Gure laborategian, diamanteko nitrogeno-hutsune zentroetan oinarritutako sentsorika kuantikoaren arloan lan egiten dugu: sentsore kuantikoak diseinatu eta garatzen ditugu. Sentsore horiek erabil daitezke, bestek beste, bereizmen handia eta sentsibilitate handia behar duten edo bolumen eta kontzentrazio ñimiñoak dituzten laginak analizatzeko.
Gure esperientziari esker, zehaztasun handiz detektatzen ditugu seinale magnetikoak, eta, gainera, beste magnitude batzuetara hedatzen ditugu gure gaitasunak, hala nola eremu elektrikora, tenperaturara eta presiora. Horrekin guztiarekin, teknologia konbentzionalekin erdietsi ezin diren fidagarritasun- eta xehetasun-mailak lortzen ditugu.
Quantum Research & Innovation Lab laborategian sentsore kuantikoaren hurrengo belaunaldia sustatzen dugu
Quantum Research & Innovation Lab laborategiak teknologikoki independentea izateko behar diren gaitasun guztiak ditu; izan ere, bertan gauzatzen dugu prozesu osoa: diamantea hazten dugu, eta nitrogeno-hutsunearen akats kuantikoa eragiten diogu, eta sentsoreen prototipoak fabrikatzen ditugu. Horrek aukera ematen digu prozesu osoa kontrolatzeko, eta etapa bakoitzeko emaitzak fintzeko.
Gure sentsoreek, akats atomiko horretan oinarrituta eta mekanika kuantikoaren printzipioez baliatuz, nanometro gutxi batzuetako doitasunarekin eta pT/√Hz-eko sentsibilitatearekin neurtzen dituzte interesatzen zaizkigun magnitudeak, baita bolumenak ñimiñoak (pL-en ordenakoak) eta kontzentrazioak ultrabaxuak izanik ere. Doitasun horiek ezin dira lortu teknologia konbentzionalen bidez.
Gainera, teknologia horrek giro-tenperaturan funtzionatzen du; beraz, ez da beharrezkoa kriogenia, hutsa edota pantailatze magnetikoa erabiltzea. Oinarrizko printzipioetan funtsatzen denez, neurketak absolutuak dira eta ez daude kalibrazioen mende. Bektore-magnetometrian ere erabil daiteke.
Enpresentzako eta gizartearentzako inpaktu erreala duen teknologia
Detekzio kuantikoak potentzial eraldatzailea du sektore guztietan. Quantum Research & Innovation Laben helburua da detekzio kuantikoa merkaturatzeko prestakuntzak azkartzea, eta erronka zehatzak eta mundu akademikoaren, industriaren eta sektore publikoaren arteko elkartze dinamikoak ardatz hartuta ikertzea. Erabilera berritzaileak aurkitu nahi ditugu, eta teknologia horiek gizarteari balio erreala ematen diotela bermatu nahi dugu.
Laborategiko ekipamendua
Nitrogeno-hutsune zentroetan oinarritutako magnetometro bat dugu, bereizmen eta sentsibilitate handiko mikroskopia konfokalarekin hibridatua, , bai eta eremu zabaleko magnetometro bat ere, magnitude desberdinetako irudiak azkar eskuratu ahal izateko.
Zergatik TECNALIAren Quantum Research & Innovation Lab laborategia?
Konplexutasun kuantikoa eraldatzen dugulako, eta doitasunak erabateko garrantzia duen sektoreetan aldea markatuko duten soluzioak garatzen ditugulako. Hala, prozesuak eraldatu ahal izango dira, eta bai enpresetan, bai gizartean eragina izango duten aukerak errealitate bihurtu.






