Hainbat soluzio aurkezten ditugu elikadura-industria berritzaile, eraginkor eta osasunera zein jasangarritasunera bideratu baterako.
TECNALIA aurten ere egongo da elikadura-industriako berrikuntzaren arloko nazioarteko erreferentziako hitzordua den Food 4 Future – ExpoFoodTech topaketan; maiatzaren 27tik 28ra egingo da, Barakaldoko BECen. Aurtengo edizioan, Global Partner gisa dugun rola indartuko dugu, berrikuntzarekin, digitalizazioarekin eta sektorearen jasangarritasunarekin dugun konpromiso irmoa sendotuz. D409 standean bisitatu gaitzakezu.
Elikaduraren industriak gero eta eredu jasangarriago, digitalago eta pertsonen ongizatera bideratuagoetarantz eboluzionatzen du.
- Food 4 Future-k nazioarteko hainbat aditu biltzen ditu, berrikuntzaz, jasangarritasunaz eta digitalizazioaz eztabaidatzeko, sektorearen etorkizunaren motor gisa ulerturik hirurak.
- Topaketan, elikagai osasuntsu eta jasangarriak sortzeko ditugun gaitasun teknologikoak aurkeztuko ditugu, zeinak lerrokatuak baitaude biztanleriaren hazkundeari eta baliabideen erabilera arduratsuari erantzuteko soluzioak garatzeko beharrizan gero eta handiagoarekin.
Elikadura osasuntsu eta jasangarriaren etorkizuna aurreratzen dugu
Aurtengo edizioan, osagaiak eta ekoizpen-prozesuak eraldatzen dituzten zenbait garapen erakutsiko ditugu, nutrizio-kalitatea hobetzera eta ingurumen-inpaktua murriztera zuzenduak. Sektoreko zenbait enpresarekin egiten dugun lanak elikagai osasuntsuagoak eta lehiakorragoak sorrarazten dituzten teknologiak bultzatzen ditu. Gainera, eraginkortasuna handitzen, lehengaien erabilpena optimizatzen eta nekazaritzako elikaduraren ekosistemaren barneko ekonomia zirkularra sustatzen duten prozesu jasangarrietan oinarritutako zenbait soluzio nabarmentzen ditugu.
Honako esparru hauetan erdietsi ditugun soluziorik aurreratuenak aurkeztuko ditugu azokaldian:
- Elikadura osasuntsua eta nutrizio pertsonalizatua: kontsumitzaileen eta fabrikatzaileen eskaerei erantzuten dieten osagai eta garapen bioteknologiko berriak txertatzea.
- Nekazaritzako elikadurako sentsorizazioa eta prozesuen digitalizazioa: produktibitatea, trazabilitatea eta elikadura-katearen erresilientzia hobetzeko gako gisa.
- Ekonomia zirkularra, hondakinen birbalorizazioa eta murrizketa lehentasuneko esparruak dira; eredu birsortzaileak eta ingurumen-inpaktu txikikoak lortzeko bidean aurrera egiteko soluzio teknologikoak eskaintzen ditugu.
Gainera, gure adituek parte-hartze aktiboa izango dute Food 4 Future World Summit izenekoan, honako saio eta gai hauek direla eta, besteak beste:
- Belaunaldi berriko osagaiak eta bioteknologia aplikatua.
- Teknologia kuantikoa packaging-ari aplikatua.
- Zirkulartasuna.
Elikadura-sistema osasuntsuago, eraginkorrago eta jasangarriago baterako berrikuntza teknologikoa.
Gure taldea presente egongo da eta balio-katea eraldatzen duten teknologiak aurkeztuko ditu, osagai berrietatik hasi eta segurtasuna, eraginkortasuna eta pertsonen osasuna hobetzen dituzten prozesuetaraino. Ingurune osasuntsuak eta bizi-kalitatea hobetzeko soluzioak garatzera bideratzen da osasungintzan eta elikaduran dugun jarduna. Zientzia, teknologia eta industria-erabilera bateratze horrek bazkide giltzarri gisa posizionatzen gaitu elikadura-eredu jasangarri baterako trantsizioan.
Gainera, zenbait enpresarekin lan egiten dugu elikaduraren etorkizuneko erronka esanguratsuenak aurreratzeko eta sektorearen lehiakortasuna eta egokitze-gaitasuna sendotzen dituzten teknologia berritzaileak eskaintzen ditugu.
Aliantzak eta proiektu berriak sustatzeko plataforma paregabea
Food 4 Future 2026 topagunek sektoreko milaka profesional bilduko ditu, 25 herrialde baino gehiagoko startup, erabakitzaile eta lider teknologikoekin batera; horren ondorioz, topagune estrategikoa bilakatuko da elkarlanerako, inbertsiorako eta berrikuntzarako aukera berriak esploratzeko.
Global Partnerrak garen aldetik, elikadura-sektore adimentsuago, jasangarriago, osasuntsuago eta lehiakorrago baten aldeko konpromisoa berresten dugu. BECen (D409 standean) bisitatu gaitzaten gonbidatzen ditugu profesional guztiak, foodtech-aren etorkizuna elkarren artean nola eraldatu dezakegun ikusteko.
