Berria

Bloke-katea, elementu erabakigarria klima-aldaketa kudeatzeko

2022ko apirilaren 22a
Chainlink Labs y TECNALIA

«Chainlink Labs liderra da kode irekiko bloke-kateen soluzio seguru eta fidagarriak hornitzen»

Chainlink Labs-ek eta TECNALIAk adierazten dutenez, smart contracts edo kontratu adimendunak erabiltzeak txikiagotu egiten ditu konplexutasun ekonomikoak eta introperabilitate-auziak, erabakigarriak biak ere trantsizio energetikorako

Karbono-aztarnarik gabeko mundurako trantsizioak indarra hartu ahala, arretagune izaten jarraitzen du neurtzeko eta estandarizatzeko ikuspegi bateratu baten inguruko eztabaidak. Bloke-kateen komunitatean gehien baliaturiko orakulu deszentralizatuaren estandar globala garatzen ari den Chainlink Labs erakundeak eta TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak beste txosten bat argitaratu dute gida bat eskaintzen duena jakiteko nola bizkortu erregai fosiletatik energia-iturri garbietarako trantsizioa bloke-kateen teknologia baliatuz.

«Funtsezkoa da datuetan oinarrituriko euskarri-azpiegitura bat izatea, krisi klimatikoari aurre egiteko beharrezkoa den sektorearteko lankidetza bultzatzeko», adierazi zuen William Herkelrath Chainlink Labseko zuzendari nagusiak. «Chainlink erabiliz gero munduko kalitate handieneko datu klimatiko batzuk ekimen energetiko eta klimatikoetara bideratutako bloke-kateen sareetara konektatzeko, energia-sektoreari behar dituen tresnak emango dizkiogu, inpaktu handiagoa izan dezan».

On-chain/off-chain soluzio hibridoak

Kontratu adimendunak baliatzea izan da bloke-kateen industriaren arrakastaren katalizatzaileetako bat. Kontratu adimendunek orakuluetara jotzen dute kanpoko datu seguruetarako irispidea izateko, eta, horri esker, garatzaileek bloke-kateen aplikazio aurreratuak sor ditzakete. Katean kalitate handiko datu klimatiko eta energetikoak izanik, kontratu adimendunen garatzaileek eskura edukiko dituzte energia garbiko soluzioen hurrengo belaunaldia eraikitzeko behar diren tresnak.

1,9 bilioi dolar mugitzen ditu energia-industriak, eta badu erronkarik aurrez aurre, hala nola gero eta banatuago dagoen energia-sarearen orekari eustea eta etengabe handitzea energia berriztagarriaren aldizkako sorkuntza-kuota; horretaz gainera, energia berdeko proiektuetan eginiko inbertsioak errentagarriak direla frogatu behar du.

«Energia-azpiegitura eta -merkatuaren eraldaketa-aldi honetan, sektoreko enpresek eta gobernuek energia berriztagarrietan eginiko inbertsioak neur ditzakete bloke-kateen teknologiaren bidez, bai eta pizgarri-sistema automatizatuak diseinatu ere, garapen jasangarriko praktikak sustatzeko», adierazi zuen TECNALIAko Energia, Klima eta Hiri Trantsizioko arduradun Jose Luis Elejaldek.

Managing Climate Change in the Energy Industry With Blockchains and Oracles txostenak kontratu adimendun hibridoen zortzi erabilera-kasu deskribatzen ditu, eta guztiek ere energia garbirako trantsizioa babesten dute, adibideok erakusten duten moduan:

  • Kontsumitzaileentzako sariak edo karbono-kredituak ematea, aurrez definituriko energia-helburuak betetzen direnean.
  • Lehengai energetikoak eta proiektu energetikoen finantzaketa tokenizatzea, ondoren alboko gisa baliatu ahal izateko finantza-aplikazio deszentralizatuetan (DeFi).
  • Energia bihurtzeko aseguru parametrikoak erabiltzea, likidazio automatikoak dituzten energia berriztagarriko instalazioen errendimendua edo funtzionamendu-denboraren eskakizunak bermatzeko.

Hyphen da txostenean azterturiko bloke-kateen teknologia erabiltzen duen soluzio klimatikoen adibide bat. Korporazioen emisioen txostenen doitasuna hobetzea du helburu, eta, horretarako, ingurumen-agentzia nagusiek ematen dituzten datuak baliatzen ditu (ICOS, Integrated Carbon Observation Systemek emanikoak, kasu).

«Enpresek zehatz-mehatz egin behar dute emisioen jarraipena eta jakinarazpena, oinarrizko lerro bat ezartzeko eta klima-konpromisoak lortzeko», azaldu zuen Hyphen Global AG etxeko zuzendari nagusi Miles Austinek. «Chainlinkekin egin dugun lanari esker, datu klimatiko baliozkotuak ditugu orain bloke-kateen sareetan, eta, haiek baliatuz, finantza-produktu eta -zerbitzu sofistikatuagoak, bidezkoagoak eta efizienteagoak eraikitzen has gaitezke, klima-arriskuen arintzea hobetzeko. Orain, mundu errealeko neurketa baliozkotuak hornitu ahal dizkiegu karbono-aktibo dinamikoei. Horrek konfiantza sortzen die inbertitzaileei, kapital-merkatuei, bankuei, erregulatzaileei eta abarri».

Martxoan, Lemonade Crypto Climate Coalition jarri zen abian, nekazari txikiei uzta-aseguru parametrikoa emateko. Aseguru horren bidez, ordainketa automatikoak egingo dira AccuWeather eta halako iturrien euri- edo tenperatura-datuak atalase jakin batera iristean.

Klima gero eta aldakorrago bihurtu eta tenperaturek gorantz jarraitu ahala, funtsezkoa izango da kalitate sendoko datuak eta gardentasun handiagoa izatea energia garbiaren estandarrak lortzeko eta klima-aldaketaren ondorioak arintzen laguntzeko. Puntako teknologiak eskura izateari esker –bloke-kateak eta orakuluak, kasu–, egungo gaitasunez gaindi automatizatu eta kudeatu ahalko dira energia garbiko soluzioak.

Sektorea edo industria edozein dela ere, krisi klimatikoa eta energia berriztagarrietarako trantsizioa arazo partekatuak dira, gu guztion arreta eskatzen dutenak, eta bloke-kateak lagungarriak izan dakizkiguke aldaketa sustatzeko.

Chainlink Labsi buruz

Chainlink Labs liderra da kode irekiko bloke-kateen orakuluko soluzio seguru eta fidagarriak hornitzen. Soluzio horiek kontratu adimendunak hobetzen dituzte, katez kanpoko datu-iturrien eta kalkuluen sorta zabal batekin konektatzen baitituzte (hala nola aktiboen prezioak, webeko APIak, IoT gailuak, ordainketa-sistemak eta abar). Chainlink garatzen eta integratzen dihardugu, kontratu adimendunek edozein bloke-kate bidez erabiltzen duten orakulu deszentralizatuko esparru estandar gisa.