Berria

Analisi genetikoa: funtsezkoa minbiziaren aurkako borrokan

2023ko otsailaren 13a
Análisis genético_Tecnalia

“Pazienteei eta profesionalei 4P medikuntza (pertsonalizatua, prediktiboa, prebentiboa eta partizipatiboa) gerturatzen diegu"

Analisi genetikoa tresna bat da diagnostiko goiztiarra egiteko eta tratamendua modu eraginkorragoan bideratuko duten markatzaileak identifikatzeko.   

Datorren otsailaren lauan minbiziaren aurkako munduko eguna ospatuko da. Gaixotasun hori bi gizonetik batek eta hiru emakumetik batek pairatuko dute beren bizitzan zehar. Osasunaren Mundu Erakundeak, Minbiziari buruzko Ikerketen Nazioarteko Zentroak (IARC) eta Minbiziaren aurkako Nazioarteko Batasunak (UICC) sustatutako eguna da. Helburua da kontzientziazioa areagotzea eta gizartea mobilizatzea, gaixotasun horren prebentzioan eta kontrolean aurrera egiteko.

TECNALIAk bat egiten du arlo horretan egiten den ahalegin kolektiboarekin, eta analisi genetikoko teknologia, ezagutza eta tresnak eskaintzen ditu, haien bidez doitasunezko medikuntzako joera berriak ezar baitaitezke. Era berean, paziente bakoitzari egokitutako asistentzia-, terapia, eta jarraipen-estrategiak hartzea ahalbidetzen dute.

Espainiako Onkologia Medikoko Elkarteak (SEOM) urtero egindako zenbatespenei jarraikiz, 2023an 279.260 minbizi kasu berri diagnostikatuko direla aurreikusten da. Koloneko eta ondesteko minbizia, bularrekoa, biriketakoa, prostatakoa eta maskurikoa dira gehien diagnostikatzen diren motak.

Nahiz eta, kasu gehienetan, gaixotasuna ingurumen-faktore anitzen interakzioaren ondorioz sortzen den, minbizia gaixotasun genetikoa da: zelulen genoman hainbat alterazio metatzen dira, eta ondorioz, tumorea sortuko da.

Doitasunezko medikuntza

Hemen sortzen da, eta, batez ere, hemen aplikatzen da ondoen doitasunezko medikuntza kontzeptua. Doitasunezko medikuntza (ikuspegi genetikotik) tumore indibidual bakoitzaren ezaugarri genetikoak aztertzeko eta identifikatzeko gaitasuna da. Haren helburua da paziente bakoitzari, tumorearen ezaugarrien arabera, berariazko terapia-, detekzio- eta jarraipen-estrategiak aplikatzea.

Azken urteotan garatu diren analisi genetikoko teknologiei esker, test genetikoak sortu eta jardunbide klinikoan txertatu dira. Test horiek diagnostiko goiztiarra egiteko, gaixotasunaren jarraipena egiteko eta gaixotasunari aurrea hartzeko aukera ematen dute. Horrela, gaixotasunaren etapa goiztiarretan estrategia terapeutiko espezifikoak hartzea erraztu da, eta, horrenbestez, sendatzeko aukerak areagotu dira.

Analisi genetikoko teknologien garapena

TECNALIA biztanlerian ohikoenak diren herentziazko tumore-sindromeei lotutako gene espezifikoen panelak aztertzen espezializatu da. Horretarako, sekuentziazio masiboko (NGS) eta sekuentziazio kapilarreko (Sanger) teknologiak baliatzen ditu.

Gure helburu nagusia da pazienteei eta profesionalei 4P medikuntza (pertsonalizatua, prediktiboa, prebentiboa eta partizipatiboa) gerturatzea: horretarako, beharrezkoa da analisi eta diagnostiko genetikoa eskuragarri egitea bai medikuei bai pazienteei.