Automatizazioan malgutasun hori lortzeko, era askotako sistema automatizatuetan oinarritzen gara: robotak, makinak, ibilgailuak eta beste. Beren ingurunea hautemateko sentsoreez hornitzen ditugu, bai eta kalkulatzeko, arrazoitzeko eta kontrolatzeko gaitasunaz ere, ulermena izan dezaten eta egin beharreko ekintzen gaineko erabakiak hartzeko gai izan daitezen. Horrek guztiak munduaren gain jarduteko egikaritze-gaitasuna ematen du.
Une honetan, jauzi teknologikorik handiena da sistema automatizatu malgu horien gaitasuna ingurunearen eta prozesuen baldintza aldakorretara egokitzeko. Adimen artifiziala dago gaitasun berri horien muinean, bai mundua hautemateko eta modelizatzeko, bai imitazio edo saiakuntza bidez ekintza berriak ikasteko ere. Halaber, adimen artifiziala ezinbestekoa da une bakoitzeko testuingurua kontuan hartuta egin beharreko ekintzarik onena zein den erabakitzeko.
Helburua da robotek, ibilgailuek edo sistema mekatronikoek beren kabuz jardutea; hau da, aldaketetara egokitzeko gai izatea, etapa eta xehetasun bakoitza programatuko dien langile baten beharrik gabe.