AAn oinarritutako robotika Europako Parlamentura iritsi da

    2026ko urriaren 7a

    "Robotikak etorkizuneko industriarako zer potentzial duen erakutsi dute AAn oinarritutako hamabost robotek Europako Parlamentuaren aurrean"

    Robotika aurreratuko erakustaldi batean parte hartu genuen, Bruselan, adimen artifizialez hornitutako 15 robotekin batera

    Europako Parlamentuak Europan garatutako teknologia robotiko aurreratuenen erakustaldi bat hartu du. Bertan, adimen artifizialez hornitutako 15 robotek erakutsi dute nola ari den teknologia hori industria eraldatzen, produktibitatea hobetzen eta kontinenteko erronka sozial eta ekonomiko handietako batzuei aurre egiten laguntzen.

    Ekimena Horizon Europe-k finantzatutako euROBINen —Robotikako Bikaintasun Zentroen Europako Sarea— dago kokatuta. TECNALIAk ere bertan parte hartu du, eta robotika kolaboratiboan, sistema autonomoetan, fabrikazio aurreratuan eta adimen artifizialean oinarritutako robot aurreratuentzako industria-gaitasun berriak garatzen lagundu du.

    Industria lehiakor eta jasangarriago baterako robotak

    Jardunaldian aurkeztutako robotek gero eta konplexuagoak diren industria-inguruneetan jarduteko diseinatutako gaitasunak dauzkate. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: pertsonei lan zailak egiten laguntzera bideratutako gaitasunak, lanpostuko segurtasuna eta ergonomia hobetzera bideratutakoak eta zahartze demografikoaren ondorioz industria-sektore ugariri eragiten dion eskulan-eskasiari aurre egiten laguntzera bideratutakoak.

    TECNALIAk, Europako ekosistema honetan parte hartuta, Euskadin garatutako teknologiaren posizionamendua indartzen du zenbait arlo estrategikotan; besteak beste, automatizazio aurreratuan, adimen artifizial aplikatuan eta robotika kolaboratiboan. Teknologia horiek guztiak gakoak dira etorkizuneko industriarako.

    Robotikaren eta AAren arloetan Europaren lidergoa sustatzea

    Jardunaldiak Europako Parlamentuko, Europako Batzordeko eta enpresa industrialetako ordezkariak bildu ditu, robotikak eta adimen artifizialak Europako lehiakortasunean duten paperaren inguruan eztabaidatzeko.

    • Topaketak balio izan du teknologia horiek industrian sartzeko prozesua nola bizkortu daitekeen eta Europaren lidergoa gero eta lehiakorragoa den merkatu globalean nola indartu daitekeen aztertzeko.
    • Aldi berean, ongizate sozialari eta lan-baldintzak hobetzeari laguntzen dieten soluzioen garapena sustatu du.

    euROBIN, Europako robotikako berrikuntza-sare handia

    euROBIN Europako lankidetza-ekimen anbiziotsuenetako bat da robotikaren eta adimen artifizialaren arloetan. Proiektua 14 herrialdetako 32 bazkidez osatuta dago, eta AAn oinarritutako robotak garatzeko, baliozkotzeko eta hedatzeko azpiegitura komun bat sortzea du helburu.

    Sareak ikerketa-zentroen, unibertsitateen eta enpresen artean ezagutza, datuak, softwarea eta esperimentazio-plataformak trukatzeko aukera ematen du, eta, hala, transferentzia teknologikoa bizkortzea eta berrikuntzak merkatura bizkorrago iristea sustatzen du.

    euROBIN bezalako ekimenei esker, hurrengo hamarkadetako erronka industrial eta sozialei erantzuteko bidea emango duten robot adimendunago, autonomoago eta prestatuagoen belaunaldi berriak sustatzeko gai izango den berrikuntza-ekosistema baterako aurrerapausoak ematen ari da Europa.