauden propultsio elektrikoa kontrolatzeko sistemak. Demo horrek erakutsiko du teknologiaren bidez posible dela arriskuak murriztea, garapena bizkortzea eta propultsio-sistemen fidagarritasuna bermatzea prototipo fisiko bat fabrikatu aurretik.
“Gure helburua da industriari laguntzea soluzio eskalagarriak eta merkatura iristeko modukoak garatzen. Etorkizuneko mugikortasuna eraikitzeko, beharrezkoa baita teknologia aurreratuak eta haien balio-kate osoa osorik ulertzea”, azaldu du Joana Gracia TECNALIAko Mugikortasun Arloko arduradunak.
Izan ere, “etorkizuneko mugikortasunerako integratu egin behar dira azpiegitura adimendunak, konektibitatea, datuen kudeaketa aurreratua eta askotariko teknologiak, hala nola zibersegurtasuna, propultsio efizientea eta automatizazioa, guztia ere sistemak modu efizienteago, seguruago eta eskalagarriagoan jarduteko”, nabarmendu du adituak.
Lerro teknologikoak eta demoak
TECNALIAk bost ildo teknologiko aurkeztuko ditu MUBILen, eta bostek ere erakusten dute gai dela mugikortasunari zeharkakotasunez heltzeko:
- Skybot, industriako ikuskapen- eta mantentze-lanetarako baliatuko den norabide orotako drone bat, gai dena azpiegiturekin fisikoki interakzioan jarduteko eta iristeko zailak diren ingurune konplexuetan saiakuntza ez-suntsitzaileak egiteko.
- Efizientzia handiko eragite-sistema elektriko bat bizikletetarako, EGILErekin batera garatua, potentzia-elektronika eta kontrol barneratua txertatzen dituena arkitektura trinko eta optimizatuetan. Soluzio horrek algoritmo aurreratuak ditu motorra kontrolatzeko eta pedalei eragiten laguntzeko; hala, pare-dentsitate handiagoa lortzen da, bai eta pedalei eragiteko esperientzia naturalagoa, zehatzagoa eta moldagarriagoa ere.
- CyberBox, ibilgailu eta flota konektatuetarako zibersegurtasun-plataforma integrala; haren bidez, telemetria segurua ikus daiteke zuzenean, urruneko eguneratze fidagarriak egin daitezke eta hodeitik orkestratzen dira aplikazioak.
- Propultsio elektrikoa kontrolatzeko sistema (hardwarea eta softwarea), ITP Aerorentzat garatua, denbora errealean baliozkotzeko erabilitako hardware‑in‑the‑loop sistemarekin batera; horiek guztiek agerian uzten dituzte tresna hori erabiltzearen abantailak: arriskuak murriztea, sistema propultsiboen garapena bizkortzea eta haien fidagarritasuna bermatzea, bai eta eskakizunetara egokitzea ere.
- Azpiegituratik hautemateko sistemak erakusten du ibilgailuaren sentsorika azpiegiturara bertara esternalizatzeak murriztu egiten dituela kostuak, sinplifikatu egiten duela arkitektura eta eragiketa doiagoak lortzen direla ingurune bereizietan. Era berean, aukera ematen du pertzepzio areagotuan eta kolaboratiboan oinarritutako soluzioak garatzeko.
Mahai-inguruak
TECNALIAk, gainera, azokako edukien programan ere parte hartuko du. Eneko Otaola, propultsio elektrikoko sistemetan espezializatutako ikertzaile seniorra, “Mugikortasun elektrikoaren industrializazioa: balio-katearen eraldaketa” mahai-inguruan izango da, martxoaren 25ean, 10:00etan.
Hitzaldi horretan, hizpide izango ditu elektrifikazioaren egungo erronkak, prozesu industrialetan duten inpaktua, eta mugikortasun soluzio efizienteago, seguruago eta jasangarriagoak merkaturatzeko behar diren teknologiak.
