Berria

    Bat egin dugu Hizkuntzaren AAren eta Teknologiaren Estatuko lehenengo katedrarekin

    2025ko urriaren 1a

    Cátedra HiTZ, primera estatal sobre Inteligencia Artificial y Tecnología del Lenguaje

    "HiTZ Katedraren helburua da EAEk adimen artifizial sortzailean eta hizkuntzaren teknologietan duen lidergo teknologikoa sendotzea"

    Adimen Artifizial eta Hizkuntzaren Teknologiari buruzko Estatuko lehenengo katedrako kide gara. Ikertzaileen, industriaren eta ikasleen arteko lankidetzarako gune aitzindaria da

    Adimen Artifizial eta Hizkuntzaren Teknologiari buruzko HiTZ Katedrak teknologia horien ikerketa, berrikuntza, ikaskuntza eta dibulgazio arduratsua bultzatzen ditu. Donostiako Miramar Jauregian inauguratu da, erakundeen, enpresen eta ikerketa-zentroen partaidetzarekin. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) lau ikerketa-taldek —HiTZ, ALDAPA, ISG eta RSAIT—, Avature enpresak eta zenbait erakunde laguntzailek —Orai NLP, Ikerlan, Euskaltel/MasOrange, Multiverse eta TECNALIA— osatzen dute katedra.

    Proiektu estrategikoa ENIAren esparruan

    HiTZ Katedra, AAn eta hizkuntzaren teknologian espezializatutako Estatuko lehenengoa, ENIA Katedrak programaren barruan dago, zeina Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioak bultzatzen baitu, Adimen Artifizialaren Estrategia Nazionalaren (ENIA) barruan.

    Helburua da EAEren lidergo teknologikoa indartzea adimen artifizial sortzailean eta hizkuntzaren teknologietan, eta euskal unibertsitate publikoa diziplina horretako erreferente gisa kokatzea.

    Ahots instituzionalak eta etorkizuneko ikuspegia

    Inaugurazio ekitaldian lehen mailako ordezkariak izan ziren, hala nola Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorea, María González Veracruz Digitalizazioko eta AAko estatu-idazkaria, Juan Ignacio Pérez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua eta Aitor Soroa Katedraren zuzendaria. Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak eman zuen ongietorria.

    Gonzalez Veracruzek "ENIA Katedrek gure gizartearen etorkizunerako duten eragin eraldatzailea" nabarmendu zuen, eta EAEk adimen artifizialaren iraultzan erreferentziazko lurralde gisa duen zeregina azpimarratu zuen. Gainera, euskarazko corpus digital bat sortzeko Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmen sinatu berri baten berri eman zuen. Horretarako, bost milioi euroko inbertsioa egingo da, osasunean eta antzeko sektoreetan aplika daitezkeen hizkuntza-baliabideak sortzeko.

    Bengoetxea errektoreak Katedrak hizkuntzaren teknologiaren arloan EHUren lidergoa indartzeko duen ahalmena azpimarratu zuen. Latxa AAren eredu irekiaren garapena ekarri zuen gogora, bai eta euskaran eta beste hizkuntza gutxitu batzuetan berritzen jarraitzearen garrantzia ere.

    Ikerketarako eta prestakuntza aurreraturako gunea

    Gorka Azkunek (HiTZ) moderatutako "Adimen artifiziala eta hizkuntzaren teknologiak enpresan" mahai-inguruan, gure arlo digitaleko zuzendari Joseba Lakak gogoeta egin zuen AAk industriaren eraldaketan duen zereginari buruz: "Hizkuntza naturaleko teknologien integrazioak, HiTZ Katedrak bultzatutakoak kasu, aukera emango die euskal enpresei lehiakortasunean aurrera egiteko eta merkatuaren eskakizun berrietara azkar egokitzeko, bereziki tokiko garapen ekonomikorako sektore estrategikoetan".

    Gainera, industria-bikaintasunera bideratutako berrikuntza-ekosistema jasangarri bat sendotzeko, zentro teknologikoen, unibertsitateen eta enpresen artean sinergiak sortzearen garrantzia azpimarratu zuen.

    Industriarako erronkak eta aukerak

    AAren bilakaera azkarraren aurrean tokiko industriak dituen erronkak ere nabarmendu zituen Soroak, eta ohartarazi zuen gaitasun propiorik sortu ezean baztertuta geratzeko arriskua duela. "HiTZ Katedra funtsezko bultzada izan liteke euskal enpresen sarearentzat, kalitatezko prestakuntza eskainiz eta ezagutza berrikuntzara transferitzen lagunduz", adierazi zuen.

    Ildo horretan, TECNALIAren parte-hartze aktiboak indartu egiten du AAren erronkei aurrea hartzeko eta EAEn ekosistema lehiakor bat —tokiko industrian balio erantsia sortzeko gai izango dena— garatzen laguntzeko dugun konpromisoa.